Eskola jangelak

Ikastetxeetan sukaldeak jartzea babestu du Eusko Legebiltzarrak aho batez

Akordioa lortu dute talde politiko guztiek, eta eskola jangelen inguruan beste araudi bat lantzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, egungo sistemak "aldaketak" behar dituelakoan.

Ikastetxe bateko jantokia, artxiboko irudi batean.
Ikastetxe bateko jantokia, artxiboko irudi batean. Berria

Maite Asensio Lozano -

2019ko urriak 24

Eskola jangelen kudeaketa ereduan “aldaketak eta hobekuntzak” egin beharra babestu dute Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari galdegin diote araudi berri bat proposa dezan 2020-2021eko ikasturteari begira. Azken urteotako ereduari kritikatu izan zaio eskoletatik sukaldeak ia desagerrarazi izana, eta hori leheneratzeko lehen pausoa egin du legebiltzarrak: hala eskatzen duten ikastetxeetan sukaldeak egitea bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio baten harira eztabaidatu dute auzia osoko bilkuran. Hasierako testua alboratu, eta beste bat adostu dute alderdiek, eta akordioarekin pozik agertu da Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko ordezkaria: “Ez dakigu nolakoa izango den sistema berria, baina badakigu zer ez dugun nahi: sistema ilun bat, iruzurrak sortzen dituena, eta prekarizazioa dakarren sistema bat, etekin ekonomikoak lehenetsiko dituena”. 

Azken hamarkadetan, lehiaketa publiko bidez kudeatu izan ditu Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokiak: catering enpresei eman die zerbitzua, lau urteko epeetarako. Eredu horrek zalantza eta kexa ugari eragin ditu hezkuntza eragileen artean, batetik, janariaren kalitatearekin eta jantokien funtzio hezitzailearekin lotuta, eta, bestetik, iruzur iturri izan delako, 2016an Lehiaren Euskal Agintaritzak adierazi zuenez: isuna ezarri zien zortzi catering enpresari, merkatua banatzeagatik. Legebiltzarrean bertan duela bi aste itxi dute auzi horri buruzko ikerketa batzordea: ebazpenean, ardura politikoa leporatu diete azken Hezkuntza sailburuei, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren botoekin.

Eredu hori agortuta dagoela nabarmendu dute testuan legebiltzarreko alderdi guztiek: “Aldaketak eta hobekuntzak behar ditu esleipen, gardentasun eta kontrol prozeduretan”. Hala, akordioaren bidez, bestelako sistema bat eratzen hasi nahi dute. Hezkuntza Sailari eskatu diote lau hilabeteko epean eredu berri bat diseina dezan: kudeaketa eredu desberdinak aztertzeko, “kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua” hautatzen duten zentroei “aukera bideragarriak” eskaintzeko, kontratazio baldintzen oinarri teknikoak berritzeko prozesu bat martxan jartzeko asmoz hezkuntza komunitatearekin, eta, horren guztiaren ondoren, arau berri bat proposatzeko.

Puntu batean jorratu dute sukaldeak egiteko beharra. Zazpi eskolak eskatu dute, berariaz, sukaldea ipintzeko, baina halakoak orokortzeko bidea jarri du akordioak. Becerrak azaldu du aldagai horrek zuzeneko eragina duela ikasleen osasunean: “Haurren loditasunari aurrea hartu behar zaio. Japonian legez derrigortuta daude ikastetxe guztietan sukaldeak edukitzera, eta umeen loditasuna hemen baino hiru aldiz txikiagoa da. Gure ikasleek janaria prestatu eta sei ordutara jaten dute, baina janariaren kalitatea ordu erdira hasten da kaskartzen”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna