Iheslariak

Modu baketsuan erantzutera deitu du Puigdemontek

Espainian demokratzia "espetxeratuta" dagoela esan du, eta eskubide zibil eta politikoen murrizketa salatu du. Puigdemonten aurkako euroagindu eskaera abian jarri du berriro Llarena epaileak eta atxilotzeko agindua eman du.

Puigdemont ekainean Suitzan, artxiboko argazkian. ANTONIO BROTO, EFE
jon ordonez garmendia
2019ko urriaren 14a
16:53
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia Meritxell Serret, Antoni Comin eta Lluis Puig iheslariekin batera atera da hedabideen aurrera epaia baloratzeko. Epaia lotsagarria dela adierazi du, eta "propaganda operaziotzat" jo du. Esan du jazarpen eta "mendeku" estrategia berresten duela Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak eta 2017ko urriaren 1ean botoa ematera atera ziren herritarrak zigortzen dituela.

Presidente ohiaren arabera "akats larri bat" da epaia, eta iragarri du ondorioak izango dituela, ez soilik Kataluniako independentzia nahi dutenentzat, baizik eta "herritar ororentzat". Horren aurrean mobilizatzera ditu herritarrak, "independentziaren aldekoak direnak eta kontrakoak direnak". Behin eta berriz erresistentzia baketsurako keinuak izan ditu, eta indarkeriarik gabe erantzutera deitu du. "Ezin dugu etsi, ezin dugu etsi kataluniar eta europear bezala. Munduari erakutsi behar diogu badela bide katalan bat".

Bere hitzaldian hitz gogorrak izan ditu Felipe Borboikoa Espainiako erregearentzat ere. 2017ko urriaren 3an egin zuen hitzaldia gogoratu du, eta esan du gaurko epaiak berresten duela beharrezkoa dela independentzia, besteak beste, "estatu burua demokratikoki hautatu ahal izateko". Azaroaren 10eko Espainiako Gorteeetarako bozak ere izan ditu gogoan, eta bozkatuz erantzutera deitu du.

Euroagindua, berriro

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaile instruktoreak gaur goizean berriro jarri du martxan Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia espainiaratzeko euroagindua. Auzitegi horrek gaur goizean sedizio delituagatik bederatzi espetxe zigor jarri dizkie 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitu dituenak, eta epai hori oinarri hartuta jarri du abian berriro Llarenak euroagindua. Bruselako Fiskaltzak arratsaldeko lehen orduan jakinarazi du jaso duela euroagindua.

Puigdemont Belgikan dago. 2017ko urriaren 29an egin zuen ihes Kataluniatik Bruselara, eta babesa eskatu zuen gero herrialde horretan. Urte horretan bertan azaroan eman zuen Llarenak lehen euroagindu eskaera baina gero atzera egin zuen. 2018ko martxoan, berriz, auzipetu egin zuen epaile horrek berak Puigdemont eta bi egun geroago Alemanian atxilotu zuten beste euroagindu eskaera bat aintzat hartuz. Alemaniako epaileek, ordea, ez zuten onartu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.