Indarkeria matxista

Epaiaren zain geratu da Majarenasen bikotekide ohiaren aurkako auzia

Gaur amaitu da Stylanos Messinezisen aurkako epaiketa Valentziako Probintzia Auzitegian, azken lekukoek eta perituek deklaratu ondoren. Alaba hiltzen saiatzea leporatu diote: 30 urteko zigor eskaera mantendu dute fiskalak eta akusazio partikularrak.

Sara Majarenasen alabaren erasotzailea libre utzi zutenean egindako elkarretaratzea. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 16a
14:45
Entzun

Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba Izar hiltzen saiatu zen gizonaren aurkako epaiketa gaur amaitu da. Irailaren 10ean eta 11n egin zituzten epaiketaren lehen bi saioak, Valentziako Probintzia Auzitegian, baina gaurko utzi zituzten azken deklarazioak eta aldeen ondorioak. Zigor eskaerak mantendu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak: 30 urteko kartzelaldia galdegin dute Stylanos Messinezisentzat, Izar alaba hiltzen saiatzea eta Majarenasi lesio psikikoak eragitea leporatuta. Defentsak, ordea, haren absoluzioa eskatu du, eta delituaren kalifikazioa aldatzea galdegin du: abokatuaren ustez, lesio delitu bat da.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek —gero etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, horien ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, birikan eta bihotzean. Ospitaleko ordezkariek eta perituek epaiketaren bigarren saioan azaldu zutenez, "oso gaizki" iritsi zen erietxera: "Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen". Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen ospitaleratuta.

Lehen saioan akusatuak berak berretsi zuenez, pentsatu zuen alaba hil egin zuela, eta hala aitortu zien Benifaioko udaltzainei. Haietako batek deklaratu du gaur: haurra etxetik atera zuenak, hain justu. Bi perituren adierazpenak ere falta ziren epaiketa amaitzeko: Alacanteko bi mediku forentse dira, Messinezis inputatu daitekeen ala ez argitzeko txosten psikologikoa egin duten adituak. Baietz adierazi dute perituek, Majarenasen abokatu Aiert Larrartek BERRIAri azaldu dionez: "Ondorioztatu dute akusatuak ez duela patologiarik izan, ez erasoaren unean, ez lehenago, ez ondoren".

Indarkeria matxista kasu bat

Azkenik, alde bakoitzak bere ondorioak aurkeztu ditu. Indarkeria matxista kasu gisara hartu dute fiskalak eta akusazio partikularrak: haien tesiaren arabera, amari min egiteko eraso zion akusatuak alabari; beraz, Izar hiltzen saiatzea ez ezik, Majarenasi lesio psikikoak eragitea ere egotzi diote Messinezisi. 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute biek, baina akusazioak segurtasun neurri gehiago galdegin ditu, “ama-alabak babesteko”: kartzelaldiaren ostean hamar urteko urruntze agindua ezartzea, eta Messinezisek genero indarkeria desagerrarazteko hezkuntza programetan parte hartu behar izatea espetxe onurak lortzeko.

Defentsak, ordea, absoluzioa eskatu du; gertaerak lesio delitu bat baino ez direla uste du. Epaiketaren lehen bi saioetan ere jokabide deigarria izan zuen defentsako abokatuak; besteak beste, epailearen haserrea eragin zuen, Majarenasen iragana estrategia gisa baliatu nahi izan baitzuen behin baino gehiagotan.

Kartzelan dago egun Messinezis; hain justu, irailean espetxeratu zuten behin-behinean (otsailetik aske zegoen), epaiketaren lehen bi saioen ostean, auzian agertutako frogen ondorioz ihes egiteko arriskua handiagoa zela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.