Palestina

Tapia: "CAFek erabat betetzen ditu nazioarteko legedia eta giza eskubideak"

NBEren ebazpenen aurka, Israelen tranbiaren proiektua defendatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Jerusalemgo tranbiaren lehen linea martxan jartzeko lanak, 2008an. EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 25a
21:30
Entzun

Israelek Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako legez kanpoko hainbat kolonia lotzeko egin asmo duen tranbiaren proiektua defendatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantza Tapiak. Israelek urteak daramatza proiektu hori gauzatu nahian, eta enpresa ugarik egin dute atzera dagoeneko: Frantziako Veolia, Alstom, Siemens eta Systra, Kanadako Bombardier, Australiako Mcquarie... Ez, ordea, CAFek, langile batzordeak zuzendaritzari eskari horixe egin arren. Beasaingo enpresak abuztuan berretsi zuen Israelen tranbia egiteko kontratua sinatu zuela.

Gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Tapiak esan du CAFek proiektuaren inguruko "legedia eta etika" aztertu dituela. Hala azaldu du ondorioa: "Txosten horiek berretsi dute CAFek erabat betetzen dituela nazioarteko legedia eta giza eskubideak".

Elkarrekin Podemosek egindako galdera baten harira egin ditu adierazpenok sailburuak, eta Iñigo Martinez legebiltzarkideak gogorarazi dio Israel egiten ari den tranbia NBEren ebazpenen aurkakoa dela. Martinez: "Israelen abusuen aurka agertu gara legebiltzar honetan, aho batez. Izan gaitezen koherenteak, izan zaitezte koherenteak, eta ez gaitzazue giza eskubideen urraketa horien konplize egin".

Tapiaren ustez, ordea, "ez da justua soilik enpresari bati edo batzuei exijitzea agintariak edo diplomazia politikoa egiteko gai ez direna". Jaurlaritzak berak ere badu parte bat CAFen, txikia bada ere: iazko urtarrilean, Jaurlaritzak CAFen akzioen %1,24 erosi zizkion Kutxabanki, ia hamabost milioi euroan.

NBEren ebazpenak eta BDZ

Jerusalem ekialdea eta Zisjordanian okupatutako lurrak 1967ko gerran okupatu zituen Israelek, eta, handik hilabete batzuetara, 242 ebazpena onartu zuen NBEk. Israelek lurralde okupatuak utzi behar dituela dio, eta ez du onartzen Jerusalem estatu sionistaren hiriburutzat. Ez da hori bakarrik, ordea. 1993ko Osloko akordioetan, Israelek berak onartu zuen 242 ebazpena, sekula errespetatu ez duen arren. Kontrara, ekintza burutuen politikaren bidez —Zisjordanian harresia eraikiz, esaterako—, gero eta lurralde gehiago okupatu ditu, palestinarrak bakartuz eta kanporatuz. Urtez urte, 1967an agertutako jarrera hori berretsi du NBEk.

2004an, esaterako, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako koloniek "nazioarteko legedia urratzen" zutela. 2016an, berriz, NBEren Segurtasun Kontseiluak beste ebazpen bat onartu zuen, 2334 izenekoa, esanez Israelen koloniek ez dutela legea betetzen: "Nazioarteko legediaren urraketa larria dira, eta oztopo handi bat bi estatuen konponbidea eta bake oso, justu eta iraunkor bat lortzeko". Beste ebazpen batzuk ez bezala, teorian, Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak bete beharrekoak dira NBEren kide diren estatuentzat. Hamabost kideetatik, AEBek ez beste guztiek babestu zuten 2334 ebazpena, tartean Frantzia eta Espainia.

Palestinako indar politiko eta sozialak Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) dinamika sustatzen ari dira azken urteetan, eta, besteak beste, presio horrek eragotzi du enpresa askok tranbiaren proiektuan parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.