Negoziazio kolektiboa

Akordiorako oinarria hitzartu du LABek Gipuzkoako arte grafikoetan

LABek du gehiengoa sektorean (%52), baina ELA ez dator bat gaur adostutakoarekin: "Fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatu du [LABek]". LABek nabarmendu du lehen aldia dela Adegi patronalak blindaje klausula bat onartzen duena, sektorea Espainiako Estatuko hitzarmenetik babesteko.

Arte grafikoetako langileak, gaur, Adegien aurrean. JON URBE/ FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 29a
13:11
Entzun

Urte hasieratik negoziatzen aritu eta zortzi greba egun egin ondoren, hitzarmena berritzea adostu du LABek Gipuzkoako arte grafikoetan. Bost eguneko greba deialdia zuten datorren asterako, baina sindikatuak gaur jakinarazi duenez, akordiorako oinarria lortu dute Adegi patronalarekin. Negoziazio bidez hitzartutakoa batzarretan berretsi beharko dute langileek, datorren astean. Bitartean, sindikatuak jakinarazi du bertan behera utzi dituztela greba deialdiak, eta langileek onetsiz gero, azaroaren 11n sinatuko dute akordioa. ELAk ez du bat egin: "Uste dugu gehiagorako tartea dagoela".

Soldata igoerak eta bestelako eskubide batzuk ere jaso dituzte aurreakordioan. Soldata KPIaren gainetik igoko diete, urtez urte, 2021ean KPI baino 0,75 puntu gehiagora iritsi arte. Hitzarmeneko bi kategoria baxuenak (1.16 eta 1.21) batu eta haiei 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea ere lortu dute. Bestelako eskubide batzuk ere bai: aldi baterako laneko enpresen bidez ari direnei ere antzinatasunerako zenbatuko diete denbora hori, lizentziak hartzeko baldintza hobeak izango dituzte, guraso bakarreko familiek %50 ordu gehiago izango dituzte medikuarengana joateko eta euskara sustatzeko mahai bat sortuko dute, baita sexu-jazarpenaren aurkako protokolo bat ere.

1.300-1.400 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako arte grafikoen sektorea, tamaina txikiko 140-150 enpresak, gutxi gorabehera. Sindikatuei dagokienez, berriz, sektoreko langileen %52 ordezkatzen du LABek, %46 ELAk eta %2 UGTk.

ELAk, ordea, ez du babestu aurreakordioa: "Patronalak jarraitzen du aldi baterako laneko enpresen eta lizentzien lege egokitzapenak bere proposamen gisa saltzen". Sindikatuaren iritziz, 1.47 profila gutxienekoa izan behar litzateke, eta soldata igoerak ez dira nahikoa: "ELAk eta LABek azken bileran proposatu genuen KPIaren gainetik 2,75eko igoera, eta urrun jarraitzen dute hortik". Gainera, errelebo kontratuen gaiari ez diotela heldu azaldu du ELAk. "Harrituta" agertu dira LABen erabakiarekin, "borroka presaka utzi eta jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatu" duelakoan.

Hitzarmenaren blindaje klausula

Beste garaipen bat ere nabarmendu du LABek: blindaje klausula bat sinatu du Adegik, Gipuzkoako hitzarmena Espainiako Estatukotik babesteko. "Adegik sinatzen duena lehen aldia da", azaldu dute: "Duela gutxi, baztertu egin zuten papergintzaren hitzarmenean". Sindikatuko kideen iritziz, "urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboa estatalizatzearen aurkako borrokan". Gainera, azaldu dute aurrerapen horiek "langileen borrokari esker" izan direla posible. ELAren iritziz, hitzarmena ez dago "erabat blindatuta lan erreformaren aurrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.