Migratzaileak

Txinatarrak dira Ingalaterran kamioi batean hilik aurkitutako 39 pertsonak

Poliziak kamioi gidaria galdekatzen jarraitzen du. Ipar Irlandakoa da gidaria, eta Poliziak bi etxe miatu ditu han, "operazioan parte hartu duten gaizkile taldekoenak" direlakoan.

Polizia, gorpuak zeramatzan kamioia miatzen. VICKIE FLORES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 24a
12:34
Entzun

Essexen, Grays herrian, 39 gorpu zeramatzan kamioi bat aurkitu zuten segurtasun indarrek atzo. Gidaria, 25 urteko irlandarra, atxilotu egin zuten. Gaur jakinarazi dutenez, txinatar jatorrikoak dira hildakoak. Ez da, hala ere, lehen aldia, Txinatik ihesean doazenak hilik heltzen direla. 2000. urtean, Doverko portuan, 58 txinatar hilda aurkitu zituzten. Bizirik irten ziren bi lagunetatik batek azaldu zuenez, hemezortzi ordu baino gehiago eman zituzten kamioiko edukiontzian harrapatuta. Orduan, gidaria egin zuten hilketen erantzule, eta hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Oraingoan, gidaria da operazioarekin lotuta atxilotu duten bakarra, eta, oraintxe, polizia etxean jarraitzen du deklaratzen. Ipar Irlandan bi etxe miatu dituzte orain artean, "operazioan parte hartu zuten gaizkile taldekoenak" direlakoan. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, edukiontzia Belgikako Zeebrugge hiriko portutik iritsi zen Purfleeteko portura, 23:30 aldera, eta han hartu zuen kamioiak.

Belgikako fiskaltzak ikerketa zabaldu du garraioan nork parte hartu duen argitzeko eta, aurkituz gero, erantzuleak atxilotzeko. Oraingoz, ez dute argitu barruan zeudenak Belgikan igo ote ziren edukiontzian, ala lehendik ote zeuden barruan.

Kamioia Bulgariatik zetorrela zabaldu zen hasieran, matrikula hangoa zuela eta. Dena den, Bojko Borisov Bulgariako lehen ministroak atzo arratsaldean azaldu zuen kamioia Bulgariakoa dela, baina ez dela herrialdean sartu 2017ko ekainaren 20tik. Aurreko egunean erregistratu zuen, Varnan (Bulgaria), Irlandako herritar batek, baina hurrengo egunetik ez da itzuli hara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.