Merkataritza gerra

EBk %66rainoko tarifak jarri dizkie Txinaren altzairuzko gurpilei

Europako Batzordeak uste du Txinako ekoizleek kostu azpiko prezioetan saltzen dituztela.

Continental markako gurpil bat, Hannoverren. FOCKE STRANGMANN / EFE
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 10a
09:54
Entzun

Merkataritza gerrak frontea du Atlantikoan, frontea du Pazifikoan, baina baita Eurasian ere. Oraingoz, txikiagoa da gatazka hori, altzairura mugatzen baita. Hain zuzen ere, Txinako altzairuzko gurpilen inportazioa zergapetzea erabaki du Europako Batasunak, uste baitu kostu azpiko prezioetan ari direla Europan saltzen. %50,3ko muga zerga ordaindu beharko dute Zhejiang Jinguk, Xingmin Intelligent ek eta beste hamazazpi ekoizleren gurpilek, eta %66,4koa besteek.

Berez, Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrekin du lotura altzairuzko gurpilen auziak. AEBetako presidenteak, bere altzairugileak babesteko, %25eko tarifak ezarri zizkien altzairu inportazioei. Horrek eragin du Txinako ekoizleak beste merkatu batzuk bilatzea bere produktuetarako, haien artean Europako Batasuna. Kontua da, Bruselaren arabera, auto, kamioi eta traktoreentzat altzairuzko gurpilak egiten dituzten Txinako enpresek dumping egin dutela, hau da, kostu azpiko prezioan saldu dituztela beren produktuak.

Europako Gurpil Egileen Elkartearen salaketa baten ondotik hasi zuen ikerketa Europako Batzordeak, joan den otsailean. Elkarte horrek dio txinatarrek merkatuaren %5,3 bereganatua dutela jada, 2015ean zutena halako bi. Muga zergak gaur jarriko dituzte indarrean, eta gutxienez sei hilabetez izango dira indarrean.

Baina gurpilei buruzkoa ez da EBk eta Txinak altzairuzko produktuetan duten norgehiagoka komertzial bakarra. Batzordeak jakinarazi du ikerketa bat zabalduko duela jakiteko Pekinek laguntza ekonomiko zuzena eman ote dien altzairuzko bobinak egiten dituzten ekoizleei. Beste hainbat produktu txinatarrek dagoeneko ordaintzen dituzte tarifak.

Bilera, Washingtonen

Pekingo agintariak gehiago kezkatzen ditu AEBekin duten gatazkak EBrekin dutenak baino, ekonomiaren hazkundea moteldu diotelako. Datorren asteartean inportazioen erdiei muga zerga %25etik %30era igoko die Trumpek, gaur hasitako azken orduko negoziazioek gatazka konponbidean jartzen ez badute. Washingtonen dago Liu He Txinako lehen ministrordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.