Hilketa

Bilbo Zaharrean gizon bat hil dute, eta Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu

Kalean tiro egin diote gizonari, eta Ertzaintzak uste du emakume batekin izaniko harremana dagoela oinarrian. Alkateak "irmotasuna" eskatu du.

Ertzaintza eta Udaltzaigoa tiroketa izan den lekuan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko urriaren 24a
21:28
Entzun

Gizonezko bat hil dute arratsaldean Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, 14:40 aldean deiak jaso dituzte larrialdi zerbitzuetan, tiroketa bat gertatu dela Bilbo Zaharreko Bruno Mauricio Zabala kalean. Kalean bertan tiro egin diote gizonari, eta zerraldo geratu da. Ertzaintzak ingurua hesitu du, tiro egin zutenak inguruan zeudelakoan. Etxe batean itxita eman dute ordubete baino gehiago, eta 16:00 aldean atzeman dituzte. Bi gizonezko dira. Poliziaren lehen hipotesien arabera, emakume batekiko harremanagatik hasi dute eztabaida kalean.

Bizilagunen lekukotasunetan oinarrituta albiste agentziek azaldu dutenez, atxilotutako bi gizonek eta hildakoak eztabaida handia eduki dute kalean bertan. Liskarrean ari zirela, eskopeta bat atera dute bi gizonek, eta burura tiro egin diote beste gizonari; Ertzaintza eta anbulantziak joan dira, eta ordurako hila zen gizona.

Polizia iturriek azaldu dutenez, auzokoak dira hildako gizona eta bi atxilotuak —bi horiek senideak dira—. Ertzaintzak uste du hildakoaren anaiak harremanak izan zituela akusatuetako baten bikotekidearekin, eta auzoan sartzea "debekatu" ziotela familia horri. Eguerdian kalean ikusi dute gizona, eta tiroka amaitu dute.

Tiro egin ondoren, kale bereko etxebizitza batera sartu dira bi gizonak. Ertzaintzaren esku-hartze unitateek itxi egin dute ingurua, eta ordubeteren bueltan beren burua polizien esku utzi dute biek. Atxilotuta eraman dituzte. Etxe horretan hiru eskopeta aurkitu dituzte ertzainek. Halako arma batekin egin diote tiro gizonari, ehizako eskopeta batekin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hilketa gaitzetsi du, eta justiziari eskatu dio "irmotasunez" joka dezala horrelako kasuetan. Sanfran Auzokideak elkarteak kezka agertu du auzoan "segurtasunik eza" nabarmena delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.