Industria

Makina erreminta eskarietan ari da nabaritzen automozioaren geldialdia

2019an jarduera ona izaten ari dela dio AFMk, baina deformazioaren alorreko enpresek eskarietan  motelaldia antzeman dutela. AFM Clusterrek bere 22. Kongresua egingo du, urriaren 23tik 25era, Donostian.  

Xabier Ortueta, Imanol Lasa, eta Alex Arriola gaur, AFMren Kongresua aurkezten. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2019ko urriaren 16a
15:44
Entzun

Makina erremintako, fabrikazio gehigarriko eta horien inguruko 500dik gora enpresa biltzen ditu AFM Clusterrek, eta bi urtean behin industriaren alorrean Euskal Herrian egiten den kongresu zaharrenetakoa antolatzen du. 22. Kongresua urriaren 23tik 25era egingo da Donostian Gipuzkoako zientzia eta teknologia parkean, eta hura aurkeztu dute gaur Imanol Lasa Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak, eta Felix Arriola Spriko zuzendari nagusiak.

Imanol Lasak industriak Gipuzkoako ehun ekonomikoan daukan garrantzia azpimarratu du, “gure balio erantsiaren %28a da”, eta horren ardatz nagusietako bat nola den makina erremintaren sektorea, “sekulako trakzio gaitasuna duelako, nazioartekotuta dagoelako, eta digitalizazioaren aldeko apustu nabarmena egiten ari delako”.

Xabier Ortuetak sektorearen egoeraren balorazio laburra egiteko baliatu du gaurko aurkezpena. Haren arabera, iaz “ urte ona” itxi zuen sektoreak, fakturazio errekorrarekin eta esportazio kopuru handiekin. “Aurten ere, esportazioetan ia errekorretan ibiliko garela espero dugu, ia 1.400 milioi euroren esportazioak eginez”. Izan ere, iazko urtea ona izan zen ere eskarien bilketarako, eta horren ondorio da 2019ko jarduera “ona, osasuntsua”. Ortuetak azaldu du enpresak “nahikoa lanarekin” dabiltzala, eta fakturazioa aurreko urteetako mailetan ibiliko dela.  

Hori bai, AFM moteltze bat antzematen ari dira eskarien bilketan, zeinak datozen sei-hamabi hilabetetarako bidea markatuko duen. Eskarien bilakaera, dena den, desberdina izaten ari da makina erremintaren barruan: harroketarako makinen ekoizleak betetzen ari dira euren buruei ezarritako eskari helburuak; baina, deformazioaren alorra “gehixeago ari da sufritzen”, lotuagoa dagoelako automozioaren sektoreari.

Mugikortasunaren aukerak

Automobilgintzak bizi duen geldialdia edo zehaztugabetasun aldia nozitzen ari dira automozioari zuzenago lotuak dauden enpresak, “definizio gabeziak inbertsioi berriak kaltetzen dituelako”. Xabier Ortuetak bi ikuspegitatik begiratu dio automozioko zehaztugabetasun horri: “Batetik, eskaintzaren aldetik, merkatura eramango duten proposamena ez dagoelako argi. Eta bestetik, eskaria dago; oraindik zehazteko dago gizarteak zein mugikortasun eredu hautatuko duen. Ez dagonean argi zer salduko den eta zer erosi, inbertsioak gelditu egiten dira”.

Bai Xabier Ortuetak bai Alex Arriola SPRIko zuzendariak azpimarratu dute autoak saltzen eta erosten jarraituko direla, eta bide hori ez dagoela agortuta inondik ere. Baina uste dute iritsiko den mugikortasun eredu berriak aukera berriak zabalduko dituela euskal industriarentzat, makina erremintarentzat eta fabrikazio aurreratuarentzat.

Arriolaren aburuz, oso garrantzitsua izango da mugikortasunak zein bide hartuko duen, “elektrikoa, hibridoa... ez dakigu zer izango den. Gero auto autonomoena ere iritsiko da”. Horrek guztiak SPRIko zuzendariaren ustez, “iraultza ekarriko du gure herrira. Eta ez naiz automozio sektoreaz bakarrik ari, jakinda gure herrian zein pisu duen;makina erremintara, materialak, informazio teknologiak, elektronika, energia... Sektore askotara iritsiko dira aldaketa honen ondorioak”.

Euskal enpresak eta erakundeak adi egon behar dutela uste du Arriolak, eta adi daudela.  “Europan eta mundu herrialdeak ari dira euren posizioa hartzen, adibidez, Txina baterietan oso gogor dabil, AEBek ere bai. 5G ere oso garrantzitsua izango da auto autonomorako. Euskadi ere hausnarketa hori egiten ari da, jakiteko enpresak zertan espezializatuko diren mugikortasun eredu berriak ekarriko dituen aukeretarako”.

AFMren 22. Kongresuak balioko du joera eta aukera berrien bilaketan sakontzeko. Bi urtez behin egiten den bilkurak aurten fabrikazio aurreratuaren eta digitalizazioaren ikuspegi global bat eskaintzeko borondatea du. Hain zuzen, automozioaren erronkei buruz hitzaldia emango duen Francisco Jose Riberas Gestampeko presidentearekin zabalduko da kongresua; eta hiru egunez, urriaren 23tik 25era elektromugikortasunaren, digitalizazioaren, adimen artifizialaren eta beste hainbat gairen inguruko hitzaldi eta ponentziak izango dira. Xabier Ortuetak, besteak beste, fabrikazio gehigarriko industria prozesuei buruzko hitzaldien interesgarritasuna azpimarratu du. “Izen-emateak martxa onean doaz eta aretoak ia beteta dauzkagu, baina oraindik inork interesik badu, aukera zabalik dauka oraindik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.