Kontu publikoak

Gipuzkoako Aldundiak 40 milioi gehiago izango ditu 2020ko aurrekontuetan

Desberdintasun sozialak txikitzea, inbertsio "anbiziotsuak" egitea eta zorra gutxitzea dira Markel Olanoren gobernuaren helburu nagusiak.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jabier Larrañaga Ogasun diputatua, artxiboko irudi batean.
Iker Aranburu.
2019ko urriaren 29a
12:46
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak 915 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du gaurko bileran, aurten baino %4,53 gehiago. Kontu horiek onartzeko arazorik ez du izango Olanoren taldeak, batzar nagusietan gehiengo osoa baitute bere gobernua sustengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk.

Aldundiaren historian aurrekontu handienetan bigarrena da 2020koa. 2009an baizik ez zuen diru gehiago izan (1.080 milioi), baina aurrekontu bereziak izan ziren horiek, atzeraldi bete-betean aldundiak zorraren bidez gastua handitzea erabaki baitzuen, krisiaren kalteak txikitzeko.

Ahaldun nagusiak azaldu duenez, hiru dira aurrekontuen helburu nagusiak. Batetik, "gastu sozialaren aldeko apustua mantendu" nahi dute, "Gipuzkoa desberdintasun sozial txikienetakoa duen Europako lurraldea izan dadin". Guztira, 399 milioi bideratuko dituzte gastu sozial hutserako. Biztanleko 566 euro izango dira, aurten baino 24 euro gehiago.

Inbertsioa eta zorrak

Inbertsioetan ere "anbiziotsu" jokatu nahi du aldundiak. Guztira, 131 milioi jarriko dira atal horretarako. Horietatik  22 milioi euro joango dira Etorkizuna Eraikiz programako inbertsioetara. Adinberri zahartzaroari buruzko ikerketa zentroak 7,6 milioi eramango ditu, Mubil mugikortasun elektrikorako zentroak 2,2 milioi, eta Ziur zibersgurtasun zentroak, berriz, 1,1 milioi jasoko ditu. Koldo Mitxelenarentzat bi milioi izango dira.

Olanoren gobernuaren hirugarren helburu nagusia "erakundea sendotzea" da. Hau da, zorra txikitzea, atzeraldia badator erakundeak kontu saneatuagoak izan ditzan. Zehazki, 2020. urtean 45,6 milioi euro gutxitu nahi du zorra, 386 milioiraino —aurrekontuaren %40—. Olanok nabarmendu duenez, 2015an foru gobernura itzuli zenetik, 175,6 milioi txikitu du zorra. Horri esker, interesetan diru asko aurreztu ahal izan du: 2012an, urtean hemeretzi milioi ordaindu zizkieten bankuei interesetan, eta sei milioi izango dira 2020ko aurrekontuetan. 

Zerga erreforma "ez da lehentasuna"

Kazetarien galderei erantzunez, Olanok argi utzi du ez duela bat egiten Arabako eta Bizkaiko aldundiek bultzatu nahi duten zerga erreformarekin. "Ez dugu geure burua ixten, baina ez dago gure lehentasunen artean; ez dugu bokaziorik zergak jaisteko lasterketa batean parte hartzeko", esan du. Haren arabera, fiskalitate "ona" behar da, "nahikotasun finantzarioa" erakunde publikoen beharrak asebetetzeko. 

Adierazpen horiekin, Olano Eusko Jaurlaritzaren alde lerratu da zerga erreformari buruzko eztabaidan. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak behin baino gehiagotan esan du ez duela zerga murrizketarik nahi, eta lehentasuna eman dio zerbitzu publikoak ordaintzeko nahiko diru izateari.

Bizkaiko Aldundiak oinordekotza zerga aldatu beharko litzatekeela esan du, zergapeko aberats batzuk Madrilera joatea eragiten ari delakoan. Ondare zergaren bertan behera uzteko aukera aztertzeko ordua dela esan du, berriz, Ramiro Gonzalez  Arabako ahaldun nagusiak.  2020. urtean zerga sistema berrikusteko konpromisoa hartu zuten EAJk eta PSE-EEk.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.