Arreta istiluetan

Mossoek eskubideak eta ordena bermatuko dituztela ziurtatu du Generalitateak

Poliziaren oldarraldiak izan dira bart, eta hainbat protestarik barrikadak piztu dituzte. Mossoek 51 lagun atxilotu dituzte. Generalitateko buruak goizean bildu dira, eta Sanchez alderdietako buruekin elkartzekotan da gaur. Bideoak albistearen amaieran.

Gracia pasealekua, bart. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2019ko urriaren 16a
20:27
Entzun

Bart izan diren istiluek arrastoa utzi dute. Katalunian, egoera aztertzeko presazko bilera batera deitu du Quim Torra Generalitateko buruak. Pere Aragones lehendakariordea, Miquel Buch Barne kontseilaria eta Meritxell Budo Presidentetzako kontseilaria deitu ditu bilerara. Bilera ostean agerraldia egitekotan zen Buch, eta 10:30erako deitu dute prentsa. Bertan behera utzi dute, ordea, eta arratsaldean eman ditu azalpenak. Buchek ziurtatu du Mossos d'Esquadrak kataluniarren manifestazio eskubidea bermatu duela eta bermatuko duela, baina "ordena publikoa" babestuko duela ere ohartarazi du.

Kontseilariak argi utzi du Kataluniako Poliziak "edozein jarrera biolento, ez zibiko eta ez baketsu" jazarriko duela. Haren esanetan, "polizia kordoia hausteak, hiri tresneria kaltetzeak edo poliziei objektuak jaurtitzeak" ez du "inolako helburu demokratikorik". Mossoei esker ona adierazi die, eta gaineratu du orain arteko jokabidea "proportzionala" eta "profesionala" izan dela.

Atzoko liskarrei dagokienez, Buchek "talde minoritario biolento" batzuei leporatu die gertakarien ardura. Haren esanetan, talde horien indarkeriak ezin du zikindu mugimendu independentistak egin dituen mobilizazio jendetsuen izaera baketsua. Azaldu du 250 su piztu zituztela hirian, eta 200 zauritu izan zirela manifestariak eta poliziak aintzat hartuta. Talde horiek mobilizazioetatik kanporatzera deitu du. "Kataluniako gatazkaren konponbidea soilik posiblea izango da jarrera demokratiko eta baketsu batekin". Buchen iritziz, "politikak artikulatu behar du" Gorenaren epaiaren kontrako erantzuna.

Buchek ukatu egin du bart izandako liskarrek elkarbizitza arazo bat islatzen duenik. Adibide gisa jarri du, gaur, Askatasunaren Aldeko Martxetan hamarnaka milaka herritar ari direla protestan era baketsuan, eta mossoak herritar horien manifestazio eskubidea ari direla babesten. Katlauniako gizartearen gehiengo zabala gisa horretako mobilizazioen aldekoa dela nabarmendu du.

Mossoen foam jaurtigaiei buruz eta oldarraldi bortitzei buruz galdetuta, Buchek erantzun du Kataluniako Polizia bera ari dela ikertzen sare sozialetan zabaldu diren hainbat irudi, protokoloaren araberako jokabidea izan den ala ez argitze aldera. Proportzionaltasunera egokitzen ez diren jokabideak atzematen badira, horiek zigortzeko bide administratiboa jarraituko dela ziurtatu du. Buchek defendatu egin ditu Bartzelonako aireportuko oldarraldiak ere. Haren esanetan, aireportuko zenbat esparru okupatzea Zigor Kodean jasota dagoen delitua da, eta Poliziak halabeharrez esku hartu behar du.

Kontseilariaren iritziz, Kataluniako Polizia dagokion lana egiten ari da, eta, beraz, ez dago inolako arrazoirik Espainiako Gobernuak Segurtasun Nazionalerako legea ezarri dezan.

Azken orduetan, independentismoaren baitako hainbat sektorek eta hainbat gizarte eragilek eskatu dute Buchen dimisioa, mossoen bortizkeria neurriz gaindikoa izan dela iritzita. Buchek, ordea, ohikoa dela esan du; bere aurretik karguan izan direnek ere izan dituztela halako eskariak. Jakinarazi du ez duela dimititzeko asmorik.

Torrak ere hizpide izan ditu atzo gaueko liskarrak, horiei aipamen zuzenik egin ez badie ere. Askatasunaren Aldeko Martxan parte hartu du, eta, han, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria alboan duela hitz egin du. Bera eta Generalitatea jendearen alboan daudela esan du, eta gaineratu du epairen kontra egiten ari diren manifestazio guztiak babesten dituztela. Ez ditu onartu kazetarien galderak, eta, hala, bart izan diren istiluei buruz hitz egitea saihestu du.

Ada Colau Bartzelonako alkateak ere aldatu egin du agenda. Osoko bilkura berezia egitekoak ziren bihar Bartzelonako Udalean. Epaiaren ostean adierazpen bateratua egitea zen asmoa. Nolanahi ere, atzoko istiluen ostean egoera ez dela "lasaiena" argudiatuta, bilkura hori bertan behera uztea erabaki du.

Espainian ere izan dira mugimenduak: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Pablo Casado PPko buruarekin, Albert Rivera Ciudadanosekoarekin eta Pablo Iglesias Podemosekoarekin elkartzekotan da gaur. Casadorekin bildu da jada, eta, bileraren mamiari buruz azalpenik eman ez duten arren, Sanchezek esan du ez duela egoerari erantzuteko aukerarik baztertzen. Hala jakinarazi dio Casadori.

Ikusteko dago zer erabaki hartuko duten, baina Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak TV3 telebista katean egin dioten elkarrizketan aurreratu du gobernuak ez duela 155. artikulua aplikatzeko beharrik ikusten. Nolanahi ere, "gutxiengoa" egiten ari den indarkeirazko ekintzak geldiarazi egin behar direla nabarmendu du. Indarkeria deitoratzeko eskatu dio Torrari.

Ildo beretik mintzatu da Jose Luis Abalos Sustapen ministroa ere. Haren esanetan, ez dago baldintza nahikorik Segurtasun Nazionalerako legea ezartzeko. Neurriak azkarregi ez hartzearen alde agertu da, esaterako, baita 155 artikuluari dagokionez ere. Abalosek ziurtatu du gobernuak "agertoki guztiak" dituela aztertuta Katalunian.

Casado ez da gobernuaren iritzi berekoa. "Estatuak beti ustezko gazikileak baino urrats bat aurrerago joan behar du". Haren esanetan, beharrezkoa da Segurtasun Nazionalerako legea berehala ezartzea, Mossos d'Esquadraren aginte katean Torra egon ez dadin. Horrez gain, 155aren aplikazioa ahalbidetuko lukeen tramitazioa hasteko eskatu dio Sanchezi: galde diezaiola Torrari Espainiako Konstituzioari men egiten dion ala ez. "Obeditzeari uko egiten badio, gobernuak Senatuari baimena eskatu eta 155a aplikatu dezake".

Sanchez Iglesiasekin bildu da 17:00etan, Moncloan. Unidas Podemoseko buruak adierazi du bere koalizioak gobernua babesteko prest dagoela, baldin eta Katalunian "hantura txikiago" egiteko asmoa badu. Iglesiasek ez du uste Sanchezek "sabuespenezko neurririk" hartzeko asmorik duenik Katalunian. Nabarmendu du 155aren aplikazioak ez duela balio izan gatazka konpontzeko, eta elkarbizitzaren aldeko apustua galdegin du.

Iglesiasekin bildu ondoren elkartu da Sanchez Riverarekin. Ciudadanoseko buruak Quim Torra Kataluniako presidentea kargugabetzeko eskatu dio, eta "egiazko" 155a "berehala" ezartzeko Katalunian. Riveraren esanetan, ezin da onartu Generalitateko presidentea, "estatuak Katalunian duen ordezkari gorena", "estatuaren kontra" aritzea. Polizia eta Guardia Zibil gehiago Kataluniara bidaltzeko ere galdegin du.

Sua eta gomazko pilotak

Istilu larriak izan ziren atzo gauean Bartzelonan, ANCk eta Omniumek deitutako elkarretaratze bat amaitu ondorengo orduetan. Elkarretaratzea baketsua izan zen, kandela argien bueltan bildu ziren manifestariak. Hura amaitutakoan, baina, barrikadak piztu zituzten hainbat lagunek eta Poliziak oldartu egin zitzaien, gomazko pilotak erabiliz. 70 lagun baino gehiago zauritu dira, eta gutxienez 51 pertsona atxilotu dituzte Tarragonan, Lleidan, Bartzelonan eta Sabadellen. Atxilotuak aske uzten ari dira gaur. Tarragonan atxilotu zituzten 10 lagunak, esate baterako, aske utzi dituzte, karguekin.

Ikusgarriak dira Bartzelonako Gracia pasealekuko irudiak:

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzen aurrean egindako elkarretaratzeetan izan ziren aurreneko oldarraldiak. Horren ostean, alboko kaleetan barrikadak piztu zituzten hainbat manifestarik, eta harrika ekin zieten poliziei. Ondorioz, istilu handiak izan ziren, adibidez, Bartzelonako Gacia pasealekuan. Luze jo zuten, goizeko ordu txikiak arte.

Berri agentzien arabera, 70 lagun baino gehiago zauritu dira istilu horietan, eta atxiloketak izan dira Tarragonan, Lleidan, Bartzelonan eta Sabadellen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.