Bizkaiko metalgintza

Bizkaiko metaleko sindikatuek FVEMi eskatu diote “fitxa mugitu dezala”

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuek diote batasuna eta borroka sindikalari eusten diotela, eta datozen egunetan langileekin batzartuko direla mobilizazio agenda berri bat abiatzeko. Patronalari eskatu diote negoziazio mahaira deitu dezala, eta “eduki errealak proposatu ditzala”.

jarraia172401.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 14a
13:27
Entzun

Astebete igaro da Bizkaiko metaleko sindikatuek sektorea gelditu zutenetik. Bost eguneko lanuztea egin zuten, eta deitzaileen arabera, langileen jarraipena oso ona izan zen. Orain, gatazkari irtenbidea emateko urratsa ematea patronalaren esku dagoela esan dute, eta eskaera egin diote negoziazio mahaira deitu dezatela eta “eduki errealak proposatu ditzala”. Udako etenaren ostean hiru hilabetez mahaiaren bueltan eseri gabe egon ziren bi aldeak, eta ordura arte sindikatuek leporatu izan zion FVEMi ez zeukatela euren proposamenentzako erantzunik. “Behin bakarrik erantzun du, eta orduan sindikatuon eskarien guztiz kontrako puntuak jarri ditu mahai gainean. Noiz egin zuen hori? Irailaren 23an”. Astebeteko grebarako egun gutxi falta zirela.

Lanuzteak egin dituzten bitartean, patronalak esan izan du mehatxupean ez zirela negoziatzera eseriko. Bada, sindikatuek galdera egin dute, orain lanuzterako deialdirik gabe ea zergatik ez duten biltzeko deirik egiten. “Hau oso esanguratsua da”. Gogora ekarri dute, gainera, FVEMek egin dituen proposamenak erregresiboak izan direla orain arte, eta ez dituztela ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuek egindako eskaerak betetzen.

Astebeteko grebaren ondoren, zortzi sindikatuek irakurketa bateratua egin dute, eta hurrengo urratsa zein izango den erabakiko dute datozen egunetan. Langileekin batzarrak egingo dituzte zein mobilizazio egingo dituzten erabakitzeko, baina argi utzi dute ez dutela inongo aukerarik baztertzen. Alegia, berriz ere greba egiteko aukerari ez diote muzinik egin oraingoz. Eta garbi utzi dute batasun sindikala indartsu dagoela. Eurek nahi dutena hitzarmen duin bat dela gogorarazi dute, eta negoziatzeko borondate eza leporatu izan zaienez, argi utzi dute eurak direla akordio batera iristeko interes gehiena dutenak. Baldintza prekarioak eurek jasaten dituztelako, gaur goizean egindako agerraldian esan dutenez. Horregatik argi azaldu dute: “Negoziatzeko borondatea daukagu, baina baita mobilizazioari eusteko beharra ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.