HIZKUNTZA POLITIKA

Euskarari buruzko "araudi berri bat" prestatzen ari da Nafarroako Gobernua

Euskara meritu gisa aintzat hartzearen alde azaldu da Ollo kontseilaria: "Ez dugu langile erdipurdikoen administraziorik nahi"

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko urriaren 16a
17:31
Entzun

Euskararen dekretua aldatuko dute. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 1ean baliogabetutako artikuluak, bederen. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eman du erabakiaren berri, legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Gobernuak eutsi eginen die oraindik indarrean diren puntuei, eta horiek "garatzen segitzeko" asmoa agertu du Ollok: "Dekretua bizirik dago erabat". Are: kontseilariaren irudiko, epaileek ontzat jo dute "euskararen dekretuaren zati handiena", 41 artikulutik 36 ez baitituzte atzera bota. "Nafarroako Auzitegiko salak babestu egin du dekretuaren %90etik gora; hortaz, dekretua bizirik dago".

Baliogabetutako artikuluei dagokionez, ordea, Nafarroako Gobernua "araudi berri batean" lanean ari dela esan du Ollok: "Bertan behera gelditu diren artikuluen kasuan, epaiak hutsune juridiko bat eragin digu". Kontseilariak azaldu duenez, sententziak de facto baliogabetu ditu aurreko dekretuak ere. "Hortaz, merituei dagokionez, ez legoke araudirik, ezinezkoa baita aurreko dekretuetara itzultzea".

Ziurgabetasun juridiko hori konpontze aldera, bi bide aipatu ditu Ollok: batetik, epaiaren kontra kasazio helegitea aurkeztea, eta bestetik, dekretua osatzeko arau berriak ontzea. Helegiteari buruz, gobernuak ez du erabakirik hartu, oraingoz: "Helegitea aurkeztuko ez balu, gobernuaren borondatearen esku geratuko litzateke eremu ez-euskaldunean eta mistoan errotulazio elebiduna jartzea, ez litzateke Europako hizkuntza gutxituen gutuna beteko, Euskararen Legearen hainbat artikulu ere urratuko lirateke, eta eremu euskaldunetik kanpoko lan deialdietan, euskarak ez luke izanen gutxieneko puntuazio orokor bat, beste hizkuntzek ez bezala".

Gobernuak lantalde bat osatu du, euskararen araudi berria prestatzeko. Ollok azaldu du, halaber, euskara meritu gisa aintzat hartzeko neurriak zehaztuko dituztela.

Remirez: "Itun programatikoa beteko dugu"

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek ere aipatu du euskarari buruzko araudi berria: "Maila teknikoan lanean ari gara uneotan, arau aldaketa gauzatze aldera". Hiru helburu nabarmendu ditu Remirezek: "Segurtasun juridikoa bermatzea, foru hobekuntzak dioena betetzea eta itun programatikoa betetzea". Zehazki, bozeramaileak azpimarratu du "ahalik eta kontsentsu handiena" lortu nahi dutela euskararen inguruan, "politikaren, gizartearen eta sindikatuen esparruetan".

Edonola ere, arau aldaketa "lasaitasun osoz" aztertuko dutela gaineratu du Remirezek, "auziaren balizko judizializazioa saihesteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.