Katalunia

Globoak errepresioaren aurka

CDRek deituta, protesta bat egin dute gaur arratsaldean Barne Kontseilaritzaren parean, Bartzelonan. Pedro Sanchez Bartzelonan izan da gaur, bisita azkarrean; ez du Quim Torrarekin bildu nahi izan.

CDRek deituta Bartzelonan egin duten elkarretaratzea, gaur arratsaldean.
CDRek deituta Bartzelonan egin duten elkarretaratzea, gaur arratsaldean. Toni Albir / Efe

Oihana Elduaien Uranga -

2019ko urriak 21

Eguneko protesta nagusia izan da CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek 19:00etan hasi dutena, nahiz eta ez den bakarra izan. Han bildutakoei eskatu diete globoak pinturaz bete eta Barne Kontseilaritzaren egoitzarantz aireratzeko, eraikinari "kolorea emateko". Horrela salatu nahi izan dute duela astebete lider independentisten epaiaren aurkako mobilizazioak hasi zirenetik indarkeria erabili dutela Mossos d'Esquadrak eta Espainiako Poliziak. Beste globo batzuk, pinturaz bete, eta eraikina zaintzen ari ziren polizia ibilgailuei jaurti dizkiete.

Arratsaldean protesta gehiago ere izan dira. Bartzelonako Meridiana etorbidea itxi egin dute 20:00 aldean, adibidez. Tarragonan, ehunka pertsonak martxa bat egin dute Mas d'Enric espetxera; azkeneko egunetan atxilotuetako bi lagun dauzkate han preso, eta elkartasuna adierazi diete. Lleidan, Voxek ekitaldi bat egin dute, eta zenbait herritarrek N-240 errepidea trabatu dute ekitaldi horren kontra. AP-7 autobidean, berriz, ibilgailu batzuekin «martxa motel bat» egin dute, eta trafiko ilara luzeak eragin dituzte. Gironan, berriz, Generalitatearen egoitzaren aurrean egin dute protesta 400 bat herritarrek; mossoen eta Barne kontseilariaren jokabidea kritikatu dute.

Goizean, berriz, itxita egon da Bartzelonako Via Laietana, eta bi helikoptero ibili dira zeruan. 11:00 inguruan agertu da jendaurrean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Bartzelonan, Fernando Grande-Marlaska Barne sailburuarekin batera. Poliziei hitz batzuk egin, eta handik joan egin dira, segurtasun neurri handiekin. Handik, erietxera joan da Sanchez, eta, gero, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara joatekoa zen, baina ez da joan.

Tsunami Demokratikoak herritarrei dei egin die Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara joateko, Sanchez han egongo zelakoan. Deialdi argia egin du Tsunami Demokratikoak: lurrean eseri eta eskuak altxatu. Ingelesezko afixak eramateko ere eskatu du, Spain: sit and talk idazkiarekin (Espainia, eseri eta hitz egin). Ehunka lagun elkartu dira deialdiari kasu eginda, baina, Espainiako gobernuburuak ez ditu ikusi, azkenean ez delako hara joan.

Hala ere, ez du lortu manifestariak guztiz saihestea. Sant Pau ospitalean dagoen polizia zauritu bat bisitatu du, eta, handik atera denean, ospitaleko langileek protestan aritu zaizkio, aurrez aurre, «preso politikoak, askatasuna!» eta «lotsa!» builaka. Horrela igaro ditu Ospitaleko korridoreak eta parkinga, eta, kanpoan, manifestari gehiagorekin topo egin du.

Beste irudi batean ikusi ahal izan denez, Sanchezen eskoltak metraileta eskuan hartuta atera dira ospitaletik. Autoaren leihoa irekia zuten, eta kanpotik ikusi ahal izan da arma, argazkian argi ageri denez.

Hitz egiteko asmorik gabe

Quim Torra Generalitateko presidentea behin eta berriz saiatu da Espainiako gobernuburuarekin hitz egiten. Joan den astean deitu egin zion, Whatsappeko mezu bat bidali eta gutun bat igorri. Ez zuen erantzunik jaso. Gainera, larunbatean bilera baterako dei publikoa egin zion. Eta atzo berriz saiatu zen. TV3en kameren aurrean egin zion deia Sanchezi —hainbatek sare sozialetan salatu dutenez, esketx baten antza du —. Hark, baina, ez zion erantzun.

Sanchezek goizean esan du bere asmoa ez zela Kataluniako egoerari buruz Torrarekin hitz egitea, baizik eta polizia zaurituei bisita egitea. Ez du ezer esan manifestari zaurituez, eta ez du ezer argitu, Torrarekin ez ezik, gainerako politikariekin ere biltzeari buruz. Twitterren idatzitako mezu batean jakinarazi du Torrari gutun bat bidali diola, gogora ekartzeko zeintzuk dituen «bere eginkizunak»: «Indarkeria irmoki gaitzestea, haren kontra ari diren Estatuko Segurtasun Indarrak babestea eta gizartearen haserrea eragoztea». Biltzeko eskaerari buruz, hitz erdirik ez. Sanchezek Torrari igorritako gutuna ezagutarazi egin da. Espainiako gobernuburuak Kataluniakoari aurpegiratu dio gaitzespena «saihestu» duela, Poliziari «bizkarra» eman diola, eta baita «Kataluniako herritarren erdiei baino gehiagori» ere, eta ez dela «katalan guztien lehendakari gisa» aritu.

Ada Colau Bartzelonako alkateak jakinarazi du berak jaso duela Sanchezen deia gaur goizean, eta hark galdetu diola nola dagoen hiria joan den asteko liskarren ondorioz. Sanchezek Torrarekin hitz egiteko duen jarrera itxiari erreferentzia eginez, Colauk esan dio telefonoa «beti» hartu behar dela. Kontatu duenez, Sanchezek lehendik jendaurrean emandako arrazoi berberak eman dizkio berari Torrarekin hitz egin nahi ez izana justifikatzeko. Baina Colauk erantzun dio «beharrezkoa» dela bi gobernuburuek hitz egitea. Modua bilatzeko eskatu dio.

Sanchezek berak jakinarazi du Nuria Marin Bartzelonako Diputazioko presidentearekin ere hitz egin duela, bestalde.

Pablo Casado PPko burua ere Katalunian izan da gaur. Poliziei elkartasuna adierazi die.

Esloveniako lehen ministroaren gaitzespena

Marjan Sarec Esloveniako lehen ministroak argi salatu du Espainiak indarkeria nola erabili duen joan den astean. «Kataluniako egoera ezin da parekatu Esloveniaren independentziarekin, baina ez da desiragarria, eta onargarria ere ez, Europako estatu batek arazoak konpontzea indarkeria erabiliz».

Gorenaren epaia jakin zenetik, lehen aldia izan da Europako Gobernu baten buru batek hain modu agerikoan Espainiako Gobernuaren jokabidea kritikatu duena. Jendaurrean ez, baina modu pribatuan kezka agertu du, ordea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Europako alderdi popularrek Bruselan egindako bilkura batean, Pablo Casado PPko buruari galdetu zion: «Zer gertatzen ari da Kataluniarekin».

Portugalgo 200 pertsonalitatek, bestalde, agiri bat argitaratu dute astelehen honetan Público egunkarian. Buruzagi independentistei berehala amnistia emateko eskatu dute, eta Espainiako Gobernuari konponbide politikoak lantzeko eskatu diote.

Puigdemonten abokatuaren etxea miatu dute

Protesten eta giro nahasi horren erdian, Espainiako Auzitegi Nazionalak operazio bat abiatu du, eta Polizia Gonzalo Boyeren —Puigdemonten abokatuaren— etxea miatzen aritu da; «dirua zuritzea»  eta osasun publikoaren kontrako delitua egitea egotzi diote. Haren etxea ez ezik, Sito Miñanco droga trafikatzailearen etxea ere aritu dira arakatzen. Izan ere, Boye trafikatzaileen abokatua ere izan da. Operazioa sekretupean dago.

Horren ostean jakin da ACM Kataluniako Udalerrien Elkartearen egoitza ere miatu duela Poliziak. Jakin ahal izan da diru publikoa desbideratu ote duten ikertzen ari direla, baina ez da argitu urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta ari diren ikertzen. ACMk berak esan du ez dagoela inor atxilotuta, eta elkartea poliziei laguntzen ari dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna