Bertsolaritza

Beñat Gaztelumendik irabazi du Azkoitiko final-laurdena

Ane Labakak ere lortu du finalaurrekoetarako sailkatzea.

Beñat Gaztelumendi, Azkoitian. GIPUZKOAKO BERTSOZAE ELKARTEA
Manex Mantxola Urrate.
2019ko azaroaren 2a
21:34
Entzun

Beñat Gaztelumendi Arandiak batu ditu puntu gehien (475), gaur, Azkoitiko saioan, eta zuzenean sailkatu da finalerdietara. Ane Labaka Mayozek  (455 puntu) ere langa igaro du, eta lortu du hurrengo faserako txartela. Aldiz, Maialen Akizu Bidegain (443), Ander Lizarralde Jimeno (442,5), Mikel Artola Izagirre (425) eta Ane Zuazubiskar Iñarra (424), txapelketa txukuna eginagatik ere, ez dira izango hurrengo fasean.

Distantzia laburra egonagatik Azpeititik Azkoitira, eta saio batetik bestera ere astebete bakarrik igaro arren, giroan nabari zen Baztartxo antzokian asko zegoela jokoan, eta inork ez zuela irrist egin nahi finalerdien atarian. Entzuleak zurrun eta txaloak neurtuz, bertsolariei ere hegan egiteko haize gutxi emanaz. Oro har, saio txukuna osatu dute bertsolariek, eta kolperen bat edo beste ere izan da, baina ez da iritsi izan zezakeen distira izatera.

Agurretan ere txapelketa izan da mintzagai nagusia, unean bizi zen egoeraren isla. Zortziko handian, Akizuk eta Labakak osatu dutenaren baimenarekin, Zuazubiskarrek eta Gaztelumendik trafiko arauak errespetatzearen inguruan osatutako ofizioa izan da dotoreena.

Zortziko txikian, hiru ofizioak izan dira balekoak, nahiz eta Akizu eta Lizarralderen artekoak lortu duen entzulegoa gehien piztea. Lehenengo aldiz afaltzera joandako bikote hasiberria ziren, eta Lizarraldek eskatu zion Akizuri ea berak jan gabe utzitakoa amaitzerik bazuen. "Langostino buruak ere honek jan baietz" egin du apustu Akizuk lehen bertsoan, eta "langostino hoietan zentratu gaitezen/ nik eztarrira sartzen ditudanak zuzen/ pentsa zazu ohean nolakua naizen", bota dio Lizarraldek, lizun. Horrela moztu dio Akizuk: "Nere estiloa etzera ta aizu barkatu/ ni hemendik banoa eta zuk pagatu/ nahi badezu platera erabat bukatu,/ baina gaurkoan baietz goseak geratu".

Seiko motzean, Gaztelumendi eta Lizarralde izan dira aipagarrienak, arropa konpontzeko negozioa zuten langileen rolean. Nabarmentzekoa Gaztelumendiren bigarren bertsoa: "Dena ez baita zinegotzi/ asko lanetik egotzi/ eta zituzten diru apurrak bankuan ehortzi/ nahiz aurrezkiak egosi,/ ezin arropa erosi,/ ta hala gabiltza besten zuloak josi eta josi".

Hamarreko txikian hiru bikoteek lan txukuna egin dute. Zuazubiskar eta Lizarralde bi herritako festa zinegotziak ziren, eta urtero-urtero Zuazubiskarrek karpa eskatzen zion Lizarralderi jaietarako: "batek dezakeena denok erdibana/ erabiltzea denok bakarrak daukana,/ gure herrian deitzen zaio auzolana", bota du lehenak.

Kartzelakoan, askotariko rolak
Amaitzeko, honela zioen kartzelako gaiak: "Gaur ere ondoezik zauden arren, lanera joatea erabaki duzu". Akizuk bulego bateko langilearen roletik kantatu du: "Nola egongo gera ondo, sistema gaixo badago?", dotore amaitu du lehena. Labakak ere bide beretik ekin dio: "nagusi dirudun baten idazkaria"-ren larrutik, haurdun ote dagoen ez dakiela eta bikain amaitu zuen "bi aukera soilik dauzkat: lanera edo kalera".

Lizarraldek kimioterapia hartzen duen irakaslearen istorioa kantatu du, eta ikasleengandik jasotako bizipoza. Artolak, aldiz, Bertsozale Elkarteko langilearen rola hautatu du. Zuazubiskarrek hiru bertso bikain osatu dio, jokoa eman dion heldulekua aprobetxatuz: landa eremuko medikuarena. Azkenik, Gaztelumendik "sukarra daukat eta gorputza gaur hotzikaraz betea,/ begi zuloak izerdi hotza, gorputz guztiko nekea/ nahiz eta ustez babes eremu bat den gure gizartea/ inorentzako ez da errexa bekaduna izatea", ekin dio, eta "lanera noa nahiz joatean nere burua gorrota/ noizbait lan finko bat izatea hori zen nere erronka,/ baino bueltaka ibili hoi da kapitalaren errota/ zer egingo det gure mundua hala jarria dago ta/ zukutu arte lan egin eta behin erretakoan bota", amaitu du.

Azkoitiko saioarekin zehaztuta geratu da zein bertsolari sailkatu diren hurrengo fasera: norbere saioko lehena izateagatik Agin Laburu Rezola, Oihana Iguaran Barandiaran, Eñaut Martikorena Lizaso, Jon Maia Soria eta Beñat Gaztelumendi. Puntu bidez, berriz, hauek: Iñigo Manzisidor Larrañaga, Nerea Elustondo Plazaola, Alaia Matin Etxebeste, Jokin Uranga Isuskiza, Iban Urdangarin Lardizabal, Amaia Iturriotz Etxaniz, Unai Mendizabal Jauregi, Iñaki Apalategi Astigarraga, Asier Azpiroz Izuteta, Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa Ane Labaka Mayoz eta Unai Gaztelumendi Arandia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.