Euskara

Hizkuntz eskubideak bermatzeko, "ausardia" eskatu dio euskalgintzak Nafarroako Gobernuari

Ehunka herritar, milatik gora, elkartu dira Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean Nafarroako Auzitegi Nagusiak foru dekretuaren aurkako gaitzespena adierazi eta babesa eskatzeko. 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen erabileraren dekretuaren inguruan emandako epaiaren aurkako protesta. IDOIA ZABALETA, FOKU
joxerra senar
2019ko urriaren 19a
08:50
Entzun

"Ausardia, ausardia eta ausardia". Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eskaera hori zuzendu dio Nafarroako Gobernuari Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondotik sortu den egoerari aurre egiteko. "Ausardia behar da euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatuko dituzten langileak kontratatzeko, ausardia behar da euskaraz bizi nahi dugunoi lagunduko digun politika bat abian jartzeko". Bilbaok gaineratu du "bi bide" baino ez dituela aurrean gobernuak: "Bereizkerian eta gehiegikerian oinarritutako iraganeko politiketara itzultzea edo benetan berdintasuna, kohesioa eta justizia ardatz izango dituen politika bat abiatzea".

Hain zuzen ere, hiru lelo horiek izan ditu aldarri elkarretaratzeak: Berdintasuna, kohesioa eta justizia. Hitzok adierazten zituzten kartelei helduz, euskalgintzako eragileetako ordezkariak izan dira, baita deialdiarekin bat egin duten sindikatuetako kideak ere. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuak bat egin dute kontzentrazioarekin. Halaber, Nafarroako eskualdeen izenek adierazten zituzten kartelak ere ikusi ahal izan dira. Ordu erdi inguru iraun du, eta denborak aurrera egin ahal, Nafarroako jauregi aurreko eremua betetzen joan da, erdiraino.

Amaieran, Bilbaok, Imanol Pascual ELAko Nafarroako arduradunak eta Imanol Karrera LABeko arduradunak hartu dute hitza. Bilbaok "larritzat" jo du epaia, eta berdintasuna, justizia eta kohesioaren printzipioekin "zuzenean talka" egiten duela ohartarazi du. "Paradoxikoa da teorian eskubideen zaintzarako egon behar lukeen erakunde batek hizkuntz eskubideak bermatzeko neurrien kontra egitea".

Hala ere, Bilbaok gaineratu du bazekitela halako zerbait etor zitekeela. Iragan legealdian, euskararen legearen aldaketa aztetzeko parlamentuan batzorde berezi bat osatu zen, eta bertako bilera batean Kontseiluak aurreratu zien legebiltzarkideei 1986ko Euskararen legea dela arazo nagusia "herritarrak babesgabe uzteaz gain, neurri ausartak hartzeko oztopo ikaragarriak jartzen dituelako". Bilbaoren ustez, epaiak hori erakutsi du. "Larria da, baina bagenekien gerta zitekeela".

ELA eta LABen adierazpenak

Pascualen ustez, "ezinbestekoa" da Euskararen legea aldatzea, zonifikazioarekin amaitzeko eta eskubideak bermatzeko. "Betiko tokian" ikusten ditu PSN, Navarra Suma eta "hainbat sindikatu", tartean UGT eta Afapna. Erakundeontzat, euskara "B mailako" hizkuntza da, baina "bereziki kezkagarritzat" jo du gobernuaren jarrera. Gogorarazi du iazko ekainean eskuinak antolatutako manifestazioan gobernuko hainbat kide, tartean egungo hezkuntza kontseilaria, izan zirela. Besteak beste, gobernuari eskatu dio epe motzera epaiari kasazio helegitea jartzeko.

Karrerak azaldu du "euskararen aldeko borroka langileena ere" badela. "UGT eta hainbat erakunde betiko tokian daude, euskarafobiarenean". Gaineratu du egungo esparru politikoa eta legala "agortuta" dago eta aldatu beharra dago. "Zonifikazioa gaindituko duen lege berri bat behar da".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.