Lan gatazkak

Ikorreko langileek greba egingo dute bihar, 21 kaleratze salatzeko

Arriluceako langileek bilera egingo dute bihar Jaurlaritzarekin. Batz kooperatibarekin bitartekari izateko eskatuko diote. Lantegia itxi nahi du Batzek, eta 141 langile kalean utzi.

Iker Aranburu -

2019ko azaroak 4

Greba egitera deitu dituzte asteazkenerako Ikor enpresako langileak, azken asteetan gertatu diren 21 kanporatzeak salatzeko. Langileak berriro hartzeko eta konpainiaren arazoei irtenbide negoziatua emateko eskatu du enpresa batzordeak.

Ikor 1981. urtean sortu zuten, eta Donostiako Zuatzu enpresa parkean du egoitza. Zirkuitu elektronikoen diseinurako eta fabrikaziorako zerbitzuak egiten ditu. 800 langile inguru ditu, eta Donostian ez ezik, Txinan eta Mexikon ere lantegiak ditu. Joan den maiatzean, Alemaniako Ebm-past multinazionalaren esku geratu zen. Ebm-past duela hiru urte sartu zen Ikorren, akzioen %50 erosita.

Ikorreko enpresa batzordeak agiri baten bitartez jakinarazi duenez, urriaren 24ean enpresak erabaki zuen zortzi langile kanporatzea Donostiako egoitza nagusian. Urriaren 30ean, berriz, ITC zentro teknologikoko behargin bat eta Sistemas Electronicos adarreko hamabi bota zituen. Langile horiek gehienek enpresan urte asko egin dituztela ziurtatu du enpresa batzordeak, eta. deitoratu du zuzendaritzak ez dituela alternatibak proposatu, hala nola, erretiro aurreratuak, diruz lagundutako kontratu eteteak eta  langileak beste leku batzuetan kokatzea.

Ikor taldeak «bizi duen egoera» ez dela langileen errua ziurtatu du enpresa batzordeak. Arduradunak zeintzuk diren argitzeko eskatu du, eta elkarrizketa prozesu bat hasteko, «langileei ahalik eta kalte txikien» eragingo liokeen irtenbide bat bilatzeko, inor kaleratu gabe.

Protesta gisa, egun osoko greba egingo dute etzi. Goizean, Zuatzuko lantegiaren aurrean batuko dira, eta gero Errotaburuko biribilgunera joango dira, eta handik Gipuzkoa plazara. Ostegunean eta ostiralean bi orduko lanuztera ere deitu dute.

Arriluceakoak, Jaurlaritzarekin

Ikor baino egoera are larriagoan dago Arrilucea enpresa,Igorren (Bizkaia). Izan ere, lantegia itxi eta 141 langileak kalean utzi nahi ditu haren jabeak, Batz kooperatibak.

Araluceko langileak Batzen egoitzaren aurrean elkartu dira gaur, eta berdin egin nahi dute asteazkenean eta ostegunean. Bihar, berriz, bilera dute Eusko Jaurlaritzarekin. Eskatuko diote bitartekari lana egin dezan Batzekin, fabrikari itxiera ez den irtenbide bat bilatzeko. Salatu dutenez, Batzek ez du zuzenean haiekin hitz egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna