Merkataritza

Zaldunbordako proiektuari "neurrigabea eta absurdoa" iritzi dio plataformak

Zaldunborda Gelditu plataforma sortu dute Hondarribiko dendari, ostalari, talde ekologista eta herritar batzuek.

Plataformako kideen agerraldia, udaletxearen aurrean. ANDONI CANELLADA, FOKU
mikel p ansa
2019ko azaroaren 7a
11:29
Entzun

Proiektu erraldoia da Zaldunbordako eremuan eraiki nahi duten outlet herrixka. 100.000 metro koadrori eragiten die —«hamabi futbol zelai adina»—; horietatik, 29.000 metro koadro hartuko ditu merkataritza guneak, ehun denda baino gehiagorekin eta dozenaka ostaturekin eta gasolina zerbitzugune handi batekin. Proiektuaren sustatzaileek espero dute urtean bost milioi bisitari izango dituela zentro horrek. Zaldunborda Gelditu plataformakoek ohartarazi dute, ordea, eremu horretan eraiki nahi duten merkataritza zentroak kalte handiak ekarriko dituela.

Hondarribiko dendari, ostalari, talde ekologista eta herritar askok kritikatu dute egitasmoa. Ez daude ados ustez egitasmoak ekarriko lituzkeen onurekin. «Kalte sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak eragingo ditu. Jasanezina da. Herriko bizimoduari mehatxu egiten dio, mugikortasun ez-jasangarria bultzatuko du, eta lanpostu prekarioak sortuko ditu», adierazi dute. Orain, antolatu egin dira, eta Zaldunborda Gelditu plataforma osatu dute: «Bertan behera utzi arte borrokatuko gara. Gatazka hau sortu dute alkateak eta udaleko batzuek, eta horri erantzuteko sortu dugu plataforma hau».

«Bestela ilegala izango zen»

Hondarribiko Udalak ekainaren 26an onartu zuen Zaldunbordako eremuaren hirigintza plan partziala. Ustekabean gertatu zen. «Gardentasun gutxirekin eta presaka» onartu zuen alkateak dekretua, plataformako kideen esanetan, eta, gainera, Eusko Legebiltzarrak merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu bezperan eman zion oniritzia udalak. «Alkateak aitortu digu bezperan onartu zutela, bestela ilegala izango zelako», adierazi dute gaur plataformako kideek.

Nabarmendu dute udalak ez dituela gorde gutxieneko formak. Proiektuari onespena emateko moduarekin «zeharo harrituta» daude plataformako kideak, eta «susmagarria» iruditzen zaie Eusko Legebiltzarraren legea bozkatu bezperan onartzea proiektua. Herritarrei eta dendariei zein ostalariei ez dietela inoiz ezer galdetu, ez dietela kontsultarik egin, eta informazioa ere eskasa izan dela nabarmendu dute. Udaleko beste taldeetako zinegotzi batzuei ere ez die informaziorik eman udalak; plan partziala onartu eta gero, zinegotzi batzuek beren kasa jakin zuten, ez udal taldeak informatuta.

Hain justu, udaletxeko arkupeetan elkartu dira ostegun goiz honetan, plataforma prentsaren aurrean aurkezteko. Ekainaz geroztik, biltzen hasi dira herriko hainbat pertsona eta eragile; elkarretaratzeak egiten ere hasi dira —ostegunero, 20:00etan—, eta informazioa emateko ekintza batzuk egin dituzte. Orain, plataforma gisa antolatuta, proiektuaren kontrako ahotsa goratu nahi dute.

Deia inguruko herriei

60 bat pertsonak eman diote babesa plataformari orain arte; gaurko agerraldian 30 bat lagun elkartu dira. Baina nahi dute zabaldu eta atxikimendu gehiago jaso. Gipuzkoako (Irun, Errenteria...), Nafarroako (Bidasoa) eta Lapurdiko (Hendaia...) eragile batzuekin harremanak izan dituzte. «Hau lurrikara bat da; hemen eragingo du, bai, hau da epizentroa, baina proiektu honen eragina askoz handiagoa izango da».

Banan-banan aletu dituzte proiektuak izan ditzakeen ondorio «neurrigabe eta absurdoak». Esan dute baietz, lanpostuak sor ditzakeela egitasmoak, baina herriko saltoki txiki asko ixtera behartuko dituela, eta enpleguak galtzea ere ekarriko duela beraz. Sortuko diren lanpostu berriak «prekarioak» izango direla erantsi dute. «Ez da bateragarria esatea denda txikiei lagunduko zaiela, eta gero hau egitea».

Merkataritza gunearen inguruan sortuko den trafiko ugaria ere aipatu dute. Hondarribia inguruko saihesbideak beteta daudela eta udala mugikortasun iraunkorreko plan bat garatzen ari dela esan dute, eta horiekin guztiz bateraezina iruditzen zaie Zaldunbordako zentroak sor ditzakeen zirkulazio arazoak. Egunean 11.000 ibilgailu baino gehiago pasa daitezke eremu horretatik, batez beste.

Ingurumenari kalteak eragingo dizkiola ere adierazi dute. CO2 isuriak ugarituko dira, trafiko hazkundearen eraginez; hori, lehen ondorioa. Baina, gainera, Zaldunbordako eremu hori korridore ekologiko bat da: Aiako Harriko eta Jaizkibelgo parke naturalak lotzen ditu. «Euskal Autonomia Erkidegoko korridore ekologikorik estuena da». Egoera ahulean dago gaur egun, hiru errepidek eta bi trenbidek zatitzen baitute erditik. Merkataritza guneak Jaizkibel «irla» bihurtuko lukeela ohartarazi dute: «Hesi efektua handituko du». Gainera, bi eremu babestu ere barruan hartzen dituzte Zaldunbordako lurrek; «ez dute neurri zuzentzailerik proposatu horientzat». Biodibertsitateari eta ingurumenari egingo dion kaltea handia izango dela ondorioztatu dute.

Kritikak, alde guztietatik

Polemika eta kritika handien artean ari da aurrera egiten Zaldunbordako proiektua. Ekainean bertan hasi zituzten lehen lanak. 1993az geroztik zabortegi inkontrolatu gisa funtzionatu du hango lur eremu batek, eta obraren aurreneko zatia da zabortegi hori zigilatzea. Lurren jabe egin den enpresak udalaren baimenik gabe bota ditu eremuko arbolarik gehienak, eta lur mugimendu batzuk egin ditu. Udalak aste honetan aitortu du hala gertatu dela.

Eusko Legebiltzarrak ere eskatu dio udalari proiektua bertan behera uzteko —Zaldunborda Gelditu plataformak gogorarazi du udalak ez diola eskari horri erantzun ere egin—, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere esana du proiektua ez duela gustuko. Hondarribiko Udaleko oposizioko talde guztiak ere aurka ditu egitasmoak —EAJ bakarrik ari da bultzatzen—, eta Irungo Udalak ere aho batez kritikatu du. Udalak, baina, aurrera egiteko asmoa agertu du orain arte. Merkataritza gunea 2021 hasieran nahiko lukete zabaldu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.