Ekialde Hurbila

Rojavako ametsaren gainbehera

 

Mikel P. Ansa -

2019ko urriak 1

Hamabost egun eskasetan: estatubatuarrek Ekialde Hurbilean zuten aliatu leial eta umilenetakoa «traizionatu» dute; Recepp Tayyip Erdoganek kurduen kontrolpeko Siriako herriak bonbardatu eta inbaditu ditu; kurdu horiek Baxar al-Assaden banderapean jarri dira eta Siriaren batasuna aitortu dute; Siriako Gobernuak bere eskuetan hartu ditu duela zortzi urte galdutako Rojavako lur zati batzuk; Donald Trumpek su-eten ez den su-eten bat hitzartu du Turkiarekin, eta Siriatik atera ditu AEBen tropak; eta Vladimir Putinek bere fitxak mugitu ditu Ekialde Hurbil osoa Errusiaren eraginpean jartzeko.

Rojavako inbasioak —Turkiak Bakearen Iturria deitu duen operazioak— hankaz gora jarri du Ekialde Hurbileko joko taula, eta mugimendu harrigarriak utzi ditu bi aste eskasetan.

Kurduak dira operazio militarraren galtzaile handienak. Kazetari turkiar batek, Ragip Soyluk, horrela laburbildu ditu operazioaren ondorioak kurduentzat: «2015ean PKK-k bake prozesu historiko bat hasi zuen Turkiako Estatuarekin, Sirian AEBen sostengua edukiko zuen esperantzarekin, estatu bat sortzeko ametsetan. Orain zero puntura itzuli gara. PKK militarki menperatua dago Turkian; ezin du askorik egin Irak iparraldean; HDP itota dago». AEBen babesa galduta, Rojavan eskualde autonomo bat mantentzeko ametsari ere ezingo diote eutsi kurduek.

Turkiak, beraz, nazioarteko komunitatearen kritika gordinak entzun dituen arren, nahi zuena lortu du. Mugimendu kurdu askatzaileen ametsak ito ditu, eta lortu du hori egitea AEBekin, Errusiarekin eta NATOrekin harremanak hautsi gabe eta, praktikan, guztien aitortzarekin. Errusiaren bitartekaritzarekin, gainera, lortu du Siria Adanako akordioa berritzeko prest jartzea —1998an sinatu zuten Turkiak eta Siriak, «terrorista» kurduei aurre egiteko—.

Siriako Gobernuak ere irabaziak atera dizkio operazio militarrari. Lortu du AEBak Siriatik joatea, eta Rojavako lurralde autonomoko eremu asko bere eskuetan hartzea ostera, militarki bederen. Momentu honetan, Idlibeko eskualdea soilik gelditzen da al-Assaden oposizioko indarren eskuetan, eta Rojavako zati bat SDFren esku, Siriako iparralde osoa Turkiaren eta Errusiaren mende daudenez orain. Errusiaren bitartekaritzarekin, gainera, lortu du Turkiak Siriaren «lurralde batasuna» aitortzea eta herrialdearen konstituzio berria idazteko bultzada politikoa jasotzea.

Operazioaren irabazle handiena, ordea, Errusia da. Putinek lortu du AEBek inguru horretatik alde egitea. Horrekin, eta Siriako kurduak ahulduta, Al-Assaden gobernuari eskuetan jarri dio Siriako Estatua berregiteko aukera —hori baita Errusiak eskualdean duen aliatu sendoena; Siriaren bidez handitu nahi du Moskuk Ekialde Hurbilean duen eragina—. Idlibeko probintzia berreskuratzen eta nazioartean legitimitatea hartzeko konstituzio berri bat idazten dauka arreta jarria Damaskok orain, eta horretan laguntzen ari zaio Mosku. Gainera, Putin agertu da eskualdeko eragileen interes anitzak kudeatu eta arbitratzeko eragile eraginkor bakar gisa. Kurduen bizkar, bestalde. Bistan baita: Ekialde Hurbileko eragile guztiz gehienei interesatzen zaie kurduak ahultzea.

Trumpek ere, azken buruan, aspaldi pentsatzen ari zena egin du azkenean. Soldaduak Siriatik atera eta EI Estatu Islamikoko presoen zama gainetik kendu nahi zuen, «gerra amaitezinak» bukatzen joateko. AEBetako administrazioan, ordea —baita administrazio militarrean eta diplomatikoan ere—, etsai gehiago egin ditu Trumpek. Estatubatuarrek Ekialde Hurbilean eragiteko zuten eremu apurretakoa galdu dutela eta nazioartean aliantzak egiteko sinesgarritasuna galdu dutela leporatzen diote Trumpi askok.

Bestela, Turkiaren operazio militarrak utzi dituen ondorio humanitarioak ezin dira zifra zehatzetan jarri oraindik. Ilargi Erdi Gorri Kurduak esan du gutxienez 83 zibil hil dituztela turkiarrek Sirian, eta gutxienez 231 zauritu dituztela; Turkiak SDFri leporatu dio bere erasoetan zibil batzuk hiltzea ere; hogei zibil hil dituztela aipatu dute iturri batzuek.

Militarrei buruz, SDFk salatu du Ankara datuak ezkutatzen saiatu dela, baina SNAko 300 «terrorista» baino gehiago hil dituztela; Ankarak, ordea, ez du onartu 93 baino gehiago hil direnik. Alderantziz, Turkiako Gobernuak esan du 770 «terrorista neutralizatu» dituela, baina ez du esplikatu «neutralizatu» aditz horrek justu zer esan nahi duen. SDFk ez du datua bilduta eman, zenbat miliziano galdu dituen.

Bestalde, kalkulatu dute 200.000 eta 300.000 pertsona artean izan direla beren etxeak utzi eta Rojavako beste herri batzuetara joan direnak; horietatik, 8.000 inguru Irakeko Kurdistanera pasatu dira. Bestetik, nazioarteko eragile batzuk ikertzen ari dira turkiarrek babestutako SNAko miliziek gerra krimenak egin ote dituzten eta Turkiak arma kimikoak erabili ote dituen Rojava hiri baten kontrako eraso batean.

Horra zer gertatu den Rojavaren ibasioan, egunez egun:


Trump eta Erdogan, ekaineko topaketa batean. TURKIAKO GOBERNUA / EFE

Urriaren 6a

Dena uzkaili zuen telefono dei bat

Inork ez daki zer hitz egin zuten zehazki. Zabaldu da Erdoganek Donald Trumpi esan ziola: «Hasi gurekin lanean, edo kendu paretik». Eta Trumpek erantzun ziola baietz, tira, Rojavan sartu nahi bazuen, sartzeko. Kontua da bi agintariek telefonoz hitz egin eta berehala zabaldu zela berria, AEBek «argi berdea» eman ziotela Rojavaren inbasioari.

Erdoganen asmoak ez ziren sorpresa bat. 2016ko abuztuan, indar kurduak Rojavan lurrak berreskuratzen ari ziren garaian, Jarabulus inbaditu eta eskuratu zuen Turkiak; eta 2018ko urtarrilean Afringo eskualdea inbaditu zuen Turkiak. Kobane eta Rojavako gainerako eskualdeak inbaditzea denbora kontua besterik ez zen.

Azkeneko hilabeteetan, bestalde, Turkia presio handia egiten ari zen, bere hegoaldeko mugan «segurtasun mekanismoak» ezarri behar zirela eta ezarri behar zirela. AEBek —Turkia aliatu eta NATOko kide baitute— laguntza eman zioten Erdogani azkeneko asteetan, Rojavako postu militar batzuk deseginez. Operazio horietan turkiarrek kurduen miliziei buruzko informazioa eskuratu zutela eta Bakearen Iturria operazioan informazio hori erabili dutela zabaldu da.

Bestalde, Trumpek berak 2018ko abenduan Twitter sare sozialean bota zuen Siriatik alde egin behar luketela AEBek. Presidenteak ez ditu gustuko nazioarteko esku hartze horiek. Gastu gehiegizkoa eta alferrikakoa deritze. Inbasioa hasi eta geroko egunetan ere esan du: «Ez dira gure mugak». Soldaduak Siriatik ateratzeko aukerak tentatua zegoen Trump lehenagotik ere, beraz.

EI Estatu Islamikoari atzemandako milaka preso eta haien senideak daude Rojavako presondegietan eta kanpalekuetan, kurduen zaintzapean. AEBak saiatu izan dira Europak bere gain har ditzan preso horiek, Europan jaiotakoak baitira asko. Trumpek Erdoganekin hitz egin eta geroko orduetan, Etxe Zuriak adierazi zuen Europako estatuek «errefusatu» egin dituztela eskari horiek, eta AEBek ezin dituztela urteetan atxikita eduki pertsona horiek, «zerga pagatzaile estatubatuarrentzat kostu handia baita». Trumpek Siriatik atera nahi zuen, eta Turkiak aukera eman zion. Telefono dei batekin.


Putin, Siberiako taigan. ALEXEY DRUZHINYN / SPUTNIK/ KREMLIN

Urriaren 7a

Putinen oporrak

Trumpen ateraldiek gehiegi ez zuten harritu mundua, baina bai Siriatik ateratzeko modu zakar eta bat-batekoak. Eta gehien, beharbada, bere etxekoak harritu ditu, ezustean harrapatu dituelako asko. Senatari eta kongresista errepublikano eta demokraten kritikak entzun behar izan ditu, Sirian kurduekin gerran ibilitako bere militarrenak, Mendebaldeko estatu gehienenak, giza eskubideen elkarteenak, prentsarenak... AEBek aliatuak era horretan tratatzen badituzte, munduaren aurrean zer sinesgarritasun izan behar duten aurpegiratu diote etxekoek Trumpi.

Urriaren 6ko telefono deiak ur asko harrotu zituen AEBetan, baita administrazio barruan ere. Defentsa Ministerioa eta Pentagonoa, urriaren 6aren osteko egunetan, Trumpen zabarkeria zuritzen saiatu ziren, esanez AEBek ez ziotela «argi berderik» eman Turkiaren operazioari, eta ez zutela operazio militar horrekin bat egiten, baina Erdoganen erabakia atzeraezina zela ikusita, tropak paretik kentzea beste erremediorik ez zutela izan.

Urriaren 7rako, Sere Kaniyeko (Ras al-Ain, arabieraz) eta Tal Abyadeko postu militarrak utziak zituzten AEBetako soldaduek. Gerora ezagutu da bi hiri horietan kontzentratuko zuela Turkiak bere erasoaren lehen zatia. AEBek 1.000 soldadu inguru eduki dituzte Rojavako inguru horretan azkenaldian. Muga paretik apartatu ziren, beraz, eta Turkiak ustez egin nahi zituen operazioetatik atzerago zeuden baseetan gotortu ziren, Manbijen adibidez —ustez, hiri hori Bakearen Iturria operaziotik kanpo geldituko zela esan baitzion Erdoganek Trumpi—.

AEBetako armadako ofizial askok, anonimoki, minduta hitz egin dute egunotan Trumpen erabakiari buruz. Gerora, Foreign Policy aldizkariak zabaldu du militar estatubatuarrak aritu direla kurduak entrenatzen eta turkiarren balizko inbasio bati aurre egiteko taktiketan prestatzen. Afringo inbasioaz geroztik, adibidez, defentsarako eta erasorako tunelak egiten aritu dira kurduak muga inguruko zenbait herritan. AEBetako tropek Siria erabat utzi zuten egunean, urriaren 21ean, soldadu estatubatuar bati argazkia egin zioten, bere ibilgailu blindatuan: YPJren adabaki bat zeraman uniformean josia.

Turkia bere inbasio desiratua prestatzen ari zen bitartean, Putin Siberiako taigan zegoen, bere jaiotzaren urteurrena ospatzen. Baina ez zegoen oporretan.


Soldadu amerikarrek urriaren 8rako hustu zuten Sere Kaniyeko basea. Inguru horretan gertatu dira gerora borroka gogorrenak. AZAV EVDIKE

Urriaren 8a

Kurduen etsia

Erdoganek parlamentuaren babesa jaso zuen. HDP alderdi kurduzaleak soilik bozkatu zuen inbasioaren kontra. Batasun nazionalerako dei bat izan da Erdoganek kurduen kontra abiatutako operazioa, eta politikoki pasatzen ari den gorabehera zailak estaltzeko tresna bat ere bai, bide batez. Hauteskundeetako ezintasunei aurre egiteko kurduak bonbardatzea tradizio bihurtzen hasi da.

Trumpek, berriz, Erdogan gonbidatu zuen Etxe Zurira: azaroaren 13rako jarri zuten zita. Hedabide batzuen arabera, irailean Nazio Batuen Erakundeak Washingtonen egin zuten goi bileran Trumpekin bildu nahian ibili zen Erdogan, baina AEBetako presidenteak ez zion tarterik egin bere agendan. Ez dago gerra bat antolatzea bezalakorik, mundu osoa bilerak eskatzen hasteko, eta hori behintzat lortu du Erdoganek: munduko diplomazia guztien agenden erdian jarri du bere burua.

Baina kurduek ere lehen abisua eman zuten: AEBek Rojavatik alde eginez gero, Damaskora eta Moskura joango ziren laguntza eske. Kalkulatzen dute SDFko miliziek 100.000 pertsona inguru aktibatu ditzaketela gerrarako. Badituzte arma batzuk eta munizioa, baina ez dute hegazkinik. EIren kontrako borrokan, AEBen aireko laguntzarekin bota dituzte jihadistak beren lurretatik. Baina aireko armada baten laguntzarik gabe, nekez eutsi zezaketen kurduek Turkiako armadaren oldarraldia —zeina, bide batez esanda, NATOko bigarren armada handientzat jotzen baita—.

YPG/YPJ miliziek orduan egin zuten abisua ez da gezurra suertatu: «Gure esku dagoen guztia egingo dugu Turkiarrek gidatutako terroristen inbasioari aurre egiteko». Eta «guztia» horrek esan nahi zuen baita Al-Assadekin negoziatzea ere, beharrezko balitz.


Gerra aurretik, defentsa postuak desegiten hasiak ziren SDFkoak, Turkiaren «segurtasun» eskariei men eginez. Argazkian, AEBetako soldadu bat ageri da, SDFko indarrek Tal Abyadeko defentsa leku bat nola desegiten duten ikusten, irailean. Hor izan dira borroka gogorrenetakoak gero. AEB-ETAKO ARMADA / EFE

Urriaren 9a

Gerra hasi da

Turkiak ez zuen kasualitatez aukeratu inbasioa hasteko eguna: urriaren 9 batean bota zuten Abdulah Ocalan Siriatik, 1998an. Eta Erdoganek urriaren 9 batean jakinarazi zuen Bakearen Iturria operazio militarra prest zeukala, 2019an.

2018ko abenduan, Trumpek iragarri zuen AEBek Siriatik alde egingo zutela. Eta 2019ko abenduan Erdoganek eta Putinek bilera bat egin zuten. Adanako 1998ko akordioak izan zituzten hizpide. Siriak eta Turkiak PKK estutzeko akordio bat egin zuten urte hartan, Adanan (Turkia). Milizia kurduari entrenatzeko lekuak desegitea eta bere lurretatik egoztea onartu zuen Siriako Gobernuak, eta Ocalan kanporatu zuen herrialdetik —1999an atxilotu zuten, Kenyan; harrezkero preso dauka Turkiak, bizi osorako kartzela zigorrarekin—.

Erdoganek urriaren 9a aukeratu zuenean erasoa hasteko, beraz, ez zen ausaz aukeratutako egun bat.

EIk aurrea hartu zion, edozein moduz; Raqqan eraso suizida bat egin zuen egun berean, inbasioa hasi aurretik. Jihadistak ere itxaroten ari baitziren Turkiaren erasoa, beren armak erakusteko. Gauza bera gertatu zen Turkiak Afrin inbaditzea erabaki zuenean.

Bazkalostean, Twitterren eman zuen abisua Turkiako presidenteak, eta bonbak erortzen hasi ziren Rojavako hainbat hiritan. Batez ere Tal Abyaden eta Sere Kaniyen izan ziren hasierako bonbardaketa handienak, baina Qamixli eta muga ondoko, eta ez hain ondoko, herri gehiagoren kontra ere ekin zioten, airez eta lurrez.

Artean, Erdogan eta Putin telefonoz hizketan aritu zirela ere zabaldu zen —alde anitzen arteko elkarrizketak etengabeak izan dira egunotan guztietan—. AEBetan, berriz, traizio hitza mantxa beltz bat bezala zabaltzen ari zen, lotsaizun, hedabideetan eta sare sozialetan.

Kurduek espero zuten inbasioa, bazekitelako Ankarak zer asmo zituen. Bazituzten susmoak AEBen babesa ez zela betirakoa izango ere. 2018ko udan, Damaskorekin negoziatzen aritu ziren SDFko indarrak, baina AEBek etenarazi egin zituzten harreman horiek. Jim Jeffreyk, eskualderako AEBek izendatutako ordezkariak, kurduei sinetsarazi zien estatubatuarrek plan iraunkorrak zituztela eskualderako, eta aliantzari eutsiko ziotela.

Gaur den egunean, ez dago garbi AEBek egiaz zer asmo zuten; badirudi diplomatiko batzuk asmo horiekin ari zirela lanean egiaz, baina Trumpen administrazioak beste asmo batzuk zituela, kontrajarriak. Edozein moduz, SDFko indarrak kobentzitu zituzten Turkiaren «segurtasun» eskariei men egiteko. Horretan ari zirela iritsi zen Turkiaren inbasioa eta AEBen ihesaldia. Zeharo traizionatuak sentitu dira kurduak, beraz.


Indar turkiarrak Sere Kaniye bonbardatzen. SEDAT SUNA / EFE

Urriaren 10a

Erdogan haserre dago

Alde guztietatik kritikak eta salaketak heltzen hasi zitzaizkion Erdogani ere. Frantziak, Saudi Arabiak, Egiptok, Israelek... Inbasioaren kontrako ahotsen bilduma kolore askotakoa zen inondik ere. Eta Turkiako presidentearen erreakzioa ere halakoxea izan zen: Europari mehatxu egin zion, isilik egon ezean, bere lurrean dauzkan 3,5 milioi errefuxiatu siriarrak igorriko zizkiola. Eta Saudi Arabiari ere mezu gordina: begiratzeko bere ispiluan, ea saudiak Yemenen egiten ari ziren gerra garbiagoa ote zen.

Praktikan, Turkiaren inbasioak ez du ia babesik jaso; Qatar izan da, ofizialki, haren ondoan jarri den estatu bakanetakoa. Al-Nusra erakunde jihadistak ere babestu du; eta Hamas alderdi palestinarrak. Horiek dira, Erdoganek nazioarten bere aldera bildutako babes apurrak. Turkiako hedabideak kexu ibili dira, NATOko kideen eta Mendebaldeko herrien artean ez duelako onespenik jaso. Mendebaldeak «PKK-ko terroristak» babesten dituela mezu biktimista zabaltzen ari da.

Artean, Mike Pompeo Estatu idazkariak jarraitzen zuen insistitzen AEBek ez zutela «argi berderik» eman inbasiorako, eta Siriako Gobernuak bazter batera bota zuen SDFrekin hitzarmen bat egiteko aukera. Kritikak alde guztietan bai, baina horra xehetasuna: NATOren Segurtasun Kontseiluak ez zuen gaitzespen adierazpenik adostu. AEBek eta Errusiak, biek blokeatu zuten Turkia gaitzesteko adierazpena.


Familia bat, Sere Kaniyetik ihesi. Ez dago zifra ofizialik, baina uste da gerrak 200.000 eta 300.000 barne desplazatu eragin dituela. EFE

Urriaren 11

Arma salmenten gerra

Turkiak etenik gabe jarraitzen zuen bonbardatzen Rojavako hiriak. Haren asmoa zen zibilek herriak uztea, SDFren kontra aurrez aurre lasaiago borrokatzeko, hirietan zibilak zeuden bitartean ezin baitzuten nahi bezain eroso eraso egin. Sare sozialetan eta Turkiaren aldeko hedabideetan, sarri aipatzen zen kurduek umeak eta zibilak erabiltzen zituztela ezkutu gisa, adibidez.

Rojavako herritar batzuk beren etxeetan eusten saiatu zirelako hasieran, baina askok utzi dituzte beren etxeak, nora jo oso argi eduki gabe, alderrai ibili direnak. Rojavako beste hiri batzuetara eta Irakeko Kurdistanera ihes egin dute gehienek. Ez da erraza kalkulu zehatza egiten, baina, iturrien arabera, 200.000 eta 300.000 pertsona artean izan daitezke gerrak eragindako barne desplazatuak.

Lehen erasoekin batera, zurrumurruak ere zabaltzen hasi ziren. Adibidez, Turkia EIko presoak zeuden guneen inguruak bonbardatzen ari zela, jihadistek ihes egin zezaten —izatez, ihes egin zuten dozenaka batzuek—. Erdoganen operazio militarrak irizpide argiak ditu: Turkiako armadak kurduen posizioak bonbardatzen ditu aurrena, eta ondoren SNAko soldaduek —mertzenario esaten diete kurduek— egiten dute asaltoa, SDFren indarrekin aurrez aurre borrokatzeko. SNAko borrokalari horien artean, jihasdistak dira zenbait, eta horiek EIren presoak askatzeko borondatea duela diote Rojavako ordezkariek.

Kobanen, bestalde, turkiarrek soldadu estatubatuarren posizio bat bonbardatu ote zuten ere zabaldu zen —kezkagarria litzatekeena, zeren haien koordenatuak ustez bazituen Turkiako armadak—. Hori ere polemika iturri izan da.

Eta, horrekin guztiarekin batera, hasi ziren iristen aurreneko zigor neurriak. Europako herrialde batzuek ireki zuten bidea, Turkiari armak saltzeko debekuak ezarriz. Italia, Frantzia, Herbehereak, Norvegia, Alemania, Finlandia... Pixkanaka luzatzen joan da Turkiari armak saltzeari uzteko erabakia hartu duten estatuen zerrenda. Erdoganen erantzuna: erabiltzen dituzten armen %70 Turkian ekoizten dituztela.

Ordurako, Turkiaren ibasio plana agerikoa suertatzen ari zen: Tal Abyad eta Sere Kaniye hiriak okupatzea, haien arteko herriak bereganatzea, eta M4 errepidearen kontrola hartzea, Rojavaren iparraldea bitan zatitzeko. Hortik, mendebaldera zabalduko zuketen erasoa, Kobane eta Mabij aldera, 2018an okupatutako Afringo lurrekin elkartzeko. Sere Kaniyetik ekialderako lurrak, Irakeko Kurdistan aldera daudenak, aurreragorako geldituko ziratekeen.


Bonbardaketak ia etenik gabeak izan dira gerraren aurreneko egunetan, airez eta lurrez. Irudian, Sere Kaniye. TERDEM SAHIN / EFE

Urriaren 12a

Politikari baten hilketa

Turkia lehen irabaziak eskuratzen hasi zen. Zabaldu zuen Sere Kaniye kontrolpean hartu zuela, Tal Abyad ere bai, eta M4 errepidearen zati bat ere bere eskuetan zuela. Garrantzitsua da errepide hori. Militar baten hitzetan, Siriako kurduen zilbor-hestea da, Rojava ekialdetik mendebaldera lotzen duelako.

Errepide horretan gertatu zen inbasioko pasarte beltzetako bat. Turkiarentzat gerran ari diren SNAko milizia jihadistek Hervin Khalaf politikari kurdua eta hura zihoan autoaren gidaria atzeman zituen. Odol hotzean hil zituen biak, eta bideo zein argazkitan grabatu. Turkiako hedabideek «terrorista neutralizatu» gisa aurkeztu zuten politikaria. Siriaren Etorkizuna Alderdiko kidea zen, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea.

Beste zibil batzuk eta atxilotutako SDFren soldaduak ere odol hotzean hil dituztela zabaldu dute kurduek, eta gerrako krimenengatik Turkia ikertzeko eskatu dute.

Turkiako hedabideek oso jarrera belizista hartu dute hasieratik, eta hori da erabiltzen ari diren terminologia. Kexu dira, bestalde, nazioarteko hedabideetan ez direlako agertzen kurduek Turkiako mugen barruan egin dituzten erasoak eta hil dituzten zibilen berriak. Eta egia da, kurduen inguruko talde armatu batzuek erasoak egin dituzte Turkiako hiri batzuetan, erantzun gisa, baina horiei buruzko informazio gutxi eta lausoa zabaldu da. Edozein moduz, komunikazioaren gerran, Turkia bakartua gelditu da nazioartean.

Hainbeste eraso, hilketa, krimen, akusazio eta mehatxuren artean, adierazpen batek indarra hartu zuen urriaren 12an. Mazlum Abdi SDFko komandante buruak mezu bat bidali zien AEBei, CNN kateak jaso zuena: «Jakin behar dut nire jendea babesteko gai ote zareten. Jakin behar dut, zeren ez bazarete gai, Errusiarekin eta [Siriako] erregimenarekin akordio bat egin behar baitut, haien hegazkinek lur hau babestu dezaten. Bi egun eman dizkiot neure buruari, eta bestela prentsara joango naiz, esateko AEBek abandonatu egin gaituztela. Gelditu geure jendearen gainean erortzen ari den bonbardaketa hau, edo kendu bazterrera, Errusiarrei uzteko». Ez zen hordago hutsa.


Hervin Khalafen autoa horrela utzi zuten SNAko miliziek. BERRIA

Urriaren 13a

Al-Assaden banderapean

Mazlum Abdi komandanteak azkar jaso zuen erantzuna, antza. Urriaren 13ko iluntzean iragarri zuen Rojavako ordezkariek eta Siriako Gobernuaren ordezkariek akordio bat egin zutela. Eta ia segidan, Trumpek bere soldaduei agindu zien Siriako lurrak uzteko —Manbij eta Ain Issako baseak utzi zituzten aurrena—.

Domino fitxekin bezala iritsi zen Turkiaren erreakzioa: Manbij eta Kobane inguruetan bonbardaketak hasi zituen Erdoganek, eta operazio militar baten zurrumurrua zabaldu zen inguru horretan —ustez, Erdoganek urriaren 6an Trumpi telefonoz agindutako operaziotik aparte zeuden bi eskualde horiek—. Erdoganek argi utzi zuen ez zuela inondik ere «estatu bat» onartuko Siria iparraldean, kurduek Siriako konstituzio berriarekin eskuratu zitzaketen onurei erreferentzia eginez, baina aipatu gabe —«PKKren estatua» esaten dute turkiarrek—.

Siria, berriz, oso modu sinkronizatuan, Turkiaren inbasioaren kontra agertu zen, eta bere mugak babesteko eskubidea defenditu zuen. Berehala hasi ziren SAAko indar armatuak Rojava aldera gerturatzen. Manbijen zabaldu ziren aurrena. Mazlum Abdik berak onartu zituen akordioaren arriskuak, baina beste irtenbiderik ez zutela erantsiz: «[Hartutako] Konpromisoen eta gure jendearen genozidioaren artean aukeratu behar badugu, beti bizitza aukeratuko dugu».

AEBetan inbasioarekin sortu den giroaren erakusgarri da David Petraeus AEBetako armadako jeneral erretiratuak urriaren 13an egin zuen salaketa, SDF-Damasko akordioaren berri jakin eta gerokoa: «Oso kezkatua nago AEBetako tropak Siriako ipar-ekialdetik erretiratzearekin, EIren erasoak berpizten lagundu dezakeelako, gure erretiratzeari irandarrek eta errusiarrek etekina atera diezaioketelako, EI borrokatzen aliatu izan ditugunek heriotza ugari izan ditzaketelako, AEBak sinesgarritasunik gabeko aliatu gisa hartuak izango direlako, eta desplazamendu etniko esanguratsu bat gerta litekeelako». CIAko zuzendari izandakoa da Petraeus.

Bitartean, gerrako gorabeherak: EIren presoen kartzela batetik ia 800 jihadistak ihes egin zutela zabaldu zen, eta Turkiak Sere Kaniyera zihoan konboi bat bonbardatu eta hainbat zibil hil zituela —Turkiako soldaduak kexu dira, kurdu askok zibilen arropak erabiltzen dituztelako borrokarako, eta horrelako gertaerak horri egozten dizkiote—.


Baxar al-Asad, bere armadako tropak bisitatzen, Idlibi eraso egiteko prestaketetan ari zirenena, urriaren 22an. SANA

Urriaren 14a

Akordioaren letra txikia

Pixkanaka, Siriak eta Rojavako kurduek egindako akordioari buruzko xehetasunak zabaltzen hasi ziren. SDFren arabera, ez zegoen idatzitako agiririk, akordioa militarra bakarrik zen, eta kurduek Rojavan sortutako administrazio autonomoari ez zion ezertan eragingo; ordea, SAA Rojavan zabaltzeko akordio bat zen, Siriak bere mugak babestu zitzan, eta Turkiako indar okupatzaileak atzera botatzeko balioko zuen.

Akordioaren arabera, SAA Manbijen eta Kobanen sartuko zen, eta gero Qamixlin ere bai; baina kurduak eta turkiarrak aurrez aurre borrokan ari ziren eremuak —Tal Abyad eta Sere Kaniye, batez ere— akordiotik kanpo geratuko ziren. Rojavaren etorkizun politikoari buruzkoak eta EIko presoei buruzkoak «aurrerago» eztabaidatzeko utzi zituztela erantsi zuten SDFko ordezkariek. Siriako Gobernuak ez zuen xehetasunik zehaztu.

Akordioaren letra txikia falta zen, beraz, eta zenbait kazetari hasi ziren zabaltzen bi aldeen arteko akordioa urrunago zihoala. Horien arabera, SDFk onartu zuen milizia gisa desegitea eta Siriako Armadaren barruan integratzea, Errusiaren begiradapean. Eta, horren trukean, Damaskok «berme sendoak» emango zituela, Siriako konstituzio berrian kurduen eskubideak onartzeko, eta kurduen ordezkariek eta Siriako Estatuak Rojavarentzat autonomia bat adosteko. Kurduen ordezkari batzuk hilabeteko epean Siriako Gobernuan parte hartzea ere aurreikusten zuen itunak, kazetari horien arabera, Siriaren trantsizioaren parte izateko. Zabaldu zen, baita ere, Errusiak antzeko akordio bat landu zuela egun batzuk lehenago, baina Al-Assadek atzera bota zuela, kurduen kontzesio gehiago nahi zituelako.

SDFk ukatu arren idatzizko akordio bat bazegoenik, agiri batzuk zabaldu ziren, ustez Siriak eta kurduen ordezkariek adostutakoari buruzkoak. Horietan, kurduek adierazten zuten «Siriaren lurralde batasuna» onartzen zutela, ez dutela inoiz «sezesio» asmorik eduki, eta Al-Assaden zilegitasuna aitortzen zutela presidente gisa.

Ez da konfirmatu ahal izan agiri horien egiazkotasuna, baina, Jenan Moussa kazetariaren arabera, esaldi esanguratsu honen gisakoak izenpetu dituzte kurduek: «SDFk berresten du Siriako Errepublika Arabiarraren lurralde batasuna zaintzeko prest dagoela, Siriako Errepublika Arabiarraren banderapean. SAArekin arituko da, Siriako lurraren kontra Turkiak egindako mehatxuak borrokatzen, Baxar al-Assad presidentearen lidertzapean».

Zernahi gisaz, baldintzak guztiz aldatu ziren Rojavan, eta atzerriko kazetari gehienak eskualdetik atera ziren, eskualdea Al-Assaden eskuetara igaroz gero haien egoera zein izango zen igarri ezinik. Izan ere, Al-Assaden indarrak berehala hasi ziren zabaltzen, eta iritsitako Rojavako herrietan Siriako banderak zabaltzen.

Gogoratu behar da Siriako Estatuak ia zortzi urte daramatzala eskualde horretatik kanpo. Al-Hasakan eta Deir ez-Zorren erasoak egin izan ditu azken urteetan, baina eskualde hori militarki eskuratzeko aukera erdi-ahaztua zeukan. Eta orain, tirorik eman gabe lortu du herri horietako batzuetara itzultzea, eta herritar batzuek beso zabalik hartu dituzte, gainera. Manbij aldean, Errusiako polizia militarraren laguntzarekin egin dute hedapen hori, eta AEBetako tropekin koordinatuta. Soldadu estatubatuarrek beren posizioak utzi ahala sartu dira tropa siriarrak leku horietan —Kobanen izan zen gorabeheraren bat, estatubatuarrek hasieran ez zietelako sarbiderik eman—.

Erdoganek ez zuen gaitzetsi Siriako armadaren hedapena. Baina YPG/YPJ milizia kurduak erretiratzeko eskatu zuen berriro. Egun horietan zabaldu zen Turkiako eta Siriako defentsa ministerioek etengabeko harremana zutela.

Artean, SDFk kontraerasoa antolatu zuen Sere Kaniyen, eta kanpora bota zituen hiria kontrolatzen ari ziren SNAko jihadistak.


SDFko miliziano batzuen hileta, Qamixlin. ANHA

Urriaren 15a

Diplomaziaren orduak

Kurduek eta siriarrek elkarrengana gerturatzeko egin zuten mugimendu horrek dena astindu zuen, publikoan ez bazen, pribatuan. Urriaren 14rako, Trumpek esana zuen Turkiaren aurkako zigor ekonomikoak aktibatuko zituela, eta, aldi berean, bere diplomazia buru nagusiak igorriko zituela Ankarara, su-eten bat negoziatzeko. Gerora jakin da urriaren 14-15erako kurduekin eta turkiarrekin su-eten baterako baldintzak negoziatzen hasiak zirela AEBak.

Putinek ere bere mugimenduak egin zituen. Urriaren 13an, kazetari arabiar batzuei eman zien elkarrizketan, adierazi zien Sirian «ilegitimoki hedatutako» indar armatuek herrialdetik atera behar zutela eta Siriaren «lurralde batasuna» guztiz berrezarri behar zela. «Oraintxe bertan, gure bazkide guztiekin ari gara honi buruz hizketan, baita Iranekin eta Turkiarekin ere». Bistan da Putin AEBei buruz ari zela. Hortik aurrera, ezin asmatu «ilegitimoki hedatutako» indar armatuak aipatzean Turkiari edo Idlibeko miliziei buruz ere ari ote zen.

Zernahi gisaz, etorkizunerako lerro bat marraztu zuen Putinek elkarrizketa horretan: hurrengo urratsa Siriarentzat konstituzio berri bat egitea da. «Talde etniko eta erlijioso guztien interesak babestu behar ditu [konstituzio berri horrek]. (...) Bakerik txarrena ere hobea da gerrarik onena baino».

AEBak bezala, Errusia ere bere mugimenduak egiten aritu zen, beraz, egun horietan: Putinek ordezkaritza bat igorri zuen Ankarara, eta Erdogan gonbidatu zuen bilera batera. Hurrengo egunean, urriaren 16an, Al-Assadek iragarri zuen Siriak, Turkiak eta Errusiak segurtasunari buruzko gailur bat egingo zutela urriaren 22an, Sotxin (Errusia).


Mazlum Abdi, SDFko komandantea. BERRIA

Urriaren 16a

Mugarik Gabeko Medikuak badoaz

SAAk bere hedapenarekin jarraitu zuen Rojavan. Urriaren 16an Kobanen sartu zen, eta Raqqara ere bai —EIren hiriburua izan zen hori, kalifa herriaren urteetan—. AEBetako tropek inguru horietan zituzten baseak utzi zituzten, eta baita Lafargeko lantegian zutena ere. Handik ordu batzuetara, hegazkin estatubatuar batzuek Lafargeko lantegi hori bonbardatu egin zuten airez, bertan zeuden armak suntsitzeko, ez zitzan inork bere eskuetan hartu.

SDFk borrokekin jarraitu zuen Sere Kaniye berreskuratzeko. Turkiarren indarren oldarrak etengabekoak ziren hiri horretan, eta gerrak ez zuen etenik. SNAren jihadistak, pixkanaka, setiatzen ari ziren Sere Kaniye, alde guztietatik inguratuta.

Horrekin batera, Mugarik Gabeko Medikuek agindu zuten Rojava ebakuatzeko; haien boluntarioen segurtasuna bermatzeko modurik ez zutela adierazi zuten. Ilargi Erdi Gorri Kurdua bakarrik gelditu zen eskualdean, zaurituak artatzeko.

Munduaren beste puntan, Trumpek zaplazteko bat hartu zuen. AEBetako Kongresuan, 354 ordezkarik gaitzetsi zuten Rojavatik tropak ateratzeko erabakia; 60 ordezkarik soilik babestu zuten. Presidenteak bere burua goratzen jarraitzen zuen, ordea: «[Egoera, AEBentzat] Estrategikoki brillantea da. (...) Gure soldaduak guztiz salbu daude».

Beste zurrumurru bat ere zabaldu zen urriaren 16an: zenbait iturri kurduk salatu zuten Turkiako armada «arma kimiko ilegalak» erabiltzen ari zela. Fosforo zuria aipatu zuten, zehazki. Ez da baieztatu. Ilardi Erdi Gorri Kurduak azaldu zuen Sere Kaniye hiritik sei zauritu iritsi zitzaizkiola, erredura larriak zituztenak, baina ez zekiela zerk eragin zizkien erredura horiek. Turkiako Gobernuak ukatu egin zuen erabat: «Turkiako armadak ez du arma kimikorik bere inbentarioan, mundu guztiak badaki hori».


Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia eta Mevlut Çavusoglu Turkiarko Atzerri ministroa urriaren 11n elkartu ziren, Istanbulen. TOLGA BOZOGLU / EFE

Urriaren 17a

«Nahi genuen guztia lortu dugu»

Ankaran elkartu ziren Turkiako Gobernuaren eta AEBetako Gobernuaren goi mailako ordezkaritzak. Arratsaldea bilduta pasatu zuten, eta iluntzean prentsa agerraldi batean jakinarazi zuten bi aldeek 120 orduko eten bat adostu zutela Rojavako inbasioan. Handik gutxira erantzun zuen SDFk, akordioa onartu zuela jakinarazteko; kurduak ez ziren negoziazioen parte izan, baina AEBek informatuta zeuzkaten, hiru egun lehenagotik.

Baina alde bakoitzak bere hizkerarekin aurkeztu zuen akordioa, eta bakoitzak bere interpretazioak egin zizkion gainera. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroaren balorazioa oso argia izan zen, nolanahi ere: «Nahi genuen guztia lortu dugu».

Funtsean, Turkiak nahi zuena eskaini baitzuten AEBek: Rojavaren iparraldean «segurtasun eremu bat» ezartzeko eskubidea edukiko zuen, eremu horren kontrola Turkiak berak edukiko zuen gainera —AEBen edo beste inoren bitartekaritzarik gabe—, eta YPG/YPJ miliziek beren arma astunak utzi eta borroka postuak desegingo zituzten. Trukean, Turkiak 120 orduko etenaldi bat egingo zuen, indar kurduek «segurtasun eremu» hori abandonatu zezaten, eta AEBek ez zizkieten zigor ekonomikoak ezarriko Turkiari eta Turkiako Gobernuko zenbait kideri.

Baina akordioak ez zuen zehazten «segurtasun eremu» hori non ezarriko zen. Mazlum Abdi SDFko komandanteak ñabardurak erantsi zituen, beraz: borroka gogorrenak gertatu ziren bi hirien artean, Tal Abyad eta Sere Kaniye artean, ezarriko zen, eta bai, kurduek atzera egingo zuten hiri horietan. Baina arma astunak entregatzeari buruz eta bestelakoei buruz ez zuen txintik aipatu.

Tal Abyad eta Sere Kaniye artean 115 kilometro inguru daude; Rojava iparraldearen erdialdeko eremua hartzen du. Turkiaren hasierako asmoa muga osoa kontrolatzea zen, 440 bat kilometro luze. «Segurtasun eremua» zenbatekoa izango zen, beraz, eztabaida irekia zegoen.

Analistek xehetasun bati erreparatu zioten: AEBek hiztegia aldatu zuten, Turkiarekin akordioa izenpetzeko. Akordioa aurkezteko agerraldietan YPG/YPJ miliziei soilik egin zieten erreferentzia, ez SDFri. Ankarari egindako beste kontzesio bat zen.

Turkiako Gobernuak beste ñabardura bat erantsi zuen: pausaldi bat zen, ez su-eten bat. Eta, errematatzeko, gerraren etena urriaren 22an bukatzea adostu zuten. Alegia, Erdoganek eta Putinekin bilera egitekoa zuten egunean. Bistan zen Rojavaren etorkizuna Errusiaren eskuetan uzten ari zirela alde guztiak: Putinek erabakiko zituen hurrengo urratsak. Urtebetetze oparia jasotzen ari zen Kremlineko burua.

Urriaren 18a

Akordioa egin, eta ospa

Espero zitekeena gertatu zen hurrengo orduetan. Sere Kaniyen borrokak ez ziren eten. Kurduek salatu zuten bonbardaketak jasaten ari zirela, eta SNAk erasoak egin zituela. Su-etena hasiz geroztik hamahiru miliziano hil zizkietela salatu zuten, eta bonbardaketa batean zazpi zibil hil zirela ere bai. Ilargi Erdi Gorri Kurduaren konboi bat saiatu zen Sere Kaniyen sartzen, hiri horretako ospitalean zaurituta zeuden 40 bat lagun ebakuatzeko. Turkiarren indarrek ez zieten sartzen utzi.

Su-etena ahula zen, eta gatazkan parte hartzen ari ziren alde guztiak beren aldera ekartzen saiatzen ari ziren. Erdoganek berretsi zuen mugaren kontrol osoa hartu nahi zuela, ez soilik Tal Abyad eta Sere Kaniye artekoa. Donald Tusk Europako Kontseiluk presidenteak adierazi zuen ez zela su-eten bat, kurduen «kapitulazioa» baizik. Nanci Pelosi AEBetako Kongresuko presidenteak nabarmendu zuen akordio horrek ez zuela deus ere balio EIren aurkako borrokan.

Kurduek, berriz, nazioarteko begiraleak eskatu zituzten, akordioa beteko zela ziurtatzeko. Baina Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak eskuak garbitu zituen, «segurtasun eremu» horren ezarpena ez zela tropa estatubatuarren kontua argi utziz —hurrengo orduetan hasi zituzten Siriatik erabat ateratzeko operazioak, Rojava Turkiako eta Siriako armaden eskuetan utzita—. Amerikarrek turkiarrekin akordioa izenpetu zuten, eta ospa egin zuten.

Bitartean, Turkiari salaketak pilatzen ari zitzaizkion. Amnesty Internationalek txosten bat argitara eman zuen, Erdoganen soldaduek eta haiek babestutako SNAren miliziek gerra krimenak eta zibilen aurkako erasoak egin zituztela salatuz.


Siriako armadako soldadu bat, bandera eskuetan, Kobanen. Zortzi urte inguru ziren Siriako armada ez zela Kobanen sartzen. SANA

Urriaren 19a

«Egoera oso konplexua da»

Kino Gabriel SDFko bozeramaileak hitza hartu zuen: «Egoera oso konplexua da. Eragile lokalak eta internazionalak daude hemen, eta puntu batzuetan interesek talka egiten dute, eta beste puntu batzuetan bat egiten dute. Ikusi behar dugu gauzak nola garatzen diren».

Rojavako miliziak eta herritarrak zer-nolako egoeran eta zenbateraino galduta zeuden erakusten zuen adierazpenak. SDF denbora irabazten saiatzen ari zen, baina ez zegoen oso garbi zertarako. Gero eta argiago zegoen AEBek uko egin ziotela eskualdean eragiteari, eta Putinen, Erdoganen eta Al-Assaden artean erabakiko zutela eskualdearen etorkizuna.

Artean, kurduek eta turkiarrek jarraitu zuten elkarri su-etenaren urraketak leporatzen. Ilargi Erdi Gorri Kurduak eta nazioarteko Gurutze Gorriaren konboi batek lortu zuen Sere Kaniyen sartzea, eta 35 zauritu eta lau hildako ebakuatu zituzten. Errusiak eta SAAk mugimendu militarrak hasi zituzten Idliben —Al-Assaden oposizioko hainbat indarrek kontrolatzen dute eremu hori; tartean milizia jihadistak ere badaude—. Eta zenbait gerrilla kurduk bere gain hartu zituzten aurreko egunetan Afrinen eta Turkia hegoaldeko hainbat tokitan indar turkiarren kontra egindako eraso batzuk.


Sere Kaniyetik atera zituzten SDFko soldadu zaurituak anbulantziatan, Tall Tamr-eko ospitalera bidean. AHMED MARDNLIA / EFE

Urriaren 20a

PKKren oharra

AEBek ofizial egin zuten, Pentagonoaren bidez: tropa estatubatuarrak Siriatik aterako ziren, erabat. Eta iragarpen horrek mugimendu sorta handia eragin zuen: amerikarren konboi militarrak martxan jarri ziren, Rojava uzteko, eta Irakeko Kurdistanera joateko; SAAk tropa gehiago zabaldu zituen Manbijen eta Kobanen; Turkiak atzera egin zuen, Jarabulus aldera, haiei leku egiteko; Errusiako tropa batzuk posizioak hartzen hasi ziren estatubatuarrek utzitako lekuetan —Errusiako armadak Tabqan ezarri zuen bere base militar nagusia eskualderako—; eta SDFk berretsi zuen Sere Kaniyetik atera zituela han zituen miliziano guztiak, hiria SNAren esku utzita.

Turkiak eta AEBek adostutako akordioa betetzen hasteko mugimenduak ziren, eta, aldi berean, agerian uzten zuten, oso modu grafikoan, AEBek utzitako posizio militarrak Errusiaren eta Siriaren eskuetara pasatu zirela. Putinek lortu zuen nahi zuena: AEBek eskualdean zuten eragin eremu bakarra desegitea.

Mugimendu horiek gertatzearekin batera, PKK aurreneko aldiz mintzatu zitzaien Rojavako herritarrei eta miliziei. «[Kurduek] Atzera egitea heriotza izango da kurduentzat», esan zien Cemil Bayik PKK-ko buruetako batek, bideoz: «Mundu osoak daki Amerikak eta Errusiak kurduak sakrifikatu dituztela beren interesetarako. (...) Gure jendeak ez ditu haien hitzak aditu behar».

Urriaren 21a

Tomateak blindatuen kontra

Rojavako gerraren irudi esanguratsuenetako bat utzi zuen urriaren 21ak. Derik eskualdera —Siriako eta Irakeko Kurdistanen arteko mugan— iritsi ziren AEBetako militarren konboiak, eskualdea uzteko aginduari jarraituz. Bertako herritarrek irainka hartu zituzten, eta tomateak eta patatak jaurti zizkieten ibilgailu blindatuei. Traizio baten irudia, saldutako herri baten irudia zen, Trumpek arratsalde hartan errematatu zuena: «Inoiz ez dugu adostu kurduak betirako babestuko genituela».

Eta, AEBek eskualdea uzten ari ziren bitartean, Errusia-Siria-Turkia-Iran laukotea Rojavaren etorkizunerako solasaldiak prestatzen ari zen. Bi herrialde adostu, eta bi herrialdeei bilatzen dutena eman behar zien Moskuk, eta bientzat mezuak igorri zituen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Siriako Gobernuarentzat: «Egitura kurdu guztiak Siriako legalitatean integratu behar dira. Elkarrizketa behar da kurduen eta Damaskoren artean, eta gu elkarrizketa hori errazteko prest gaude». Eta Turkiako Gobernuarentzat: «Adanako 1998ko hitzarmena berritzen laguntzeko prest gaude». Alegia: Siriari eskaintzen ari zitzaion bere muga guztiak berriro kontrolpean hartzea; eta Turkiari eskaintzen ari zitzaion «PKK-ko terroristen», eta beraz YPG/YPJko milizien, eragina desegitea.

Erdoganek mugimendu adeitsua egin zuen, Siriaren «lurralde batasuna» aitortuz: «Turkiak ez dauzka begiak jarrita inoren lurraldean, baina Bakearen Iturria operazioa egiten ari da segurtasunarengatik eta siriarrekin elkartasunagatik». Baita Çavusoglu Atzerri ministroak ere: «Ez dago soluzio militarrik Sirian». Beste keinu bat: Turkiako militar batzuek AFPri adierazi zioten «segurtasun eremuak, lehen fasean», 120 kilometro hartuko zituela; nolabait, SDFk aipatutako eremu hori onartuz, Tal Abyad eta Sere Kaniye artean.

Iranek, berriz, bere marra gorria jarri zuen: Turkiak ez ditu Siria barruko lurralde zatiak kontrolatu behar. Ikusteko dago, beraz, Erdoganek Rojava iparraldean bere kontrolpean nahi duen «segurtasun eremu» hori nola gauzatuko den.

Artean, Siriak ere nahi zuenaren parte bat lortu du. Rojavako gerra hasi aurretik, hiru lurralde zati handi zituen kontrolpetik kanpo: Rojava (SDFren esku), Afrin (Turkiaren eta SNAko jihadisten esku) eta Idlib (Siriako oposizio talde askoren esku). Gerra hasi zenetik, Damaskok Rojavan lekuak irabazi ditu, eta Idlibi eraso egiteko posizioak bereganatu ditu. Izatez, probintzia horri eraso egiteko prestaketak egiten aritu zen aurreko egunetan. Urriaren 22an bonbardaketa handiak hasi zituen Idliben.

Turkiaren erasoarekin kritiko agertu izan da Siriako Gobernua. Buseyne Sabanek, Al-Assaden aholkularietako batek, egun horietan esan zuen: «Segurtasun eremua oker bat da; okupazio bat da. Gure lurren inbaditzailea da Erdogan. Afrin, Jarabulus eta Idlib eskuratu nahi ditugu berriz». Rojava ez zuen aipatu Sabanek adierazpen horietan, baina bai Turkiaren eta Turkiak babestutako indarren esku dauden beste lurralde batzuk. Errusiak batzuen eta besteen eskariak ase behar zituen, beraz. Justu, delegazio errusiar batek lur hartu zuen Qamixliko aireportuan, urriaren 21ean.

Artean, su-etena bukatzeko 24 ordu baino gutxiago falta zirela ikusita, Dirbesiyetik eta beste herri batzuetatik ihesi atera ziren bizilagun asko, su-etena bukatuta Turkiak berriro erasoei ekingo ziela sinetsita. Izatez, herri askotan izan ziren SDFren eta SNAren arteko talkak su-eten garaian ere. Elkarri leporatu zioten 40 bat alditan su-etena urratu izana.

Bestetik, gerrilla kurduek erasoak egiten jarraitu zutela jakinarazi zuten. HPGk, adibidez, urriaren 17 eta 20 artean 37 soldadu turkiar hil zituela adierazi zuen. Turkiak ere ez zion utzi PKKren kontrako ekintzak egiteari egun horietan, Kurdistango beste leku batzuetan.

Europak bere lehen ahalegin diplomatikoa egin zuen saltsa horren erdian. Ursula von del Leyen Alemaniako Defentsa ministroak urriaren 21ean adierazi zuen nazioarteko indarrek kontrolatu beharko luketela Rojavako «segurtasun eremu» hori.

Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak, berriz, «inbasio» gisa hartu zuen, publikoan, Turkiaren erasoa. Europako estatuek ez dute begi onez hartu Erdoganen gerra, baina Bruselak ez du ia iniziatibarik hartu. Funtsean, Errusiak, Turkiak, Siriak eta Iranek oso argi eduki baitute bakoitzak zer nahi zuen eremu horrentzat, eta Europak ez baitu plan argirik eduki eskualde horretarako. AEBek, berriz, itxura duenez, plan bat baino gehiago eduki ditu, eta kontrajarriak gainera.

Eguna bukatzeko, AEBek eskualdean duten interes eremu apurretako bat agerian utzi zuten. Mark Esper Defentsa idazkariak adierazi zuen ez zituztela erabat atera nahi tropak Siriatik. Momentuz, Deir ez-Zor aldean utziko zutela talde txiki bat, 200 bat soldadukoa, eta SDFrekin elkarlanean arituko zela, inguru horretako petrolio putzuak zaintzeko. Irani sarbidea oztopatzeko neurri gisa ere aurkeztu zuen. Ikusteko dago zer gertatuko den puntu horrekin. Errusiak esana du petrolio baliabide guztiek Damaskoren agintepean egon behar dutela.


Erdogan eta Putin, zazpi orduko bilera bukatu ondoren, urriaren 22an. SERGEI CHIRIKOV / ERRUSIAKO GOBERNUA

Urriaren 22a

Dena erabakitzeko bilera bat

Siriaren eta Rojavaren etorkizun hurbila Sotxin erabaki zen, Errusian. Erdogan eta Putin gela batean zarratu ziren, bi itzultzailerekin; esku hutsik Putin, paperez betetako karpeta batekin Erdogan. Sei ordu eta erdi geroago atera ziren gelatik, akordio batekin besapean.

Adostu zuten Turkiak eutsi egingo ziela ordura arte okupatutako lur zatiei —alegia, Tal Abyad eta Sere Kaniye arteko 120 kilometroko eremuari, bi hiriak barne—. Eta 32 kilometro barrura hedatuko zela eremu hori, M4 errepideraino. Kurdistan historikoaren mugetatik kanpo dago lur zati horren gehiena.

Hortik aparte, adostu zuten Errusiak eta Turkiak bere gain hartuko zutela mugaren kontrola, elkarrekin; Siriako lurretan, hamar kilometro sakoneko tartean, bi armadetako patruila mixtoek «segurtatuko» zutela eremua. Orain SDFren esku dago eremu hori. Funtsean, AEBek Turkiari eskainitakoaren oso antzekoa zen proposamena, baina orain tropa errusiarrak izango dira bermea.

Akordioak kontrol horretatik kanpo utzi zuen Qamixli hiria. Kobaneri buruz, berriz, ez zuen hitzik ere aipatzen. Kurduentzat, balio sinboliko handia du hiri horrek —besteak beste, han irabazi zuelako EIren aurkako bataila garrantzitsuetako bat, hilabeteetako setioaren ondoren—.

Akordioak bai zehazten zuen YPG/YPJ miliziek Manbij eta Tal Rifat utzi beharko dituztela. Orain Al-Assaden SAA dago zabalduta eskualde horretan, eta postu egokia da Afrinen edo Idliben aurkako ofentsiba bati ekiteko. Turkiak, ordea, badirudi saihestu egin nahi duela eraso hori.

Akordioak beste bi puntu garrantzitsu ere jasotzen zituen. Batetik, Turkia prest agertzen zen Siriako Gobernuaren lurralde batasuna errespetatzeko eta herrialdearentzat konstituzio berri bat idazteko prozesuan laguntzeko. Turkiaren eta Siriaren harremanak ez dira oso adiskidetsuak izan, eta Putinentzat garrantzitsua zen Ankarak Damaskori zilegitasuna aitortzea.

Bestetik, Errusiak onartu zuen 1998ko Adanako akordioa betearazten lagunduko zuela. Turkiarentzat garrantzitsua zen puntu hori, esan nahi baitzuen Siriak aktiboki inplikatu beharko duela «terrorista kurduen» kontrako borrokan.

Siriaren erantzuna falta zen, eta gauean berretsi zen haren baiezkoa. Egunean zehar, Siriak bezala Iranek, adierazpen gogorrak egin zituzten turkiaren kontra. Iranek adierazi zuen ez zuela begi onez ikusten Rojavako «segurtasun eremu» hori turkiarren esku geratzea. Al-Assadek, berriz, «lapur» deitu zion Erdogani, eta bere lurrak inbaditzeko ahaleginei aurre egingo ziela.

Seguru asko, Sotxiko negoziazioetan nolabait eragiteko ahaleginak ziren. Iluntzean, Putinek telefonoz deitu zion Al-Assadi, eta Siriako presidentea umilago agertu zen, egoeraren erantzukizuna «helburu separatistak dituztenei» egotzi zien, eta Sotxiko akordioa onartzeko prest zegoela adierazi zuen.

Turkiako hedabideak, berriz, pozik agertu ziren, Iranek ez duelako zuzeneko eraginik eduki negoziazioetan. Alde horretatik, akordioak baditu bere ahuldadeak; Siriak eta Iranek errezeloz begiratzen diote beti Turkiari; eta alderantziz, gauza bera. Putinek bere gain hartu du alde guztiak kontentu edukitzeko lana.

Kurduek zer esango duten jakitea falta da. SDFk ez du agiri ofizialik kaleratu; akordioa aztertzen ari zirela jakinarazi zuten. Errusiak eta Turkiak 150 ordu eman zizkieten, urriaren 22ko gauerditik aurrera, akordioa betearazteko.

Edozein moduz, Turkiako Gobernuak adierazi zuen, gauzak zeuden bezala, ez zuela operazioarekin jarraituko, helburuak ase zituelako —kurduek gerrara joatea erabakitzen ez duten bitartean, beti—.

Partida ia bukatu eta ia erabaki denean iritsi zen Europaren erreakzioa, Alemaniaren bidez. Turkiak nahi zuen «segurtasun eremu» hori nazioarteko koalizio batek bermatzea proposatu zuen, Turkiak nahi zuen guztia Errusiaren bidez lortu eta gero. Erdoganek ez zien europarrei bilera ukatu, baina berandu iritsi zen Alemaniaren, Frantziaren eta Erresuma Batuaren erreakzioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna