EBren abokatuaren iritziz, behin-behineko kontratu gehiegi daude Espainiako osasun publikoan

EBko Justizia Auzitegiak eman behar du ebazpena, Madrilgo bi kasuren harira. Behin-behinekotasuna kritikatu arren, EBren abokatuak baztertu egin du, konpentsazio gisa, langile horiek finko bihurtu beharra.

Europako Justizia Auzitegia. JULIEN WARNAND / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 17a
15:52
Entzun

EBren abokatuaren esanetan, osasun publikoko behin-behineko kontratuei dagokionez, Espainiako legediak eta epaitegien jurisprudentziak ez dute bat egiten Europako Batasuneko araudiarekin. Madrilgo osasun zerbitzuko bi kasu aztertzen ari da EBko Justizia Auzitegia, eta horren inguruko iritzia eman du Juliane Kokott abokatuak. Iritzi hori ez da loteslea, eta Justizia Auzitegiak eman beharko du ebazpena.

Kokotten hitzetan, "espainiar auzitegien azterketa ikusita, ondorioztatzen da behin-behineko zerbitzuen bidez bete nahi dutela etengabea eta iraunkorra den langile premia". Hau da, behin-behineko kontratuak behin eta berriz berrituz bete dutela lan eskaria, eta hori ez datorrela bat Europako araudiarekin. Baztertu egin du, ordea, langile horiek finko bihurtu beharra.

Bi kasuren harira eman du iritzia EBren abokatuak. Madrilgo osasun publikoko zerbitzuarentzat ari ziren langileak dira denak; 12 eta 17 urtez behin-behinean aritu ostean, finko egiteko eskatu zuten, baina ukatu egin zieten eskaria.

Behin-behineko kontratuen erabilera kritikatu arren, behargin haiei emandako erantzunak EBren araudia betetzen duela esan du Kokottek: hau da, langile horiei postua bermatzea "enplegatzaileak langile beharrak aztertu eta dagozkion betebeharrak bete bitartean", eta kalte-ordaina ematea. Baztertu egin du, beraz, konpentsazio gisa langile horiek finko bihurtu beharra.

Ez da gaiari buruz EBko Justizia Auzitegiak emango duen lehen ebazpena. 2016an, epaileek ebatzi zuten gehiegizko behin-behinekotasuna zegoela Espainiako osasun publikoan, eta horrek "langileen prekarietate egoera iraunkor egitea" zekarrela.

Euskal Herrian, sindikatuek behin baino gehiagotan salatu izan dute egoera hori, bai Osakidetzan, bai Osasunbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.