Greba orokorra

Dena geratuz altxatu dira

 

Gurutze Eizagirre Intxauspe - Jon O. Urain -

2019ko urriak 18

Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten aurkako epaia jakinarazi bezain pronto hasi ziren Kataluniako herritarrak kalera ateratzen, astelehenean. Intersindical-CSCk eta Intersindical Alternativa de Catalunyak greba orokorrerako deialdia sartuta zuten ordurako, hilaren 18rako. Bat egin dute greba deialdi orokorrak eta sententziaren ondorenak eragindako mobilizaziorako grinak. Askatasunaren Aldeko Martxak abiatu ziren asteazkenean Kataluniako bost hiritatik eta greba egunarekin batera iritsi dira Bartzelonara, 17:00etan intersindikalak deitutako manifestazioekin bat egiteko.

Bartzelona erdigunean goizean oso nabaria zen geldialdia. Hiriburua zeharkatzen duten etorbide nagusietan oso trafiko gutxi zebilen, Gran Via edo Passeig de Gracian, kasurako. Denda eta komertzio txiki batzuk irekita zeuden lehen orduan erdigunean, baina Boqueria azoka plaza, esaterako, gehien-gehiena itxita zegoen, postu gutxi batzuk salbu. Eta haiek ere nahi baino genero gutxiago daukatela zioten, errepide nagusiak itxita egon direnez, ez zitzaielako iritsi.

Bartzelonako portuan zamaketariek ere greba egin dute, eta gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte egin.

Unibertsitate guztiek eten dituzte eskolak. Ikastetxeetan, sei gelako irakasle bat ezarri dute, garraio publikoa %33an, eta metro eta Ferrocarrils de la Generalitat eta tranbiak ordu puntetan %50ean, eta gainerakoan %25ean. Metroan, lehen orduetatik antzeman da jendearen joan-etorria lan egunetan izaten dena baino eskasagoa zela. Ohiko jendetzarik ez da ikusi, ordea; eroso joan zitekeen metroan, beste egun batzuetan estututa joateko izaten diren orduetan.

Farmaziak %100ean eta ospitaletako larrialdien zerbitzua normaltasunez aritu da.

Hedabide publikoek %50eko zerbitzua dute ezarrita ohiko informazioetan. El Punt, Ara eta Vilaweb hedabideek bat egin zuten grebarekin, besteak beste, eta horri buruzko informazioa baino ez dira ari ematen.

Goizean beraz, Bartzelona erdigunean ohikoa baino askoz ere jende eta trafiko gutxiago zegoen. Unibertsitateko plazan gosaritarako geratu diren gazteak. Izenik eman nahi ez duten gazteetako batek BERRIA-ri azaldu dio grebarekin bat egiten dutela Espainiak ezarritako eskubide eta askatasunen murrizketengatik protesta egiteko: «Arazo hau konpontzea oso erraza da: preso politiko guztiak kalera eta hautetsontziak jarri. Eta amaitu da. Ez legoke ia harri bat gehiago, botila bat gehiago... esaten dute indarkeria sartu dela, baina ez da halakorik: gazte jendea da, nekatu dena ja: soldata duinik ez du, ezin du gurasoen etxetik atera, ezin du etxe bat erosi... miseria da. Badago lelo bat esaten duena 'miseria ereiten duenak gorrotoa jasotzen du', horixe gertatzen ari da hemen. Zapaltzen zaituzte etengabe eta azkenean jendea altxa egiten da».

Azken egunetan sortu diren istiluak ere izan ditu hizpide: «Indarkeriari buruz diotenarekin, astelehenean aireportuan eta asteartean Passeig de Gracian poliziek hasi zituzten istiluak, barrikadak defenditzeko modu bat dira. Barrikadak egitea ez da indarkeria, defentsa da armatuta dauden gizon batzuen aurrean. Manifestaziorako eskubidea ere erreprimitu nahi dute, eta horregatik egiten dira barrikadak. Hori ez da indarkeria. Indarkeria Poliziak eragiten du».

Gosaria egin ostean martxetara jo dute. Goizean herritar asko ikusten ziren kalean, ikur independentistak edo esteladak soinean hartuta, martxetarako bidean. Metroa hartzera zihoazen laukote heldu bat, hain zuzen. Vicen egon ziren asteazkenean, eta gaur Badalonara zihoazen, handik martxa hartu eta Bartzelona sartzeko. Rosa Fonek eta Jordi Padrok kalera atera behar dela uste dute: «Urte asko dira kalera aterarazten gaituztena. Bidegabekeria handia jasaten ari gara, eta egin dezakegun gauza bakarra hauxe da: modu baketsuan kalera atera, eta herri hau noizbait libre izateko lanean segi. Gaueko istiluak itzal handiegia egiten ari dira benetan dagoen mugimenduari. Horrek ez digu batere laguntzen. Eta hedabideek askoz ere garrantzia gehiago ematen diete istiluei, baina ez dira inolaz ere gehiengoa. Milaka manifestari baketsu daude kalean, eta horiek ez dituzte ateratzen. Frankismoa ezagutu genuen, eta orain sententzi honekin, murrizketak hain dira handiak. 40 urte hauek estali baino ez dute egin frankismoa».

Errepideak, libre

Greba deialdiaren jarraipena handiagoa izan da erdigunetik aldenduago dauden beste auzo batzuetan. Santsen esaterako, apenas egon den autoen zirkulaziorik etorbide nagusietan, eta pertsianak lurreraino zituzten saltoki gehientsuenek. Gauza bera gertatu da Collblancen, baina zonalde horretan gero eta gehiago izan dira goizak aurrera egin ahala saltokia zabaldu dutenak. Nagusiki, kafetegiak eta saltoki handiak izan dira ateak zabaldu dituztenak.

Are nabarmenagoa izan da jardueraren apalaldia Sagreran. Auzo horretatik igarotzen da Meridiana, Bartzelonako etorbide nagusietako bat, baina zaratarik izan da gaurko ezaugarri nagusia; autoen ohiko joan-etorriaren arrastorik ez da egon ia. Jendea ere tantaka ikus zitekeen, eta horietako hainbatek soinean zeramaten ANC Biltzar Nazional Katalanak aurtengo Diadarako prestatutako kamiseta. Meridianan du bulegoetako bat Bartzelonako Udalak, eta, sarreran, egoera politikoaz eta ondorioez solasean aritu da langile talde bat. Gai bakarra zuten mintzagai: Bartzelonak eta Real Madrilek hilaren 26an jokatzekoa zuten futbol partida atzeratu egingo dutela, testuinguru politikoaren eraginez.

Errepide mozketa ugari izan dira goizean goizetik hiriburuan, eta hainbat pikete aritu dira gune zehatz batzuetan. Supermerkatu batean, mossoek indarrez kaleratu dute bertara joandako taldea. Datu bat, errepideetan izandako mugimendu eskasaren erakusle: Les Cortsen, bezperan izan zen kutsadura baino lau bider gutxiago neurtu dute gaur.

Bartzelonatik kanpo ere nabaritu da greba. 200 bat lagunek Tarragonako porturako sarbidea itxi dute, eta Hego eta Ipar Kataluniaren arteko errepidea ere eten dute, Junqueran. Gauza bera egin dute Andorrarako bideekin ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna