Artea

Bremenera ematen duen leiho bat Guggenheimen

Kunsthalle Bremen museotik ekarritako XIX. eta XX. mendeko 130 artelan jarri dituzte ikusgai Bilboko Guggenheim museoaren hirugarren solairuan.

Ikusle bat Bilboko Guggenheim museoan Vincent Van Gogh artistaren 'Mitxoleta-soroa' artelanari begira. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 24a
09:46
Entzun

Alemaniako Bremen hirira ematen duen leiho bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Kunsthalle Bremen museo prestigiotsuko bildumaren parte diren 130 artelaneko hautaketa bat jarri du ikusgai hirugarren solairuko areto klasikoetan, eta zinez esanguratsua da ekarritako artisten zerrenda: Eugene Delacroix, Gustave Rodin, Pierre-Auguse Renoir, Claude Monet, Caspar David Griedrich, Pablo Picasso, Karl Gustav Carus, Max Liebermann, Otto Dix, Emil Nolde, eta Karl Schmidt-Rottluff. Horiek, besteak beste. XIX. mendeko klasizismotik abiatzen da erakusketa, eta erromantizismoa, inpresionismoa, postinpresionismoa gurutzatu ostean heltzen da XX. mendeko  espresionismora. 150 urteko denbora tarte kronologikoa hartzen du kontuan, guztira, eta arreta berezia eskaintzen die Alemaniako eta Frantziako arte mugimenduen arteko antzekotasun eta berezitasunei. Eta bi ardatz horien adierazle da erakusketari jarritako tituluaren bigarren zatia: Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroixetik Beckmannera. Otsailaren 16ra arte egongo da zabalik.

Karanbola moduko bat izan da. Normalean, ezinezkoa izaten da Kunsthalle Bremengo hainbeste artelan museotik kanpo ikusi ahal izatea, baina une honetan eraikineko 60 aretoak hartzen dituen Ikonen izeneko erakusketa du martxan Alemaniako erakundeak, eta beren 2.100 piezako bildumako hainbat artelan biran eramateko baliatu dute aukera hori arduradunek. Kezka apur bat aitortu du Christoph Grunenberg Kunsthalle Bremen museoko zuzendariak mugimendu horiengatik guztiengatik. “Ez da ohikoa halako artelan kopurua errepide bidez mugitzea, eta beti egoten zara pixka bat arduratuta, baina oso profesionala izan da dena”.

1823an erein zuten Bremengo museoaren lehen hazia, eta herritar batzorde bat izan da hasieratik egitasmoaren gidari. Gizarteak edertasuna nola ulertzen zuen hobetzeko asmoz sortu zuten erakundea garaiko burgesia artezaleak eta hiriko industriako hainbat ordezkarik, eta oraindik ere erakunde publikoengandik independentea da museoa. Grunenbergek onartu duenez, oso esklusiboa zen jende talde batek gidatzen zuen hasiera batean museoa, baina nabarmen demokratizatu da partaidetza urteekin, eta hurrengo hilabeteetan 10.000 kideko langa gainditzea espero dute. “Herritarrek eraiki zuten, eta oso eredugarri bilakatzen du horrek”.

Van Goghek piztutako polemika

Hasieratik jarri zuen museoak arreta Frantziako eta Alemaniako arte joeren arteko harreman dinamikoan, eta, arduradunek onartu dutenez, museoaren nortasun ikur bilakatu da hori urteekin. Izan da polemika momenturik ere, ordea, eta hain zuzen ere Bilbon ikus daitekeen Vincent Van Gogh artistaren Mitxoleta-soroa margolana da gatazka horren ikur nagusietako bat. 1889koa da margolana, eta Arles inguruko paisaia bat irudikatzen du. Ia koadro osoa hartzen dute zelaiek, eta eder harrapatzen du artistak soroen berdetasunean pizten diren mitxoleten gorritasuna. Ikus daitezke Van Goghen pintzel oldarraldien aztarnak ere, eta sortzailearen azken sasoiko maisulan nagusietako bat da obra, Grunenbergen hitzetan.

Eta, halere, eztabaida piztu zuen hura erosi izanak, 1911. urtean.

1899an hautatu zuten Bremengo elkartearen lehen zuzendari zientifikoa: Gustav Pauli arte historialaria. Eta hark hartu zuen Van Goghen koadroa 30.000 markoren truke erosteko erabakia. Hirian etxe eder bat erosteko bezainbeste ematen zuen kopuru horrek sasoi hartan, eta ez zuten denek ontzat eman erosketa. “Gordina” eta “bortitza” izan zen eztabaida, Grunenbergen hitzetan.

Artista alemaniarrek eskutitzak idatzi zituzten egunkarietara, artista frantziarrek herrialdeko artea “konkistatu” zutela salatuz. Bere herrialdeko artea sustatu behar zuen Alemaniako museo batek, haien ustetan, eta zenbait astez iraun zuen aldekoen eta kontrakoen arteko eztabaidak hedabideetan. Mende bete pasatu ostean, ordea, zalantzarako tarte gutxi ikusten du Grunenbergek. “Historiak arrazoia eman dio artelana erosteko erabakia hartu zuen zuzendari hari”.

Eskuzabaltasuna eta askatasuna

Artelanak Bilbora eramateko erakutsitako “eskuzabaltasuna” eta ibilbidea osatzeko eskainitako “askatasuna”. Biak eskertu dizkio Kunsthalle Bremen museoko arduradunari Petra Joos arte historialariak. Berak egin ditu Bilboko erakusketarako komisario lanak, eta, azaldu duenez, hasieratik izan zuen argi jarraitu beharreko norabidea. “Bageneukan maisulan bat bestearen atzetik jartzeko aukera, 600 urteko tartea hartuko zuen ibilbidea sortzeko, Albert Durero bat jarri, Eugene Delacroix bat, Max Beckmann bat, eta ezin erakusketa ederragoa egingo genukeen horrela ere. Baina artearen historiaren zati garrantzitsu bat kontatzea erabaki dugu, trinkotuta, 150 urteko denbora tartea hartzen duena, XIX. mendean hasi, eta XX. mende erdialderaino”.

Gustave Rodinen brontzezko bi giza eskulturak hartzen dute bisitaria lehen aretoan, eta kronologikoki antolatu dituzte artelanak hortik aurrera. Eugene Delacroix, Caspar David Friedrich eta Karl Gustav Carus ikus daitezke lehen gelan, adibidez. Paul Cezanne, Claude Monet, Lovis Corinth eta Edgar Degas daude bigarrenean, eta Andre Masson, Otto Modersohn, Otto Dix, Richard Oelze, Pablo Picasso eta Max Beckman hirugarrenean. Alderaketak egiteko aukera ere eskaintzen du erakusketak, gainera. Igartzen da, adibidez, Frantziako inpresionistek sentsazioei eskainitako garrantzia, eta baita Alemaniakoek figurak zorrotzago irudikatzeko joera ere. Eta antzera espresionismoaren eta bestelako joeren kasuan ere. Ildo paretsuan maiz, baina ñabardurekin beti.

Azalean soilik ezagun

Hain zuzen ere, ismo nagusi horien ñabardurak erakustea da erakusketaren bertute nagusia, Joosen hitzetan. “Oso ezagunak diren arte mugimenduak daude erakusketan, baina normalean ez direnak sakon ezagutzen”. Eta berdin artistekin ere. Joos, berriz ere, azalpena ematen. “Oso izen ezagunak ditugu erakusketan, eta baita izen ez hain ezagunak ere, eta bi horiek elkarrekin erakustea da erakusketaren lorpen handietariko bat”.

Paula Modershohn-Becker artistaren lana nabarmendu du komisarioak, adibidez. Aitzindaritzat hartu zuten haren lana margolari abstraktuek, esaterako, eta haren bederatzi margolan bildu dituzte, guztira, erakusketan. Ezaguna da haren izena nazioartean, baina Joosen hitzetan, haren obra ez da oraindik aski baloratu Euskal Herrian. 31 urterekin hil zen, 1907. urtean, eta hurrengo urtean bertan eskaini zioten erakusketa Kunsthalle Bremen museoan. Mugarri garrantzitsutzat du hori komisarioak: “Alemanian emakumeek boto eskubidea lortu baino hamar urte lehenago, zabal erakutsi zuen haren lana museoak”. Eta Joosen ustez, detaile horrek ere ematen du erakundeak artearekiko duen jarreraren berri, “edertasunaren printzipioa” izan baitu gidari beti.

Museo introspektiboa edo irekia

Berez, 1950eko hamarkada osteko lanak erakustea da Bilboko Guggenheim museoaren egitekoa, baina urtero eskaintzen diote gutxienez erakusketa bat sasoi horren aurreko arteari. Hirugarren solairuko hiru areto erabiltzen dituzte horretarako, eta, hain justu, han jarri dute orain ikusgai Bremengo museoko lanekin osatutako bilduma ere. Juan Ignacio Bidarte Guggenheim museoko zuzendariak azaldu du egitasmo horren zergatia. “Garrantzitsua da museoko publikoak artelan garaikideak haien aurreko artelan esanguratsuen testuinguruan ulertu ahal izateko aukera eskaintzea”.

Gainera, gertuko sentitzen du Bremengo museoaren kasua Bidartek. Azaldu duenez, historikoki ontzigintzari lotuta egon dira bai Bremen eta bai Bilbo. Baina bada hori baino gehiago ere. Bidarteren ustetan, Van Goghen koadroak sortutako polemikaren oihartzunak ere senti daitezkeelako Bilboko Guggenheim museoaren irekierak piztutako zenbait kritikatan ere. Paralelismoak ikusten ditu bi kasuen artean berak. “Interesgarria da [Van Goghen] obra horren atzean dagoen historia eta trantsizio garaia ezagutzea. Bereizketa eragin zuen erosketa hark. Batzuek uste zutelako museoak ikuspegi introspektiboagoa izan behar zuela eta arte alemaniarra ardatz hartu behar lukeela, eta besteek uste zutelako museoak ikuspegi ireki eta zabalagoa eduki behar zuela, horrek ekarpena egiten ziolako gizartearen garapenari. Eta oso adibide garrantzitsua da hori, polemika arrotz ez zaion museo honentzat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.