Futbola

Realarentzat gazia, Athleticentzat gozoa

Txuri-urdinek 1-4 galdu dute Atletico Madrilen kontra; zuri-gorriei, berriz, uste baino gehiago kostatu zaio Espanyol azken sailkatua mendean hartzea: 1-2

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 26a
18:16
Entzun

Espainiako Kopako finalean egin zuten bezala, Realeko jokalariek bazuten itxaropena Atletico Madrili irabazteko. Baina, argi zuten ligako partidak ez zuela zerikusirik izango harekin. Txuri-urdinen zoritxarrerako hala gertatu da. Zelai erditik aurrera dituen jokalari erabakigarrien kalitatea baliatuz, Espainiako taldeak 1-4 irabazi du, eta hiru puntuak eraman ditu Zubietatik.

Itxaropenerako tarterik ere ez du izan Gonzalo Arkonadaren taldeak, eta merezi baino zigor handiagoa jaso du. Hirugarren minuturako bisitariak aurretik ziren, Charlyn Corralen gol bati esker. Realak aurreko partidetan baino biziago eta argitasun handiagoarekin jokatu du erasoan, eta Barbara Latorrek gertu izan du banakoa 26. minutuan. Baina Sari van Veenendaalek gelditu ona egin dio area txikian. Ia segidan futbolaren patu krudela jasan dute txuri-urdinek, barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Hala, pare bat korner jaurtiketetan arriskua sortu eta gero, baloia Toni Duggani iritsi zaio, eta eskuinkada indartsu batekin Mariasun Quiñones gainditu du (30. min). 0-2koa kolpe handia izan da.

Aldageletatik irten eta berehala, Nerea Eizagirre 1-2koa egitetik gertu egon dA urrutiko jaurtiketa batekin. Baina DU lortu, eta hor amaitu dira Realak partida iraultzeko zituen aukeretako asko. Bihotzarekin jokatu du hortik aurrera, eta adorea eta izaera lehiakorra izan ditu. Baina lehen zatian gertatu bezala, egungo liga txapeldunak erasoan duen kalitatea erakutsi du, eta Angela Sosak (72. min.) eta Leicy Santosek (71. min.) gol bana egin dituzte. Realaren ohorezko gola Leire Bañosek erdietsi du (73. min):
Hirugarren garaipena

Athleticek, berriz, emaitza bolada onean segitzen du. Hirugarren garaipena kateatu du, Espanyolen zelaian: 1-2. Kataluniarrak azkenak dira sailkapenean, puntu bakarrarekin. Baina gauzak zail jarri dizkie zuri-gorriei, 43. minutuan aurretik jarri baita, Del Estalek penaltiz sartutako golarekin.
Baina bigarren zatian lehia iraultzea lortu du Athleticek. Erasoan beste abiadura batekin jokatu du, eta partidako protagonista agertu da: Lucia Garcia. Bi jardunaldi jokatu ezinik eman eta gero, aurrelaria taldera itzuli zen, eta zuri-gorriek ederki eskertu dute, berak sartu baititu Angel Villacamparen taldearen bi golak. Lehena 53. minutuan, Marta Perearen pase sakon bat aprobetxatuz; eta,bigarrena,73.ean, bueltan zen Yulema Corresen pase baten bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.