Mobilizazioak Euskal Herrian

Aske gelditu dira Ertzaintzak Gasteizen atxilotu dituen 19 gazteak

Euskal Herrian ere mobilizazioak egin dituzte goizean eta iluntzean, Altsasuko gazteen eta Kataluniako erreferenduma antolatu dute buruzagien kontrako epaiak salatzeko. Gasteizen trenbidea itxi dute, eta Ertzaintzak atxilotuta eraman ditu 19 gazte. Iluntzean aske gelditu dira, eta "desordena publikoa" egotzi diete.

Berria -

2019ko urriak 17

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte eguerdian Euskal Herrian, Kataluniako buruzagi subiranisten kontra Espainiako Auzitegi Gorenak eman duen epaia salatzeko eta Altsasuko gazte espetxeratuak askatu ditzatela eskatzeko. Ernaik antolatu ditu mobilizazioak Gasteizen eta Bilbon. Ertzaintzaren oldarraldiak izan dira eta 19 gazte atxilotu ditu. Iluntzean aske utzi dituzte guztiak.

Gasteizen, manifestazioa amaitu denean, trenbidea ixtera joan dira hainbat lagun.

Ez du denbora asko iraun mozketak, Ertzaintza etorri eta handik kanporatu baititu.

Atxilotuta eraman dituzte hainbat gazte. Segurtasun Sailak baieztatu du 19 direla atxilotuak. Ez dira hor amaitu istiluak: hirian zabaldu dira gero.

Bilbon ere jendetsua izan da manifestazioa. Gainezka egin du Arriaga plazak.

Arriagatik Espainiako Delegazioaren aurrera joan dira, eta Ertzaintzak haien kontra egin du. Errepidetik kentzeko esan diete, baina espaloian ere kolpeak hartu dituzte manifestariek.

Donostian istilurik gabe egin dute manifestazioa.

Iruñean, arratsaldean izan dira mobilizazioak. 19:30ean abiatu da manifestazioa Nabarreriatk. Gasteizen eta Donostian ere manifestazio bana egin dute ordu berean, Ertzaintzak Gasteizen atxilotu dituen gazteak libre utz ditzatela eskatzeko. Hala gertatu da azkenean. "Desordena publikoa" egotzi diete, Gasteizko tren geltokia okupatzeagatik.

Faxismo mozorrotua

Goizeko mobilizazioen ondoren, Espainiako Justiziaren kontra mintzatu da Ernai, ohar bidez. Ezker abertzaleko gazte erakundearen esanetan, Espainiakoa "justiziaz mozorrotzen den legedia faxista" da, eta ez du botere banaketaren printzipioa errespetatzen. "Demokraten maskara jarri nahi du ezintasunez beteta eta berrasmatze lanetan dagoen espainiar erregimenak".

Ernairen esanetan Altsasuko gazteen eta Kataluniako prozesuaren kontrako auziaren epaiek agerian utzi dute Espainiako Estatuko "estolden boterea" eta "lobby ultranazionalistek" sistema judizialean duten eragiteko gaitasuna.

Egoera horren aurrean, Ernaik ohartarazi du independentzia dela Euskal Herriak duen aukera bakarra. Helburu hori lortze aldera, "autodeterminazio eskubidea gauzagarri egingo duen gazte olatua" antolatzera deitu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna