Literatura

Nobela berria aurkeztu du Atxagak: 'Etxeak eta hilobiak'

Bere azken nobela izan nahi lukeela berretsi du idazleak. "Bazterragokotzat" dituen beste lan asko ere egiten dituela aipatu du, eta horiei heltzea duela orain desio.

Bernardo Atxaga idazlea, gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean.
Bernardo Atxaga idazlea, gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean. Maialen Andres / Foku

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko urriak 16

Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa aurpegi ezagunez beteta zegoela aurkeztu du Bernardo Atxagak bere nobela berria, gaur goizean. Ohi duenez, Pamielarekin eman du argitara, eta alboan izan ditu Pello Eltzaburu argitaletxeko editorea eta Frantxis Lopez-Landatxe Koldo Mitxelenako zuzendari ohia. Beste nobela bat ahotan hartuz heldu dio bereari Atxagak: Leon Tolstoiren Hadji Murat. Arreta piztu zion idazleari Tolstoik kardulatz zapaldu bat lurrean ikusi, eta irudi horretatik nola atera zuen nobela osatzeko behar zuen guztia. Marcel Prousten magdalenarekin gogoratu zen gero: "Proustek usaindu zuen magdalena, eta prezipitazio moduko bat eragin zuen bere memorian; hortik atera ziren zazpi liburu, nahiko luze eta oso on." Atxagaren ustez, hori da liburuak idazteko bidea; irudi bat da maiz liburu baten genesia

Hala gertatu zaio berari Etxeak eta hilobiak-ekin. Txori bat izan zen bere kardulatza, bere magdalena. Mika bat, zehazki. Kontatu duenez, Madrilgo El Pardo kuartelean ezagutu zuen mika hori, eta, ordutik, 40 urtetik gora egin ditu bere memorian. "Sumatzen nuen mika hau ez zela nolanahikoa, bere inguruan gauza asko jasotzen zituela. Batez ere, kuartel batean gertatzen zelako. Kuartel batean zerbait gertatzen baldin bada, esan nahi du jende oso arruntaren artean gertatzen dela. Ez gaude Tolstoiren dantzaldi aristokratikoekin, ez gaude Prousten giro burgesetan. Gu gaude nekazari, kamerero, taxista, tornero, aktore eta horrelako jende baten artean". Eta jende hori interesatzen zaio Atxagari, tartekoa sentitzen delako. "Kuartela da, azken batean, kartzela bat, eta bertan dagoen jendea dago harrapatuta, ezin da atera; horregatik, esaterako, adiskidetasuna murruz barrura ez da askatasuna murruz kanpora, beste zerbait da".

Hortik tiraka hasi, baina "hegoak" falta zitzaizkion ideiari. Paueko kolegio batean emaniko uda bat gogora etortzean hasi zen narrazioaren mataza askatzen, lehen pertsonaia ikusi zuenean: Frantziara frantsesa ikastera joan eta mutu itzuli zen mutikoa. Elias. Haren istorioa idazten joan ahala, inguruko pertsonaiak eraiki "beharrak" eman zion segida kontakizunari. "Poema bat egiteko ez da pertsonaiarik behar, nahikoa da autorearekin. Ipuin bat egiteko ere, ez da askorik behar. Baina 400 orrialdeko nobela bat egiten duzu pertsonaien bidez, edo ezin da, horiek dira zutabeak". Hala, Eliasekin batera, azalduko dira nobelan anai biki bi, astero Baionara psikiatra batengana doan ingeniaria, ospitale batean dagoen neskatoa, sindikatu baten aldizkarian diharduen gaztea... Atal batean bigarren lerroko pertsonaia dena, zentral bilakatuko da hurrengoan; batean haur dena, helduaroan azalduko da ondorenean.

Oraingoan historia gogoan

"Ibai bakarrera jotzen duten errekak" dira Atxagaren nobela berriko sei piezak, liburuaren kontrazalean irakur daitekeenez. Sei atal dira denera, eta guztietan zehazten da urtea, batean izan ezik: lehen atala 1972. urtean kokatzen da; bigarrena 1970ean; hirugarrena 1985-1986an; laugarrena 2012an; bosgarrenak ez du datarik, telebista barruan gertatzen delako; eta seigarrena 2017an. Atxaga: "Idazleak hori egiterakoan baieztapen bat egiten du, eta da: 'Nik gogoan hartuko dut historia'. Obabakoak idatzi nuenean, hor ez dago inolako datarik, ez dago egunkaririk, ez dago historiarik. Hemen, berriz, urteak markatuta, derrigorrez dago historia. Garaiak kutsatu egiten du atal bakoitza; ez da bakarrik objektuak-eta aldatzen direla, aldatzen da gizartea, aldatzen da hitz egiteko modua, dena".

Prosa gardena defendatu du Atxagak. “Autoaren aurreko kristaletik atzean dauden paisaiako elementuak ikusi behar dira”. Alor horretan, Asun Garikanorekin egindako edizio lana nabarmendu du. “Ia zilegi litzateke esatea gure prosa dela. Azken lau hilabeteetan egunero-egunero jardun dugu elkarrekin testua prestatzen”. Auzia zera da, ordea, Atxagarentzat: prosa ezin dela inoiz erabat gardena izan. “Ez da posible”. Hizkuntza bera nobeletan “gaia” bihurtzen dela uste du, eta “irisazio batzuk” markatu dizkiola, horregatik, hizkuntza gardenari. “Laugarren atalean, testuak hartzen du Agatha Christieren irisazioa; esaterako”.

Idazterakoan, aldez aurretik duen helburu nagusietako bat “mugimenduarekin mugimendua egitea” dela ere erantsi du idazleak. “Garai batean esaten zen izarrak ez zirela aldatzen, finko zeudela zeruan, itsatsita bezala. Egun bistakoa da bizitza eta mugimendua leku guztietan dagoela, ez dagoela leku etereorik, eta baldin badago leku bat batere etereoa ez dena, hori gure burua dela”. Hori biltzea da Atxagarentzat idazlearen erronka handi eta interesgarriena: “Errealitatearen mugimendu ahalik eta gehien jasotzea, ahalik eta zuzenen; noski, mugimendua duen testu batekin”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna