'Brexit'-a

Abenduaren 12an hauteskundeak egitea proposatu du Johnsonek

Brexit-aren geldialdi egoera hausteko, Erresuma Batuko lehen ministroak eskaintza bat egin die laboristei: EB uzteko epea atzeratu, eta hurrengo astean bozketa bat egin erabakitzeko bozak aurreratu ala ez.

Boris Johnson, gaur.
Boris Johnson, gaur. ANDY RAIN/Efe

Berria -

2019ko urriak 24

Boris Johnsonek herenegun adierazi zuen brexit-a gauzatzeko legea onartzeko prozesua "geldialdian" utziko zuela, Komunen Ganberak ez ziolako onartu hori egiteko bide orria —herenegundik bihar arteko epean eztabaidatu eta onartu nahi zuen legea—. Geldialdi hori gainditzeko proposamena egin du gaur, eta hauteskundeetara deitzea da neurri nagusia. Horretarako, ordea, Komunen Ganberan Alderdi Laboristaren babesa bermatu behar du. Jeremy Corbyn laboristen buruzagiak baldintza bat jarri dio lehen ministroari: "Kendu akordiorik gabeko aukera mahai gainetik, eta erabat babestuko ditugu hauteskundeak".

The Guardian egunkariak bildu duenez, elkarrizketa batean galdetu diote Corbyni ea zer bozkatuko duen astelehenean Johnsonek Komunen Ganberan proposatzen badu hauteskundeak aurreratzea. "Bihar Europako Batasunak erabakiko du luzapen bat emango ote duen ala ez. Eta, noski, erantzun horrek bilduko du ea akordiorik gabeko aukera bat egongo den ala ez. Bihar ikusiko dugu", erantzun du buruzagi laboristak.

Izan ere, brexit-aren epea atzeratzeko, EB Europako Batasunak oniritzia eman behar dio Johnsonek Komunen Ganberak behartuta Bruselari egin zion luzapen eskaerari. Urriaren 31rako luzapena indarrean sartu ez bada, eta bitarte horretan Komunen Ganberak akordioa onartu ez badu, Erresuma Batua automatikoki aterako da EBtik, eta inork ez daki zehazki horrek zer ondorio utziko dituen.

EBko buruzagi askok azken egunotan adierazitakoaren arabera, epea luzatzearen alde daude, baina ez dago argi zenbat denboran. Erresuma Batuko BBC katearen arabera, azaroaren bukaerara arte luzatuko balute, Johnson ahaleginduko da ituna berriz ere Komunen Ganberan aurkezten, diputatuek eztabaidatu eta bozka dezaten. EBk urtarrilaren 31ra arte luzatuko balu, berriz, Johnsonek hurrengo astean hauteskundeak aurreratzeko proposamena aurkeztuko luke Komunen Ganberan. Kasu horretan, ganbera azaroaren 6an desegingo lukete, eta lehen ministroak egun hori baino lehen aurkeztuko luke Bruselarekin egindako ituna, eztabaidatu eta bozkatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna