Txile

"Neurri sozialak" iragarri ditu Piñerak, protestak amaitze aldera

Bost egunean hamabost pertsona hil dira protestetan. Estatuburuak ohartarazi du eutsi egingo diela etxeratze aginduari eta larrialdi egoerari, harik eta "segurtasuna bermatua" dagoen arte.

arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 23a
09:37
Entzun

Sebastian Piñera Txileko presidenteak barkamena eskatu du herritarrek duten "abusuzko egoera" ez aurreikusteagatik, eta egoera hori aldatzen hasteko konpromisoa hartu du. Aldiz, ez du neurririk iragarri, eta are gutxiago dimisiorik aipatu, azken bost egunetan hildako 15 herritarren heriotzarekin lotuta. Eskualdeetako fiskalen arabera, militarrek tiroz hil zituzten haietako hiru, eta beste bat ibilgailu batekin harrapatuta.

Piñerak, ordea, eskertu egin die militarrei haien "lan baliotsua", eta berretsi du eutsi egingo diela etxeratze aginduari eta larrialdi egoerari, herritarren segurtasuna eta ondasun publiko nahiz pribatuena "bermatuta" egon artean. "Gobernuak bere lana egin du, Konstituzioak eta legeak ahalbidetzen dizkion tresnak erabilita herritarren segurtasuna eta eskubideak bermatuz".

Gobernuak metroko txartelaren salneurria laugarrenez igo zuenean sortu ziren protestak Santiago hiriburuan. Ordea, nagusiki, beste arrazoi batzuek haserrearazi dituzte herritarrak: ezberdintasun sozialak; aberastasun ekonomikoaren kontzentrazio handia; zigorrik gabeko ustelkeria kasuak; eta pribatizazioak nagusi diren sistema ekonomikoak eragiten duen prekarizazioa. Horiei militarizazioarekin erantzun die Txileko Gobernuak orain arte, bart gauera arte.

Orain, erreformak iragarri ditu Piñerak; hori bai, militarrak herri eta hirietatik ateratzeko asmorik gabe. Egin asmo dituzten aldaketen artean daude, besteak beste, gutxieneko soldatak igotzea —371 eurotik 433 eurora—; argiaren prezioa mantentzeko neurriak, %9,2ko igoera bertan behera utziz; eta soldatarik handienen eta txikienen arteko desberdintasuna gutxitzeko neurriak. Horrez gain, parlamentarien dietak jaitsiko dituela ere iragarri du estatuburuak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.