Katalunia

Unionismoak 80.000 lagun batu ditu Bartzelonan, udaltzaingoaren arabera

SCC Gizarte Zibil Katalana elkarteak adierazi du 400.000 herritar elkartu dituela, prozesu subiranistaren kontrako manifestazioan. Ciudadanosek, PSCk eta PPk bat egin dute deialdiarekin.

SCC Gizarte Zibil Katalana elkarteak gaurko Bartzelonan deitu duen manifestazioaren burua. JESUS DIGES, EFE
2019ko urriaren 27a
17:31
Entzun

Kataluniako mugimendu independentistak Bartzelonako kaleetan ehunka mila lagun bildu ondorengo egunean, eragile unionisten indar erakustaldirako txanda izan da gaurkoa. Eta helburua indarrak neurtzea bazen, urrun gelditu da manifestaziora deitu duen SCC elkartea. Bartzelonako udaltzaingoak 350.000 manifestari zenbatu zituen atzo, ANCk eta Omniumek antolatutako mobilizazioan; gaur, berriz, 80.000 kalkulatu ditu. SCCren esanetan, 400.000 izan dira.

Manifestazioa Bartzelonako Graziako pasealekutik Gran Viarainoko bidea egin du, Espainiako bandera ugariren artean. Tarteka, ikusi dira hainbat senyera eta Europako bandera. Buruan, manifestazioaren leloa jasotzen zuen pankarta eraman dute SCC elkarteko ordezkari nagusiek: Elkarbizitzarengatik, Kataluniarengatik: nahikoa da!.

Atzerago kokatu dira mobilizazioarekin bat egin duten alderdietako arduradunak. Horien artean, PSCko idazkari nagusi Miquel Iceta, Josep Borrell eta Jose Luis Avalos Espainiako jarduneko ministroak eta  Meritxell Batet  Espainiako Kongresuko presidentea. PPren aldetik, Pablo Casado alderdiko presidentea eta Cayetana Alvarez de Toledo Kongresurako hautagaia, eta Ciudadanosetik Albert Rivera alderdiko burua eta Lorena Roldan Ciudadanosek Kataluniako Parlamentuan duen bozeramailea.

Manifestariek karteletan edo oihuka zabaldu dituzten mezuen artean izan dira Gora Espainia, Gora Katalunia, Puigdemont kartzelara, Gu ere herri katalana gara, TV3 manipulatzailea eta Espainiarrak eta aldi berean kataluniarrak izateagatik harro, besteak beste.

Manifestarien artean, Espainiako polizia indarren eta militarren aldeko kamisetak eta banderak eraman dituzte zenbaitek.

SCCk Espainiatik ere jaso du babesa. Hainbat autobus bertaratu dira, esaterako, Madrildik eta Zaragozatik.

Vox-ek ez du manifestazioarekin bat egin SCCrekin ika-mika izan ostean. SCCk adierazi zuen ez zuela Vox-en parte hartzea espero, eta argitu zuen demokrazia, Konstituzioa eta Kataluniaren autogobernua babesten dituzten guztiak gonbidatu dituztela. Vox-ek ez ditu begi onez hartu adierazpen horiek, eta salatu du SCCk independentisten "bazterketa praktikak" bere egin dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.