Nobel sariak

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroari eman diote Bakearen Nobel saria

Etiopiaren eta Eritrearen arteko gatazkari amaiera eman zion hitzarmena bultzatzeagatik saritu dute.

jarraia172295.jpg
2019ko urriaren 11
12:15
Entzun

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak irabazi du Bakearen Nobel saria. Faboritoen artean zegoen haren izena, Greta Thunberg ekintzaile ekologistarenarekin batera. Etiopiaren eta Eritrearen arteko "bake eta adiskidetze" ituna bultzatzeagatik aukeratu dute. Adostasun horren bidez, bi herrialdeek amaiera eman zioten 1998. eta 2000. urteen arteko konfrontazio armatuan jatorria zuen gatazkari.

Ahmeden "bakea eta nazioarteko kooperazioa lortzeko ahaleginak" aitortu ditu Nobel Sarien Batzordeak. Bereziki, "Eritrearekin mugaren gaineko gatazka konpontzeko ekinaldi erabakigarria" nabarmendu du.

Lehen ministro etiopiarra Nobel sari entzutetsua irabazi dutenen zerrendara batu da, beraz. Iaz, Denis Mukwege ginekologo kongoarrak eta Nadia Murad ekintzaile yezidiak irabazi zuten.

Etiopia eta Eritrearen arteko akordioa 2018ko irailean sinatu zuten Yedan (Saudi Arabia) egin zuten ekitaldian, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berreskuratu eta bi hilabetera. Ekitaldi horretan, "gerra egoera" amaitzeko konpromisoa hartu zuten Ahmedek eta Isaias Afwerki Eritreako presidenteak. Izan ere, konfrontazio armatua 2000. urtean amaitu zen arren, bi herrialdeen arteko mugak itxita jarraitu zuen. Iaz ireki zituzten lehenengoz, 20 urteren ondoren.

Ahmed nazioartean ezagun egin dute Etiopian bertan bultzatu dituen hainbat neurrik ere. Esaterako, iazko apirilean presidente izendatu zutenean, Hailemariam Desalegn aurreko presidenteak ezarri zuen larrialdi egoera indargabetu zuen. Horrez gain, disidenteen itzulera baimendu zuen, milaka preso askatzeko agindu zuen eta ehunka webgune eta hainbat telebista kate desblokeatu zituen. Ahmed oposizioko buruzagiekin ere bildu da, eta Ginbot 7 erbestean zen talde armatu nagusiak desegitea erabaki zuen joan den maiatzean, bere egoera Etiopian normalizatu ondoren.

Hala ere, Etiopiako Gobernuak ez du lortu oraindik herrialdearen hegoaldeko gutxiengo etnikoekin dituen gatazkak konpontzea. Hainbat gertakariren ondoren, uztailearen amaieran, Sidama eta Hadiya eskualdeetako hainbat agintari kargugabetu zituzten, "legez kanpoko ekintzak" leporatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.