Literatura

Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' da saiakerako Euskadi sariduna, eta Isabel Etxeberria itzulpengintzakoa

"Etxera bidean" liburuagatik irabazi du saria Xamarrek, eta Alice Munroe idazlearen 'Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak' euskaratzeagatik Etxeberriak.

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 18

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman du sarituen berri gaur, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. 18.000 euro jasoko ditu bakoitzak, eta, sorkuntza lanen kasuan, 4.000 euroko beste sari bat ere jasotzeko aukera izango dute obra beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Donostiako Tabakaleran egingo dute sari banaketa ofiziala, azaroaren 18an.

Harridura du abiapuntuan Xamarren saiakera historiko eta autobiografikoak. Nafarroako Aezkoa ibarrean 1936ko gerrak eragindako etena aztertzen du, eta lan hori memoria historikoarekin lotuta dagoela zehaztu du. "Ebatsi ziguten herria, ebatsi ziguten hizkuntza, eta ebatsi ziguten kultura. Eta harrituta gelditu ginen horrek suposatzen zuen guztiarekin. Gure gurasoen belaunaldiak basatiki sufritu zuen eten hori, eta harrituta gelditu ginen ohartzean gure gurasoak euskaldunak zirela". 

Historialariak baikor borobildu nahi izan du saria jasotzerakoan emandako mezua. "Garai hartan ameskeria bat zen Aezkoako haurrek, denek euskaraz ikasiko zutela. Problematika orain beste bat da, ze herri txiki horiek husten ari dira eta abar, baina bederen horren kontzientzia erein genuen, eta loratu egin da nolabait".

Erakuskeriarik gabe

Munroeren estilo zuzen eta itxuraz xaloa euskarara ekartzeko izan duen modua txalotu du epaimahaiak, Etxeberriaren itzulpenean. Eta, hain zuzen ere, estilo horren nondik norakoen berri eman du itzultzaileak. "Munroeren ipuinetan itxuraz oso pasadizo txikiak kontatzen dira, pertsonaiak ere arruntak dira, ez dirudi gauza lazgarririk gertatzen denik, baina, era berean, lortzen du sentimenduen mataza konplexuak osatzea, eta elkarri lotzen zaizkion harien bidez lortzen ditu mataza horiek". Esan duenez, ñabardura horiek itzultzen asmatzea izan da lanik zailena.

Ramon Eder idazleak jaso du gaztelerazko literaturakoa, Palmeras solitarias liburuagatik, eta Daniel Innerarityk, berriz, gaztelerazko saiakerakoa, Políticas para perplejos lanagatik.

Komunikazio kanpaina

Lanen kalitatea aitortzea da sarien lehen helburua, Zupiriak azaldu duenez, baina beste xede bat ere badute: lan horiei ikusgarritasuna ematea, hain zuzen ere. Eta horregatik egin du sari izendapena bi kolpetan. "Lan hauei buruz hitz egitea nahi dugu". Komunikazio kanpaina bat egingo dute horretarako hedabideetan.

Aurreko astean eman zituzten, Gasteizko Artium museoan, beste hiru sarituen izenak. Irati Elorrietak irabazi du Euskarazko Literaturako saria, Neguko argiak lanagatik, Patxi Zuizarretak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria, Korri, kuru, korri! liburuagatik, eta Asisko Urmenetak jilustraziorik onenarena, AztiHitza: Xahoren Biografikoa lanagatik.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna