Lan gatazka

LABeko bi kideri bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete

Huerta de Peraltako lan gatazkan, enpresaren sarreran furgoneta bat jarri zuten, greba eskubidea urratzen ari zela salatzeko, baina epaileak delitua dagoela deritzo. LABek salatu egin du epaia, eta helegitea jarriko du.

Urtarrilean enpresaren sarrera moztu zuten greba eskubidea urratzen ari zirela salatzeko. LAB SINDIKATUA
joxerra senar
2019ko azaroaren 5a
15:40
Entzun

Imanol Salinas eta Jose Javier Oses LABeko kideek erabaki zuten ez zirela auzi saiora bertaratuko, euren aurkako auziei ez zietela men egingo. Epaiketa egunean, Euskalerria irratian izan ziren —ikusi bideoa, beherago— euren aurkako auziaren berri ematen. Orain etorri da lehen epaia, eta epaileak ebatzi du delitu bat egin zutela, urtarrilean enpresaren atarian furgoneta bat jarri zutelako. Fiskalak hamabi hilabete eskatzen zituen, eta epaileak bost hilabetera murriztu du zigorra.

Hala eta guztiz ere, LAB sindikatuak gogor salatu du epaia, komunikabideei igorritako ohar batean. "Erabat salagarria da beharrezko eta zilegi zen ekintza sindikal batek delitu kalifikazioa jasotzea", kritikatu du. 

[YouTube]https://youtu.be/Qd0n1qfNbL8[/YouTube]

Iazko abenduan, Huerta de Peraltako langileek greba hasi zuten, enpresak euren lan eskubideak urratzen zituela gaitzesteko. Lan gatazkak 28 egun iraun zuen. Gatazkan, egunero, langileak enpresaren atarian egon ohi ziren, eta Foruzaingoa hainbat egunez bortizkeria handiz oldartu zitzaien langileei. Huerta de Peralta enpresak Murtziako eta Almeriako lehengaiak ekarri zituen, eta, langileen greba eskubidea urratzen ari zirela salatzeko, ekintza hori egin zuten Osesek eta Salinasek.

Enpresak salaketa jarri zuen, baina, akordioa lortu ostean, atzera bota zuen. Dena den, Foruzaingoak aurrera jo zuen. Eta lehen epaia kaleratu delarik, LABek helegitea aurkeztuko du bi auzipetuen absoluzioa eskatzeko, edo, bederen, zigor kalifikazioa apaltzeko.

Hain zuzen ere, Sangiovesa jatetxearen kasuan hori gertatu zen. Iazko sanferminetan, jatetxe horretan egindako protesta bategatik lehen epaian auzitegiak erabaki zuen bi urteko espetxe zigorra jartzea Imanol Salinasi. Haatik, azkenik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak 450 euroko isuna baino ez zion ezarri sindikalistari. Sangiovesako auzian, epailea agerian utzi zuen auzitegi nagusiak, baina epaile horrek berak epaitu du berriz Salinas. Epaiketa hasi aurretik, egoera bidegabe hori salatu zuten Salinasek zein LABek.

Autoen karabana bat, epaia salatzeko

LAB sindikatuak kanpaina bati ekingo dio gertatutakoa salatzeko, Borroka sindikala aurrera lelopean. Etzi, Iruñeko Trinitariosko gunetik abiatutako auto karabana antolatu du, eta Justizia jauregiaren zein CEN patronalaren egoitzetatik pasatuko dira. LABek argi utzi nahi izan du prekaritatearen aurka borrokatzen jarraituko dutela. "Prekaritateak gehien zigortzen dituen sektore horiei antolakuntza eta ekintza sindikalerako tresna eskaintzen jarraituko dugu".

LABek gogorarazi du Huerta de Peraltan enpresak langile horien eskubideak urratu zituela hainbat urtez, eta, hori ikusirik, lan ikuskaritzak, fiskaltzak edo Foruzaingoak ez zuten ezer egin. "Aldiz, prekaritatea salatzen dutenen aurka, zigor arlotik jotzen dute". Justizia sistema enpresaburuen esanetara dagoela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.