Epaia

Epaiaren gakoak eta argudioak

Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ia 500 orrialdeko epaia kaleratu du Kataluniako buruzagi independentistak zigortzeko.

enekoitz esnaola
2019ko urriaren 14a
07:45
Entzun

Hauek dira Gorenaren zigor epaiaren gako eta argudio nagusiak:

Sedizioa, ez matxinada

Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoaren sententziak dio 2017ko udazkenean Katalunian “indarkeriazko gertakariak” izan zirela, baina deritzo horiek ez direla nahikoa froga auzipetuak matxinada delituagatik zigortzeko. Sedizioa egotzi die. “Indarkeria, indarkeria instrumentala izan behar da, funtzionala, modu zuzenean aurrez agindua, erdibideko urratsik gabe, matxinatuen ekintzaren helburuetara begira”, dio epaiak, eta esan du orduan ez zela horrelakorik gertatu Katalunian. 

Epaileen ustez, Espainiako Estatuaren ebazpen judizialei eraginkortasuna kentze aldera Kataluniako Generalitateko eta Parlamentuko goi karguek eta ANC eta Omnium gizarte mugimenduetako buruek herritarrak mobilizatzera deitu zituzten —batik bat, Jordi Sanchezek (ANC) eta Jordi Cuixartek (Omnium), 2017ko irailaren 20an, Guardia Zibilak Govern-aren departamendu batzuk miatu zituenean—, baina gertatu ziren indarkeriazko ekintzak ez ziren nahikoa izan de facto "Kataluniaren lurralde independentzia ezartzeko eta [Espainiako] konstituzioa indargabetzeko Kataluniako lurraldean”. Sententziak gogoratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen bat aski izan zela Kataluniako Parlamentuaren haustura legeak ez zitezen ezarri, eta konstituzioko 155. artikuluaren iragarpenaren ondoren auzipetu batzuek ihes egin zutela Espainiako Estatutik.

Sedizioa egozteko data nagusia, 2017ko urriaren 1a da —Kataluniako independentziarako erreferendumaren eguna—, auzipetuek euren desobedientzia estrategia orduan burutu zutelakoan. 

Matxinadarik ez egotzita, zigorrak ez dira fiskaltzak eskatutakoaren bezainbestekoak, erdia-edo baizik —hark matxinada egozten zien—. Oriol Junquerasen aurka, adibidez, 25 urteko espetxe eskaera egin zuen fiskaltzak, eta hamahirukoa jarri dio Gorenak —auzipetu denetan, zigorrik handiena—. Proces-aren "lidergoa" eduki izana leporatu diote.

Diru publikoaren erabilera bidegabea

Sententziak dakar 2017ko erreferenduma antolatzeko Generalitateak ebatzi zuela "beharrezko baliabideak" bermatu behar zirela, baina,  Konstituzionalaren ebazpenagatik galdeketa ez zenez legezkoa, diru publikoaren erabilera bidegabea egin zutela auzipetuek: publizitate instituzionala, hauteskunde administrazioaren antolaketa, estatutik kanpoko katalanen errolda, material elektorala, nazioarteko behatzaileen gastuak eta aplikazio informatikoak. “Legezko ezein xedetik at zeuden gastuak izan ziren”. Egokitzat jo du Estatuaren Abokatuak delitu hori eta sedizioarena lotu izana bere akusazioan. 

Kataluniako kontseilari denek sinatu zuten tokiko gobernuak gastuak bere gain hartzeko akordioa, baina epaiak dio ez dela frogatu departamendu guztiek hartu zutenik parte gastuan. Epaileek esan dute Presidenteordetza eta Ekonomia, Presidentzia, Kanpo Harremanak, Lana, Osasuna eta Kultura sailek bideratu zituztela gasturako diruak. Hala, diru publikoaren erabilera bidegabea ez diete egotzi Josep Rull, Joaquin Forn, Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila orduko kontseilariei.

Desobedientzia

Gorenak Espainiako Estatuko autoritate gorenaren ebazpen, erabaki eta aginduak ez betetzea egotzi die. Kataluniako Parlamentuko legelari nagusiak eta idazkari nagusiak Konstituzionalaren ebazpenez egindako ohartarazpenak aintzat hartu ez izana ere leporatu diete auzipetuei magistratuek. Epaiak dio Konstituzionalak iragarri zuela haien ekinbideak ez zirela konstituzionalak —besteak beste, erreferenduma—, eta ohartarazi ziela erantzukizun penalak izan zitzaketela. Gorenaren arabera, desobedientzia delitua auzipetu guztiek egin zuten, baina Vilari, Borrasi eta Mundori baino ez die leporatu.

Urriaren 1eko erreferendumeko indarkeria

Erreferendumeko hauteslekuetan ziren herritarren "jarreragatik" Espainiako Polizia eta Guardia Zibila "behartuta" sentitu ziren "aurreikusitako legezko indarkeria" erabiltzera, Gorenaren arabera. "Hiritarren eta autoritate agenteen arteko enfrentamenduaren ondorioz lesioak izan ziren", sententziak dakarrenez, eta epaileek idatzian ondoren aipatu dute, urriaren 1eko arratsaldeko lehen orduetan, "indarkeriaren erabilera desproportzionatua" izan zitekeenez, Poliziak eta Guardia Zibilak geratzeko aginduak jaso zituztela.

"Bideragarritasun juridikorik ez"

2017ko urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak gehiengo osoz tokiko independentzia aldarrikatu izana "sinbolikoa eta ez-eraginkorra" izan zela idatzi dute magistratuek. "Kataluniako Errepublikaren eraikuntzarako bide gisa aurkeztutako autodeterminazio erreferendumaren bideragarritasun juridiko ezaren jakitun ziren [auzipetuak]. (...) Katalan hiritargoari erabakitzeko eskubidearen gauzatze zilegia eskaini zieten, eta hori amu bat baino ez zen mobilizazio baterako, zeina ez zen inoiz estatu burujabe batean amaituko".

Gorenak dio auzipetuek estatuan indarrean den legediarekiko "sare juridiko paraleloa" eratu zutela —Konstituzionalak legez kanpo jo zuena—, "eta berme demokratikorik gabeko erreferendum bat sustatu zuten". Magistratuen esanetan, auzipetuek bilatzen zutena zera zen: estrategia harekin "[Espainiako] Nazioaren Gobernua presionatzea, herri galdeketa bat negoziatzeko".

Erabakitzeko eskubidea

Epaimahaiak esan du erabakitzeko eskubidea ez dagoela jasota Espainiako 1978ko Konstituzioan eta Kataluniako 2006ko Estatutuan. "Ez du estaldura normatiborik, ezta herrien autodeterminazioarekiko asimilazio artifiziosoaren bitartez ere". Haren esanetan, Europan ez dago erabakitzeko eskubidea «abalatzen» duen konstituziorik.

Gainera, Gorenaren Zigor Aretoak dio ez dela onargarria erabakitzeko eskubidea hartzea gizarte baten kalitate demokratikoaren neurgailu edo termometrotzat. Esan du "bozkatzea baino gehiago" dela "demokrazia". Besteak beste, "sistema konstituzionalak beste hiritarrei aitortutako eskubide politikoen errespetua da, botereen arteko oreken aitortza, ebazpen judizialei men egitea, eta, azken batean, herri subirautzaren adierazle den esparru juridikoaren errespetua".

Aurrera begirako prozedura

Kargu publikoak zirelako epaitu ditu Gorenak, ez Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek orain Konstituzionalera jotzeko eskubidea dute, haien oinarrizko eskubideak urratu direlakoan babes helegitea aurkeztuta. Konstituzionalaren ebazpenaren ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko aukera lukete: Estrasburgoko auzitegira. Dena dela, Konstituzionalera jo aurretik, auzipetu batzuek Gorenean baliogabetze eskaera aurkezteko asmoa dute, epaiketan oinarrizko eskubide batzuk urratu zirela argudiatuta; hogei egun dituzte horretarako.

Kartzelako erregimena

Fiskaltzak eskatu zuen kondena erdia bete arte zigortuei ez ezartzeko hirugarren gradua edo erregimen irekia, baina epaiak ez du jaso halako debekurik. Bi hilabeteren buruan jakingo da presoak zenbagarren graduan jarriko dituzten, eta, halaber, ikusi beharko da zein kartzelatan dauden. Kataluniako Generalitateak espetxe eskumena du —estatuan eskumen hori daukan erkidego bakarra da—. Gorenak dio zigortuen espetxe egoeraren eta eskaeren azterketa orok banan banakoa izan behar duela, kartzela araudiak dioena betez. Nabarmendu du espetxe zigorra ez ezik inhabilitazio osoa ere jaso dutela.

Indultua

Behin epaia badela, Espainiako Gobernuak auzipetuei indultua emateko eskumena du; osoa edo partziala izan ahal da. Kasurako, Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak indultu partziala eman zien Jose Barrionuevo eta Rafael Vera GAL auziagatik preso zeudenei: hamarna urteko espetxe zigorra zeukaten, eta hiru hilabetera atera ziren kartzelatik, 1998an, Ministroen Kontseiluaren erabakiari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.