Durangoko Azoka

Oier Zuñigak egin du Durangoko Azokako kartela

Azokaren ekosistemari egiten dio erreferentzia artistak sortutako irudiak, eta ideia bera nabarmenduko du abenduaren 5etik 8ra egingo den 54. azokaren leloak ere: “Osorik DA!”.

Oier Zuñiga artista Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariarekin. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Inigo Astiz
2019ko urriaren 29a
14:05
Entzun

"Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da, gune, babesle, Gerediaga elkartea, eta eragile ezberdinen arteko elkarlanean egiten duguna eta egingo duguna". Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak azaldu du aurtengo leloaren arrazoia. Dioenez, elkargune bat da Durangoko Azoka, bertan guztiek baitute tokia, bai sortzaileek, bai ekoizleek, bai eta irakurle, ikusle eta entzuleek ere. Eta osotasun ideia horregatik aurtengo azokaren leloa: "Osorik da!". Eta horregatik Oier Zuñiga artistak okasiorako sortutako kartela ere.

Osotara, irudi bakar bat osatzen dute guztiek, baina, berez, lau atal independente ditu kartelak, eta gorputz atal bati egiten dio erreferentzia haietako bakoitzak: burua, bularra, gerria eta hankak. Osotasun bat, guztira, ekosistema bat, baina bakoitza bere berezitasunarekin. Sormenarekin lotuta dago burua, esaterako, artistaren hitzetan. Zabalpenarekin du zerikusia bularrak. Hartu eta ematearekin du lotura gerriak. Eta akzioarekin hankek.

Sortzaile integrala

Oier Zuñiga (Iruñea, 1986), ilustratzaile izateaz gainera, aktore ere bada, eta Artedrama, Le Petite Theatre du Pain eta Dejabu Panpin Labortegiak sortutako Zaldi urdina antzezlanarekin dabil orain biran. Zuñigak sorkuntzari buruz duen ikuspegi "integrala" nabarmendu dute Gerediaga elkarteko ordezkariek, eta azoka osatzen duten "molekula" guztiek osatzen duten batasuna nabarmendu du Zuñigak ere: "Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Norbera bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan".

Gaur egin dute aurkezpena Durangon, lehen azoka hartu zuen Andra Mari elizako aterpean. Eta, artistaz gain, han izan dira Mujika, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea ere. "Durangoko azokaren hastapenetara etorri gara, muinera, esentziara", azaldu du Mujikak. Baina hain zuzen ere azokak garaian garaiko beharretara egokitzeko izan duen gaitasuna nabarmentzeko erabaki dute aurkezpena leku horretan egitea.

Aurrekontuan aldaketak

Datu zehatzik ez dute oraindik Gerediaga elkarteko kideek, eta horregatik ez dute aurtengo azokaren aurrekonturik aipatu prentsaurrekoan. Hurrengo aurkezpen publikoan emango dute haren berri, Mujikak iragarri duenez, baina nobedadeak egongo direla esan du. "Datorren prentsaurrekoan azalduko dugu, zehatz, nork emanda eta zenbat daukagun aurtengo. Ez dago aldaketa askorik, baina aldaketa garrantzitsuak badaude".

Bestalde, aurreratu dutenez, aurten ere Ikasleen Eguna izango da azokako lehen eguna. Iaz martxan jarri zuten Sormen Beka ere banatuko dute aurten, eta musika izango da oraingoan gaia. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzea da bekaren helburua. Uztailera arte egon da zabalik proiektuak bidaltzeko aukera, eta jasotako proposamen horietako bat hautatuko dute orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.