Katalunia

Erresuma Batuak ez du tramiterako onartu Ponsatiren kontrako euroagindua, eta informazio gehiago eskatu dio Espainiari

Espainiaratze eskaria "neurrigabea" dela adierazi du. Espainiako Auzitegi Gorenak Clara Ponsati, Toni Comin eta Lluis Puig kataluniako kontseilari kargugabetuen kontrako euroaginduak igorri ditu aste honetan Erresuma Batura eta Belgikara.

Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari kargugabetu eta erbesteratua, Edinburgon.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 6a
20:44
Entzun

Kataluniako erreferendumaren auzian zigor epaia eman eta aste gutxira jaso du lehen kolpea Espainiako Auzitegi Gorenak, Europan. Erresuma Batuak ez du onartu Pablo Llarena instrukzio epaileak Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohi erbesteratuaren kontrako euroagindua, hura Espainiaratzeko eskaria "neurrigabea" delako Erresuma Batuko legediaren argitara. Ondorio horretara heldu da Erresuma Batuko Delinkuentziaren Kontrako Agentzia, eta hala jakinarazi dio Espainiako Barne Ministerioari Sirene segurtasun arloko informazioaren koordinaziorako bulegoak. Sirenek azaldu du Erresuma Batuak oraingoz ez duela "beste inolako neurririk hartuko" auzi horri dagokionez.

Sirenek Espainiako Gobernuari adierazi dio Ponsatiren "delituen historiari buruzko informazioa" baldin badu edo leporatzen zaizkion gertakarien gaineko "larritasunarekin lotutako beste edozein informazio" gehitu nahi badu, jar dezala epaileen esku dagokion bidetik.

Ponsatikuste du Espainiak informazio gehiago bidaliko diola Erresuma Batuari, eta, haren iritziz, euroagindua aztertu egingo dute. Momentuz, baina, Erresuma Batuakez duenez tramiterako onartu euroagindua, Ponsati ez da Edinburgoko epaitegira agertuko, ostegun honetan joateko asmoa iragarria zuen arren.

Ponsantiren aurka ez ezik, Llarenak beste bi euroagindu bidali ditu aste honetan Belgikara, herrialde horretan erbesteratuta dauden Toni Comin eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohien aurka. Ikusteko dago Belgikako Justiziak onartuko dituen ala ez.

Aurretik, Espainiako Auzitegi Nazionalak beste euroagindu bat igorri zuen Belgikara, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta erbesteratuaren aurka. Kataluniako erreferendumaren auziko zigor epaia eman zuen egun berean bidali zuen Espainiaratze eskaria. Puigdemontek bere burua aurkeztu zuen Belgikako Justiziaren aurrean, handik hiru egunera. Bruselako epaitegiak abenduaren 16an aztertuko du presidente ohiaren kontrako euroagindua. Llarenak Puigdemonten aurka igorri duen hirugarren euroagindua da. Aurreko biak atzera bota zituzten Belgikako eta Alemaniako epaileek.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak hitzeman du Puigdemonten Espainiaratzea gauzatuko duela. Asteleheneko hauteskunde eztabaidan egin zituen adierazpen horiek, Pablo Casado PPko presidentegaiari erantzunez. "Zuei Puigdmeontek ihes egin zizuen. Ni hemen eta orain konprometitzen naiz hura Espainiara bueltan ekartzera, Espainiako Justiziarekin zorrak kitatu ditzan".

Puigdemontek Twitter bidez erantzun zion Sanchezi, atzo. Presidente kargugabetuak ohartarazi zion bi modu dauzkala soilik bere hitza betetzeko: botere judizialari dagozkion erabakiak ministro kontseiluan hartzea eta botere banaketaren printzipioa urratzea, ala "pertsonen bahiketetara itzultzea, zure alderdiko [PSOEko] arduradunek iraganean egin ohi zuten bezala".

Sanchezek aditzera eman du Fiskaltzak Espainiako Gobernuaren ekimenez eskatu duela Puigdemonten Espainiaratzea. Esan du bere gobernua ahal duena egiten ari dela Puigdemont Espainiako Justiziaren aurrera eramateko. Gogorarazi du fiskaltzak eskatu zuela haren kontrako euroagindua aktibatzeko. "Noren menpeko da fiskaltza?", galdetu du.

Hainbat fiskal elkartek Espainiako presidentearen adierazpenak kritikatu dituzte, eta ziurtatu dute fiskaltzak ez dituela Moncloaren aginduak jasotzen. Fiskaltzaren autonomia defendatu dute.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.