Kataluniako prozesu subiranista

Espainiako gobernu ordezkaritzen aurrean oldartu dira poliziak

Ostiralean greba orokorra egitera deitu dute Katalunian; ikasleak asteazkenean hasiko dira. ANCk eta Omniumek milaka herritar elkartu dituzte Bartzelonan, eta gobernu ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte probintzietako hiriburuetan; poliziak manifestariei oldartu zaizkie protesta horietan, eta istiluak sortu dira. Atzo, poliziek 131 lagun zauritu zituzten manifestarien kontrako oldarraldietan; begia galdu du batek.

Berria -

2019ko urriak 15

* Atzo baino lasaiagoa izan da goiza Katalunian, baina arratsaldean berriro egin dituzte manifestazioak, eta berriro eten dituzte zenbait errepide eta trenbide. Arratsaldean, gobernu ordezkaritzen aurrean egindako protestetan, tentsio handia sortu da, eta Polizia manifestariei oldartu zaie Bartzelonan, Tarragonan, Lleidan, Gironan eta Sabadellen.

* Espainiako Gobernuak erabat baztertu du presoei indultuak ematea. Quebeceko Gobernuak, aldiz, babesa agertu die zigortutakoei, eta elkarrizketarako deia egin du.

* Milaka herritar mobilizatu ziren atzo Katalunian, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako zigorren aurka. Garraio bide nagusiak eten zituzten, eta protestak egin zituzten Katalunia osoan. Manifestari batek begi bat galdu du, eta beste batek barrabil bat, atzo Espainiako Poliziak eragindako zaurien ondorioz.

 

 

Zuzeneko kontakizuna

23:54

Gaueko istiluen erreakzio sorta eragin dute. Espainiako Gobernuak ohar bat kaleratu du 23:30 inguru zirenean. «Gutxiengo bat bortizkeria inposatu nahian ari da. Indarkeria orokorra izan da gaur gauean protesta guztietan. (...) Argi dago ezgaudela mugimendu baketsu batean aurrean, baizik eta, Katalunian bizikidetza hausteko asmoz, kalean indarkeria erabiltzen duten talde koordinatuen aurrean». Espainiako Gobernuak «segurtasuna eta elkarbizitza bermatzeko» lanean jarraituko duela erantsi du, «tinko, modu proportzionalean, eta batasunarekin».

Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidentea kezkatuta agertu da. «Ez diezaiegun oparitu bilatzen ari direna. Ez diezaiegun 155 bat oparitu», adierazi du gaur gauean: «Gure herritarrak eta gure instituzioak defenditu behar ditugu. Apartatu gaitezen jarrera biolento guztietatik, eta garitu ditzagun ekintza justfikatu gabeak».

ERCko Joan Tardak eta Gabriel Rufianek ere jarrera bortitzak baztertzera dei egin dute. «Protesta zibiko eta baketsuen ondoren irudi biolentoak oparitzeko gelditzen direnek ez gaituzte ordezkatzen, eta ez gaituzte inoiz ordezkatuko», esan du Rufianek.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:08

Arratsaldean martxak egin dituzte Kataluniako probintziako hiriburuetan eta Sabadellen, Espainiako gobernu ordezkaritzaren egoitzen aurrera. Poliziek blokeatu egin dituzte egoitza horietara iristeko bideak; hesiak gurutzatu dituzte, eta itxi egin dituzte kale batzuk, eta manifestarien eta polizien artean tentsio handia sortu da. Lleidan, Bartzelonan, Tarragonan... manifestari batzuk saiatu dira hesi horiek botatzen, eta poliziak oldartu egin dira manifestarien aurka. Espainiako Polizia eta mossoak elkarrekin aritu dira batzuetan, eta beste batzuetan aparte.

Oldarraldi horien ostean, hiri batzuetan istiluak sortu dira. Manifestari batzuek objektuak jaurti dizkiete poliziei, barrikadak jarri dituzte, eta su eman diete. Espainiako Poliziak gomazko pilotak erabili ditu manifestarien aurka, Katalunian debekatuta dauden arren. Suhiltzaileek ere lana izan dute suak kontrolatzen. Batez ere Lleidan eta Bartzelonan gertatu dira era horretako istiluak, baita Tarragonan ere, baina poliziak Gironan eta Sabadellen ere oldartu dira, hiri guztietan alegia. Alerta Solidaria taldeak adierazi du zazpi pertsona gutxienez atxilotu dituztela.

23:00 inguru zirenean, baretu egin diren istilu gehienak, baina ez Bartzelonan oraindik.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:18

Gobernu ordezkaritzen aurrean tentsio handia dago. Tarragonan, Gironan eta Lleidan, manifestarien aurka oldartu dira poliziak. Lleidan, poliziek jarritako hesiak bota dituzte manifestari batzuek. Azkenean, 21:40 aldean, berriro oldartu dira Poliziak Lleidan. Ia aldi berean, Tarragonan ere eraso egin dute poliziek.

Bartzelonan, berriz, mossoek eta Espainiako poliziek lauzpabost aldiz kargatu dute; manifestariak saiatu dira poliziek bidea mozteko jarritako hesiak botatzen.

Graciako auzoan barrikadak altxatu dituzte, eta su eman diete zakarrontziei.

Gracian, barrikada askori su eman diete. Bizilagunak eurak saiatu dira itzaltzen. Suhiltzaileak ere lanean ari dira.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:55

Indulturik ez

Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak esan berri du indulturik emateko asmorik ez duela Espainiako Gobernuak. «Gertakizunen neurrira ongi egokitutako zigorrak dira».

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:52

Presoen eskutitzak Bartzelonan

ANCk eta Omniumek Bartzelonan antolatutako ekialdiak milaka herritar elkartu dira. Kandelak piztu dituzte askok, eta zigortutako buruzagiek igorritako eskutitzak irakurri dituzte. 20:50 aldera bukatu da ekitaldia, Lluis Llachekin L'estaca kantatuta. Udaltzainen arabera, 40.000 lagun elkartu dira.

Bartzelonan bertan, gobernu ordezkaritzaren aurrean, poliziak gutxienez hiru alditan oldartu dira manifestarien aurka.

Artean, zirkulazioari eragiteko protestekin jarraitzen dute hainbat tokitan. Zortzi bat errepide moztuta dauzkate Katalunian zehar, eta Reus eta Tarragona arteko trenbidea, berriz, 18:00ak aldean eten du manifestari talde batek, eta 20:45ean itxita zegoen oraindik.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:49

Quebeceko Gobernua, «elkarrizketa baketsuaren» alde

Kataluniak eta Espainiako Estatuak «negoziazio baketsuei» ekin beharko lieketela adierazi du Quebeceko gobernuak. Bortizkeria eta instituzioen artean beldurra sortzea «ez da bidea», haren hitzetan. Agiri ofiziala kaleratu du, «demokratikoki aukeratuak zan diren politikari katalanen kontrako zigor gogorren aurrean» ezin zuela isilik egon iruditu zaiolako.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:39

Ikasleek, hiru eguneko greba

Kataluniako ikasle sindikatuek Gorenaren epaia salatzeko mobilizazioen berri eman dute gaur. Asteazkenetik aurrera, hiru eguneko greba egingo dute. Ikasleen Sindikatuak egin du ikastetxeak 72 orduz geldiarazteko deia. Ostegunetik aurrera, Herrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuak (SEPC) ere bat egingo du. Atzo eta astearte honetan ere ezohiko jarduna izan dute ikastetxe askotan, eta ikasle batzuk atzoz geroztik mobilizazioetan parte hartzen ari dira.

Ikasleek greba orokorrerako deiarekin bat egingo dute ostiralean. Espainiako Gobernuak ez du gogo onez hartu ostiralean lanuzteak egiteko deialdi hori. «Arrazoi politikoengatik» egingo dela ñabartu du, nahiz eta gero beste itxura bat emango zaion.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

19:43

Elkarretaratzeak gobernu ordezkaritzen aurrean

Bartzelonan, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren aurrean hasi dira milaka herritar biltzen. CDRek bi manifestazio egin dituzte, eta egoitzaren aurrean elkartu dira bi zutabeak. Mossoek itxi egin dituzte bideak, manifestariak egoitza aurrera ez iristeko, eta 20:15 aldean kolpeka atzeratuarazi dituzte manifestariak. Mossoek hiru manifestari atxilotu dituzte.

Beste herri askotan ere egin dituzte elkarretaratzeak iluntzean. Probintzi hiriburuetan, Gironan eta Tarragonan, milaka herritar elkartu dira Madrilgo ordezkaritzen aurrean. Lleidan, polizia oldartu egin zaie manifestariei.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:18

Llarena gaztelaniaz, berriro

Belgikako Justiziak atzera bota du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaile instruktoreak Carles Puigdemonten kontra emandako euroagindu eskaera forma akats bategatik. Eskaera gazteleraz egin du epaileak, eta Belgikan ofiziala den hizkuntz batean egiteko eskatu dio. Bigarren aldiz egin du akats berbera Llarenak. Astebeteko epea eman diote orain eskaera berriro egiteko. Belgikan nederlandera (%60), frantsesa (%40), alemana dira hizkunz ofizialak, Estilo Liburuaren arabera.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

18:04

Espainiako Poliziak eta Kataluniako mossoek inguratu egin dituzte AP-7 autobidean protestatzen ari ziren manifestariak eta horiei jazarri ondoren hustu egin dute mobilizazioa. Errepidea zabalik da berriro.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

17:25

Katalunian TV3 izan zen atzo Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren lider audientzietan, %26,4ko bataz bestekoarekin. Euskal Herriko datuak Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak eman ditu: "Atzoko egunarekin pentsa zitekeen albistegiren bat izango zela eguneko emanaldirik ikusiena. Ba ez: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo liderra Tele5ko 'Salvame Banana' saioa izan zen, %26,8ko ikusle kuotarekin".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

17:14

Mobilizazio nagusiak Bartzelona erdigunean eta AP-7 autobidean Gironan daude une honetan. Azken horretan tentsio uneak izan dira errepidea moztu zutenean, eta auto gidari bat manifestariak harrapatzeko zorian izan da. Gero barrikadak jarri dituzte eta poliziek kargatu egin dute.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

17:04

Ameriketako egunkariak duela zenbait ordu atera dira kalera, eta horietako batzuek Kataluniako epaieta eta poliziak atzo kalean izandako jokaera ekarri dute azalera. Hedabide digitaletan atzo jaso zutena hemen dago irakurgai.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

17:02

Gaur goizean Bartzelonako portuko zamaketariek ostiraleko grebarekin bat egitea erabaki dute, "Kataluniako herritar guztien lan eskubide eta eskubide zibilen alde".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:52

Gironan bi norabideetan moztu dute AP-7 autobidea.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:51

Herrialde Katalanetako Ikasleen sindikatuak bi egunetan deitu du grebara. Ostegunean institutuetan egitera deitu du, eta ostiralean ikastetxe guztietan.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:26

Bihar abiatuko dira martxak

Bihar beste ekimen garrantzitsu bat izango da Katalunian. Girona, Vic, Berga, Tarrega eta Tarragonatik martxa bana abiatuko da Bartzelonarantz. 'Askatasunaren martxak' izango dira, eta ostiral goizean egingo dute bat Bartzelonako Gracia pasealekuan. Errepide sare nagusitik ere pasako dira, jakinarazi dutenez.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:08

Bartzelonan Espainia plaza okupatu dute CDRek eta Gran Via ere itxi dute.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:05

A-7 autobidea, Tarragonan itxita

Gironan bakarrik ez, errepide mozketa gehiago ere badaude. Tarragonan CDRek A-7 autobidea itxi dute, eta Gironan AP-7 autobidea. Azken mozketa horretara joan dira Espainiako Poliziaren hainbat ibilgailu.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

15:57

Gurben berriro itxi dute errepidea

Gurben berriro itxi dute errepidea. Hala kontatu du Beñat Garaiok: "Ikaragarria pasatu dena: ordu erdiz sagua eta katuarena egiten aritu ondoren, mossoak joan eta berriro itxi dute errepidea. Oraingoan, baina, inguruko eraikuntza-obretako hesiak hartu eta errepide erdian jarri dituzte".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

15:40

Gurb herria, Gironan, goiz guztian itxita egon da C-17 eta C-25 errepideak. Atzoko tokian elkartu dira hainbat lagun. Mossoek goizean goizetik izan dira han, baita helikoptero bat ere, Beñat Garaiok sare sozialetan jakinarazi duenez. Joateko eskatu dute poliziek, eta beldurrik ez dutela eratzun dute manifestariek. Azkenean borrak erabiliz ireki dute errepidea.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

15:07

Generalitateak bertan behera utzi du bere agenda publikoa

Kataluniako Gobernuak jakinarazi du ez duela inolako ekitaldi publikotan parte hartuko, Gorenare epaia salatzeko mobilizazioetan ez bada. Kontseilari guztien agendak bertan behera gelditu direla jakinarazi du Meritxell Budo gobernuko bozeramaileak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:04

Torra Forcadellekin bilduko da gaur

Generalitateak atzerriko bira hasi aurretik, Torrak espetxean diren buruzagi independentistak bisitatuko ditu. Gaur bertan, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuarekin bilduko da, eta bihar Lledonerseko espetxean dauden zazpi buruzagiekin bildu da.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:00

Torraren eskutitz sailaz gain, Kataluniako Gobernuak bira bat hasiko du aipatutako herrialdeetatik. Alfred Bosch Atzerri Ekintzarako kontseilaria herrialde horietako Atzerri Gaietarako ministroekin biltzen ahaleginduko da.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:58

Torrak eskutitz bana bidaliko die EBko eta G-20ko estatu kideetako agintariei, epaia azaltzeko

Quim Torra Kataluniako presidentea eskutitz bidez zuzenduko zaie EB Europako Batasuneko estatu kideetako presidente eta lehen ministroei, Espainako Auzitegi Gorenaren epaia azaltzeko. Gauza bera egingo du G-20 taldea eta EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartea osatzen duten estatuetako agintariekin ere. Generalitateak lehentasunezko helburu du Espainiaren jokabidea nazioartean salatzea, eta xede horri begirako neurri sorta bat iragarri du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:34

Bihar hasiko dira Askatasunaren Martxak eta ostiralean egingo dute bat Bartzelonan

Bost ibilaldi, bost abiapuntutatik, helmuga bakarrera: Bartzelona. ANCk eta Omniumek deitutako Askataunaren Martxak bihar hasiko dira eta hiru egunez luzatuko. Martxa bana irtengo da Tarregatik, Tarragonatik, Bergatik, Vicetik eta Gironatik. Bostak ostiralean elkartuko dira Bartzelonan. Ordurako greba deialdia egina dute Intersindical eta IAC sindikatuek. Jendetsua izatea espero duten manifestazio bat izango da greba eguneko ekitaldi nagusia.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:24

Gaur ere mozketak garraiobideetan

Gorenaren epaia salatzeko protestak egiten ari dira gaur ere, eta, atzo egindakoaren gisan, hainbat garraiobide moztu dituzte. Tarragonan, zerbitzua eten dute tren geltoki nagusian. Horrez gain, bost errepide moztuta daude manifestazioengatik Mataro, Gurb, Manresa eta Olot inguruan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:19

Poliziaren oldarraldiak, bideoan

Tsunami Demokratikoaren deiari etantzunez, Bartzelonako aireportua hartzeko ekintzaren laburpen bideoa egin du Julen Aperribaik. Espainiako Poliziaren eta Mossos d'Esquadraren oldarraldi bortitzak ikus daitezke.

14:07

Manifestari batek barrabil bat galdu du Espainiako Poliziaren oldarraldiaren ondorioz

Alerta Solidariak salatu duenez, 30 urteko manifestari batek barrabil bat galdu du Espainiako Poliziak Bartzelonako aireportuan egin zuen oldarraldietako batean. Elkarteak zehaztu du 17:10ean gertatu zen oldarraldian zauritu zuela Espainiako Poliziak manifestaria. Inork Poliziaren erasoa erakusten dituen irudiak balitu Alerta Solidariak berari bidaltzeko eskatu du.

Goizean, 22 urteko beste manifestari bati ebakuntza egin diote Poliziaren oldarraldi batean begian jaso zuen kolpearengatik. Hainbat hedabidek adierazi dute zaurituak kaltetutako begia galdu duela. Medikuen esanetan, aurpegian duen zauria gomazko pilota batek eragindakoa izan daiteke. Espainiako Poliziak onartu du gomazko pilotak jaurti dituela El Praten egin dituen oldarraldietan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:41

Rodriguez: "Euskal Herrian aspaldi ezarritako salbuespen egoera Kataluniara hedatu da"

Ezker abertzalearen ordezkaritza zabal batek agerraldia egin du gaur Bilbon. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkariak Gorenaren epaia salatu du. "Errepresioaren, faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean ez dugu atzera egingo". Haren esanetan, epaia, magistratuek sinatu duten arren, "estatuarena da". Gainerat du "Euskal Herrian aspaldi ezarritako salbuespen egoera" Kataluniara hedatu dela.

Informazio gehiago

13:33
13:28

Espainiako Gobernuak ez du indulturik aurreikusten

Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak adierazi du Auzitegi Gorenaren epaia errespetatuko dutela, eta horrek zigorra osorik betetzea eskatzen duela ezinbestean. Kontrakoak "esan nahiko luke exekutiboa gai dela beste botere batek egin duen lana ezerezean uzteko". Calvok egin bezala, indultuaren aukera baztertu dute Jose Luis Abalos jarduneko Sustapen ministroak eta Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroak ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:21

Puigdemontek diputatu gisa dagozkion eskubideak leheneratzeko eskatuko du

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak adierazi du dipuatu gisa dagozkion eskubideak leheneratzeko eskatuko duela. Bere kontrako euroagindua eman zuen atzo Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta. Aldiz, alboratu egin du hasiera batean egozten zion sedizio delitua. Horrenbestez, desagertu egin da diputatu eskubideak eteteko oinarri juridikoa.

Puigdemonten esanetan, Gorenaren epaiak sedizioa baztertu izanak agerian uzten du Espainianez dagoela "bermerik", ezta "epaiketa justu baterako aukerarik" ere. "Urtetan, Espainiako Estatuak indarkeria akusazio faltsu bat erabili du pertsona askoren eskubide politikoak ezabatu eta urratzeko".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:48

Torrak agerraldia egingo du parlamentuan, ostegun honetan

Quim Torra Kataluniako presidenteak agerraldia egingo du ostegun honetan Kataluniako Parlamentuan. Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman ondorengo egoera politikoa baloratuko du, baina ez da espero saio horretan osoko bilkurak inolako testurik bozkatzea. CUPek osoko bilkura bereizi bat galdegin du, erresoluzio proposamenak bozkatzeko aukera eskainiko duena.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:40

ANCk eserialdiak egitera deitu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean

ANCk elkarretaratzeak egingo ditu gaur iluntzean Bartzelonan, Lleidan, Gironan eta Tarragonan Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzetan. Manifestariei kandelak eramateko eskatu diete. Hiriburuetatik aparte, kandeladun eserialdiak egingo dituzte beste hainbat tokitan ere: Vicen, Tortosan, Terrassan, Puigcerdan eta Igualadan, esterako. 19:00etan jarri dute hitzordua.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:30

Greba deialdia konfirmatu dute ostiralerako

Intersindical eta IAC sindikatuek greba deialdia berretsi dute. Ostiral honetan egingo dute "eskuide murrizketa" salatzeko greba. Mobilizazio nagusia manifestazio bat izango da. Bartzelonan egingo dute, 17:00etan hasita.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:24

Rufian: "Herri honetan gelditzen den sozialismo katalanista ordezkatzeko prest gaude"

Gabriel Rufian ERCko diputatuak "umezurtz" sentizen diren sozialisten babesa eskatu du bere alderdiarentzako. Llus Companysi eginiko lore eskaintzan adierazi du ERC prest dagoela Katalunian "gelditzen den sozialismo katalanista ordezkatzeko". "Katalunian historikoa den PSCko buruzagi guztiak, sozialismoa eta katalanismoa bezalako balore ederrak ordezkatu dituen alderdikoak, ados daude atzoko astakeriarekin?". Rufianen esanetan, Kataluniako sozialista askok "sudurra itxita" bozkatzen dute PSC eta "lotsa" ematen diete alderdi horretako arduradunen zenbait adierazpenek. Horiei eskatu die ERC babesteko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:13

Generalitatea, nazioarteko hedabideen aurrean

Agerikoa da Kataluniako gatazkari buruz atzerrian sortzen ari diren iritziak Espainiako eta Kataluniako gobernuak kezkatzen dituela. Atzoko epaiaren eta protesten ostean, Generalitatea prentsaurrekoa egiten ari da nazioarteko hedabideen aurrean. Quim Torra presidentea eta Alfred Bosch Atzerri Ekintzarako kontseilaria ari dira agerraldia egiten. "Pedro Sanchezek jarrera aldatu behar du. Ez dugu inolako proposamenik ikusten, soilik 100 urteko espetxe zigorra, erbestea eta errepresioa ikusten ditugu", adierazi du Boschek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:58

Torrak ziurtatu du ez duela inoiz amore emango autodeterminazio eskubidea gauzatzeko ahaleginean

Quim Torra Kataluniako presidenteak Lluis Companysen omenaldi ekitaldian parte hartu du gaur, Montjuiceko hilerrian, Kataluniako presidente ohia fusilatu zuteneko 79. urteurrenean. Torrak adierazi du ez duela sekula amore emango autodeterminazio eskubidea gauzatzeko helburuan, aurretik, Companysek, eta erbesteko bi presidente Josep Irlak eta Josep Terradellasek egin bezala.

Bestalde, Espainiako Gobernuari eskatu dio justizia egin dezala frankismoaren krimenekin, eta aitortu dezala Companysen hilketa "estatu krimena" izan zela.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:50

Forcadellen mahaiko kideak hilaren 28an epaituko dituzte

Kataluniako Auzitegi Nagusiak urriaren 28an ekingo dio Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko mahaiko presidentearekin batera ganberako gobernu organoa osatu zuten kideen kontrako epaiketa. Maria Corominas (PdeCAT), Lluis Guino (PDeCAT), Anna Simo (ERC), Ramona Barrufet (PDeCAT) eta Joan Josep Nuet (EUiA). Horiez gain, CUPeko Mireia Boya ere epaituko dute. Saioak goiz eta arratsalde egingo dituzte urriaren 28an eta 29an, eta azaroaren 3an eta 4an.

Forcadell 11 urte eta erdiko epetxe zigorrera eta epe bereko inhabilitzaziora zigortu du Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuaren auzian, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta. Forcadell ez bezala, aurreko legealdian Kataluniako Parlamentuko mahaia osatu zuten gainerako kideak Kataluniako Auzitegi Nagusian epaituko dituzte.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:30

Companys hil zutela, 79 urte

Katalunian egun seinalatua da gaurkoa. Lluis Companys Generalitateko presidente izandakoa fusilatu zutela 79 urte bete dira gaur. Francoren diktadurako gerra kontseilu batek epaitu zuen 1940ko urriaren 14an, eta hurrengo egunean fusilatu zuten, Montjuicen.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:20

Girona-Bartzelona AHT linea etenda egon da

Goizeko lehen orduan, etenda egon da Girona eta Bartzelona arteko AHT linea. Trenbidean barrikadak zeudelako eten dute zerbitzua. 11:00etarako zabaldu dute berriro linea bi noranzkoetan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:55

Koxka tabernako gertaerek, hiru urte

Altsasuko auzian zigortutako gazteen gurasoek elkartasuna agertu zieten atzo Espainiako Auzitegi Gorenak kondenatutako buruzagi independentistei eta beren senideei. "Interes politikoen araberako eta mendekurako auzitegien erabilera oso urrun dago "justizia" eta "demokrazia" bezalako kontzeptuetatik", adierazi zuten Twitter bidez.

Gaur, hiru urte betetzen dira Altsasuko Koxka tabernako liskarra gertatu zenetik. Horiengatik, bederatzi urte eta erdira arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Gorenak. Urriaren 26an, manifestazioa egingo dute Iruñean, epai hori salatzeko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:46

Abalosek manifestazio eskubidearen mugez ohartarazi du

"Aireportu bat blokeatzea ez da errepide bat moztea". Jose Luis Abalos Espainako jarduneko Sustapen ministroak aditzera eman du atzoko protesta ez dela zilegi. Protesta larriak izan zirela esan du. Haren hitzetan, desobedientzia zibilaren erabilera okerra ari dira egiten Katalunian, "errealitateari iruzur egin eta beste egoera batzuk estaltzeko". Abalosen iritziz, atzoko ekintzaren helburua ez zen manifestatzea. "Horretarako ez zegoen El Pratera joan beharrik". Ministroak ziurtatu du helburua "komunikazioa blokeatzea" zela.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:36

131 lagun zauritu ditu Poliziak

Espainiako Poliziak eta Mossos d'Esquadrak 131 manifestari zauritu zituzten, atzo, Bartzelonako El Prat aireportuko oldarraldietan. Horietatik, 24 ospitalera eraman behar izan dituzte, eta lagun bat begi bat galtzeko arriskuan dago. Ebakuntza egin behar izan diote. Medikuek azaldu dutenez, gomazko pilota batek eragin ahal izan dituen zauriak ditu. Espainiako Poliziak onartu du gomazko pilotak jaurti dituela El Prateko oldarraldietan. Mossos d'Esquadrak debekatuta du gomazko pilotak jaurtitzea, Kataluniako Parlamentuaren erabakiz.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:32

Marlaskak adierazi du Poizia Tsunami Demokratikoa ikertzen ari direla

"Tsunami Demokratikoa delako mugimendu horren atzean zer dagoen argituko dugu" adierazi du Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak. Jakinarazi duenez, Espainiako inteligentzia zerbitzuak plataforma ikertzen ari dira. Marlaskak Espainiako Poliziaren eta Mossos d'Esquadraren esku hartzea goraipatu du. Haren esanetan, "proportzionala" eta "profesionala" izan da horien jarduna. Bi polizia indarren arteko "koordinazioa" ere txalotu du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:23

Tsunami Demokratikoak beste protesta ekintza bat egingo du gaur

Bartzelonako El Prat aireportua blokeatu zuten atzo milaka herritarrek, eta 1.200 ibilgailuk trafikoa eten zuten Madrilgo Barajas aireportuaren sarreran. "Helburua bete" dutela nabarmendu du Tsunami Demokratikoak, bi protesta ekintza horiek deitu zituen plataformak. Manifestarien "irmotasuna" eskertu du eta desobedientzia zibilean oinarritutako mobilizazioak izan direla nabarmendu.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna