Kaledonia Berria

Bigarren independentzia erreferenduma, 2020ko udan

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak datorren urteko abuztuaren 30a edo irailaren 6a proposatuko du Kaledonia Berrian bigarren independentzia galdeketa egiteko. Data "datozen 15 egunetan" erabakiko dute.

Independentziaren aldekoak, ekitaldi batean, iaz.
Independentziaren aldekoak, ekitaldi batean, iaz. BERRIA

Ander Perez Zala -

2019ko urriak 11

Hamasei orduko bilkuraren ostean, Kaledonia Berriko ordezkari politikoek eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak bigarren independentzia erreferendumari buruzko lehen xehetasunak eman dituzte. Lehen ministroak jakinarazi du bi data jarri dituztela mahai gainean galdeketa hori egiteko, eta "datozen 15 egunetan" erabakiko duela bietako zein proposatu: 2020ko abuztuaren 30a edo irailaren 6a.

Lehen galdeketa 2018ko azaroaren 4an egin zuten, eta independentziaren aurkakoek irabazi zuten: %56,6-43,3. Dena den, independentziaren aldekoentzat garaipen txiki bat izan zen, espero baino emaitza hobeak lortu baitzituzten. Iragan maiatzean ere, Kaledonia Berriko Kongresurako bozetan loialistekiko tartea txikitzea lortu zuten, eta, egun, bi diputaturen aldea dago bien artean: independentistek 26 ordezkari dituzte, eta independentziaren aurkakoek, 28.

Hauteskunde horietatik, bigarren galdeketa "ahalik eta azkarren" egiteko asmoa jarri du mahai gainean Kaledonia Berrian boterean dagoen Etorkizuna Konfiantzaz alderdi loialistak; 2020ko uztaila baino lehen nahi zuen. Independentistek, berriz, 2020ko azaro aldera egitea lehenetsi dute, baina azkenean Philippek bien arteko oreka lortu nahi izan du. 

Iazko galdeketan, gatazka handia sortu zuen hautesle erroldak, eta, azkenean, bi aldeak ados jarri ziren bozketatik kanpo geratuko ziren 11.000 kanak zerrendan sartzeko. Arazoa, ordea, ez zen guztiz konpondu, eta, datorren urteko erreferendumari begira, errolda "eguneratzeko" konpromisoa hartu du Philippek.

Datorren urteko erreferendumean ere ezezkoak irabaziko balu, beranduenez 2022an hirugarren galdeketa egingo lukete, 1998ko Noumeako Akordioan adosturikoaren arabera. Erreferendum hori ez lukete egingo "2021eko irailaren erdialdearen eta 2022ko abuztuaren artean".

Izan ere, tarte horretan hainbat hauteskunde dituzte Frantzian: eskualdeetarakoak, presidentetzarakoak eta parlamenturakoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna