Hazkundea

Nazioarteko Diru Funtsak hazkunde ahula iragarri du

Diru politika aringarriek murriztu egin dute, hein batean, merkataritza gatazkek eragindako kaltea. Aurten munduko ekonomia %3 haziko dela iragarri du NDFk, apirilean aurreikusitako %3,3ko hazkundearen azpitik.

Lianyungangko portua, Txinan. ALEKSANDAR PLAVEVSKI / EFE
2019ko urriaren 15a
17:10
Entzun

Ahula eta prekarioa. Ezin esan Nazioarteko Diru Funtsa baikor dagoenik munduko ekonomiak izango duen bilakaerarekin. Zuhurtziaz betetako txosten batean, 2019an munduko ekonomiaren hazkundea “ahula” izango dela dio, eta apirileko %3,3ko hazkunde iragarpenak orain %3ra apaldu ditu, hots, 2008az geroztiko maila txikienera. Datorren urteari buruz, berriz, perspektiba “prekarioa” dela esan du NDFk; 2020an barne produktu gordin globala soilik %3,4 handituko dela uste du, apirilean %3,6ko hazkundea iragarri ostean.

Munduko ekonomia “moteltze sinkronizatu batean” dago, Gina Gopinath NDFko ekonomisten buruaren arabera; finantza krisi globalaz geroztik ikusitako erritmo geldoenean hazten. 2019n eta 2020an hazkunde hori txikiagoa izango da herrialde garatuetan (%1,7), eta handiagoa garabidean dauden herrialdeetan (%3,9 eta %4,6 hurrenez hurren).

Aurrerago begira, 2021-2024 aldirako, NDFk uste du ekonomia globala erritmo biziagoan haziko dela, baina batez ere garabideko herrialdeen hazkundean oinarrituta, uste baitu beste zenbait ekonomiatan goraldiak neurritsuagoak izango direla, hain zuzen, AEBetan, eurogunean, Txinan eta Japonian. Dena den, azken horiek  dute munduko barne produktu gordinaren ia erdia.

AEB-Txina

Hazkunde apalen eta perspektiba pattalen arrazoien artean, Diru Funtsak merkataritza gatazkak nabarmendu ditu, batez ere AEBen eta Txinaren artean piztutako gerra komertziala. Tentsio horien eragina zenbatu ere egin dute funtseko ekonomistek: munduko BPGa %0,8 murriztuko dute 2020an. Gatazka komertzialek eta geopolitikoek merkataritza globalari soilik ez, kalte egin diete baita negozioetarako konfiantzari eta inbertsio erabakiei ere.

Ahultasun horretan, tentsio eta gatazkak areagotuko balira, perspektiba askoz ilunagoetarako arriskua legoke, NDFren ustez. Ziurgabetasun handiagoak, besteak beste, okertu egin lezake finantza merkatuen inguruko sentimendua, eta, horren ondorioz, finantzaketa baldintzak asko gogortuko lirateke, batez ere ekonomia zaurgarrienentzat. Ziurgabetasuna gehiago luzatuko balitz, egoera larriagoa litzateke: produktibitatea murriztuko litzateke, hornidura kateak eten, eta finantza zaurgarritasunak areagotu.

Industria eta zerbitzuak

Merkataritza gatazkekin zuzenean lotu du NDFk munduan industrian antzematen den motelaldia. “Muga zerga handiagoek eta ziurgabetasun luzeak murriztu egin dituzte inbertsioak eta ondasun kapitalen eskariak”. Horrez gain, berezko ezaugarriengatik —CO2 isurien mugetarako egokitzapena—, automobilgintza industria ere shock moduko batean dago, bai eurogunean baita Txinan ere.

Horiek horrela, industria eta, oro har, fabrikazioa dago batez ere motelaldian. Aldiz, Diru Funtsak dio zerbitzuen alorra sasoi onean dagoela, enplegu eta soldata hazkundea baitago herrialde garatuetan. Edonola ere, industriaren eta zerbitzuen arteko dibergentzia ohikoa ez den moduan ari da luzatzen, eta horrek kezka piztu dio NDFri, industriaren ahulezia ez ote den hedatuko zerbitzuetara.

Diru politika leungarria

Gina Gopinathen iritziz, inportantea da kontuan izatea ere %3ko hazkunde motela diru politika aringarriak nagusi diren egoera batean jazo dela. Bai garabideko herrialdeetan eta bai ekonomia aurreratuetan inflazio txikiak banku zentralei politika leunagoetarako bidea erraztu die, dagoeneko hazkundea pattaltzen ari zela antzematen zenean. NDFren arabera, diru merkeago hori gabe, hazkunde ekonomiko globala %0,5 puntu txikiagoa izango zen, bai 2019an baita 2020an ere. Beraz, neurri batean, diru politikek leundu egin dute gatazka komertzialen kaltea.

Hala ere, NDFko ekonomista buruaren arabera, diru politika ezin da izan hazkunde ekonomikoaren bultzagarri bakarra, haien ahalmena ere mugatua baita. Gopinathek beharrezko ikusten du politika fiskalak ere jokoan jartzea, horretarako ahalmena duten herrialdeetan. Dei zuzena egin dio Alemaniari: “Alemaniaren moduko herrialde batek interes negatiboen abantaila baliatu beharko luke kapital sozialean eta azpiegituretan inbertsioak egiteko, kostu-mozkin ikuspegitik besterik ez bada ere”. Ekonomiaren bilakaerak asko egingo balu okerrera, NDFren ustez, agian beharrezko izango litzateke nazioartean koordinatutako erantzun bat.

Lehentasun politikoen artean, diru funtsarentzat une honetan beharrezkoena merkataritza gatazkak eta tentsio geopolitikoak baretzea da, arreta jarri ahal izateko merkataritza sistema globala hobetzeko irtenbide kooperatiboetan. Gainera, NDFren ustez, herrialdeek batera egin beharko liekete aurre munduaren arazo nagusiei, hala nola larrialdi klimatikoari, nazioarteko zerga sistemari, ustelkeriari eta zibersegurtasuneko arriskuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.