Estatu Islamikoa

Estatu Islamikoaren burua hil du AEBetako armadak erasoaldi batean

"Abu Bakr al-Baghdadi hilda dago", adierazi du Donald Trump AEBetako presidenteak. Soinean zeraman lehergai gerrikoa leherrarazi du. SDFek ere Al-Baghdadiren heriotza baieztatu dute.

Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoaren burua, artxiboko irudi batean. AL FURQAN ISIS MEDIA WING HANDOU, EFE
2019ko urriaren 27a
11:05
Entzun

Siria iparraldeko Idlib probintzian atzeman dute Abu Bakr al-Baghdadi EI Estatu Islamikoaren burua, Turkiako mugatik gertu, armada estatubatuarreko indar bereziek atzo egin zuten operazio militar batean, Donald Trump AEBetako presidenteak zehaztu duenez.

"Atzo gauean, AEBek justizia egin zuten munduko lehen buruzagi terroristarekin", adierazi du Trumpek. Haren esanetan, EIren liderrak soinean zeraman lehergai gerrikoa leherrarazi du, bere burua tunel itsu batean harrapatuta ikusi duenean. Leherketan, bere hiru seme ere hil ditu, AEBetako presidentearen arabera.

"Gizon gaixo eta ankerra zen, eta orain joana da", adierazi du Trumpek. "Txakur bat bezala hil da; koldar bat bezala".

Al-Baghdadi Turkiako mugatik bost kilometrora zegoen babestuta, bizitegi gune batean. Han eraso diote AEBetako armadaren Delta eta Ranger indarrek.

Operazioan, Kurdistango Erbil hirian aireratu diren sei helikopterok ere parte hartu dute.

AEBetako armadak Al-Baghdadiren gorpua identifikatu duela ziurtatu du Trumpek. ADN proben bidez baieztatu dutela azaldu du. "Azterketaren emaitzek berehalako eta erabateko ziurtasuna eskaintzen dute. Bera zen".

Etxe Zuritik ikusi du erasoaldia AEBetako presidenteak, zuzenean, "pelikula batean bezala".

Kurduek gidatutako SDF Siriako Indar Demokratikoek ere Al-Baghdadiren heriotza baieztatu dute. Mazlum Abdi komandantearen esanetan, AEBekin elkarlanean garatu duten bost hilabeteko ikerketa sekretu bati esker lortu dute EIko burua atzematea.

Trumpek eskerrak eman dizkie kurduei, Turkiari, Errusiari, Siriari eta Iraki EIko burua non zegoen argitzeko egin dituzten ekarpenengatik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.