Euskal tsunamia

'Barraskilo operazioak' hainbat kilometrotako auto pilaketa eragin du Biriatun

18:00etan Behobiako muga ixtera deitu du Tsunami Demokratikoak, eta 500 auto baino gehiago atera dira Garberatik Biriaturantz, beste leku batzuetatik heldu zirenak aparte. Katalunian, Jonquerako errepide mozketari eutsi dio Tsunami Democratic-ek 30 orduz; poliziak joanarazi ditu, eguerdirako, baina segidan AP-7 errepidea moztu du, Gironan.

Merienda egiten, ilaran geldituta.
Merienda egiten, ilaran geldituta. JON URBE / FOKU

Berria -

2019ko azaroak 12

* Tsunamiak 18:00etarako egin du dei Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga ixteko. Ehunka ibilgailuk 'barraskilo operazioa' abiatu dute, eta hamazazpi kilometrotarainoko auto pilaketa sortu da AP-8an, Oiartzun eta Biriatu artean.

* Bigarren protesta eguna Katalunian; Poliziak manifestariak kanporatu ditu, baina beste errepide batzuk moztu dituzte iluntzean: Gironan, AP-7a; Tarragonan, A-27a; l'Ampollan, A-7a, besteak beste.

* Autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpena onartu du Kataluniako Parlamentuak goizean; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezin izan du eragotzi, baina, ondoren, aldizkari ofizialean ez argitaratzea erabaki dute.

* EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak adierazi du Junquerasek eurodiputatu izan beharko lukeela.

 

Zuzeneko kontakizuna

22:55

«Gaurkoa bikaina izan da»

Tsunami Democratic taldeak eskerrak eman dizkie ekintzan parte hartu dutenei. «Urrats bat egin dugu gure bi nazioen eskubideen alde. Egin dena garaipen bat da demokraziaren bidean. Horrelako urrats gehiago egin beharko dira autodeterminazioa gauzatzeko. Baina lortuko dugu. Mila esker, Euskal Herria!».

Euskal Tsunamiak ere balorazio baikorra egin du: «Gaurkoa bikaina izan da. Kataluniako independentistei laguntzeaz gain, haiek azke urteetan sortutako olatua, nolabait, Euskal Herrira ekarri dugu». «Borroka ez-biolentoaren» aldeko mezua zabaldu du ekinbideak, eta ekitera dei egin du: «Ez gaitezen egon kanpotik deituko gaituen tsunamiaren zain. Gaurkoa salbuespena izan da. Has gaitezen, gizarte justuago bat helburu, euskal errepublikaren alde lanean, eguneroko konpromisoetatik».

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:45

22:45erako arindu da zirkulazioa Gipuzkoa eta Lapurdi artean, Ertzaintzaren arabera. Lau ordu pasatan nabaritu da barraskilo operazioaren eragina AP-8an eta inguruko errepideetan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:06

22:00etan, auto pilaketa Errenteria pareraino iristen zen. Beratik Irunera iritsi nahi dutenek ere buxadurak dituzte ordu honetan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:14

Hamazazpi kilometrorainoko auto pilaketa osatu da iluntzean zehar; Astigarraga eta Errenteria pasatuta jarraitzen zuten auto ilarek. 21:00etan Oiartzun pareraino iristen zen ilara. Ezin da zehaztu zenbat ibilgailu parte hartu duten protestan, baina 500 bat gutxienez atera dira Donostiatik arratsaldean. Beratik Irunera iristeko bideak ere kolapsatu dira momentu batzuetan.

Jendarmeek identifikatu egin dituzte Biriatuko ordainlekura iritsi diren lehen gidariak. Geroago, Biriatuko ordainlekura iristen hasi diren auto batzuk autopistatik aterarazi dituzte, ordainlekura heldu aurreko irteeran. Ertzainak daude inguru horretan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:47
20:27
20:08

Buxadura, Errenteriatik.

20:03

AP-8an mahaia eta jatekoa ere atera dute herritarrek, geldirik dauden bitartean afaltzeko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

19:52

Oraindik ere luzatzen ari da auto-ilara. Orain, zirkulazioa motela da Errenteriatik atzera ere, ia Astigarragaraino.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

19:44

Biriatuko ordainlekuan kamioiak besterik ez dira ageri, norabide bakarrean.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

19:41

Tsunami Demokratikoaren mezua sare sozialetan: batetik, nabarmendu du Euskal Herrian auto ilarak hamabost kilometrorainokoak direla. Bestetik, Espainiako Estatuaren eta Europaren arteko bi igarobide nagusiak, Biriatu eta Jonquera, moztuta daudela: "Eskubide eta askatasunen arazoa Europako Batasunak daukalako".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

19:18

Ilarak, Errenteriaraino

Auto-ilara luzeak sortu dira A-8an; trafiko motela dago Irundik Errenteriara arte. Jaurlaritzak Oiartzunen eta Irunen A-8an dauzkan kamerek ez dute seinalerik.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

19:09

Oiartzundik Hendaiarako noranzkoan, berriz, autoak ez atzera ez aurrera geratu dira.

18:56

Autorik ez dago mugan

Autoei mugarako bidea itxi die Poliziak, eta kamioiak bakarrik ageri dira han. Kotxeak desbideratzeko agindu duten errepidean ere auto ilarak daude.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

18:35

Polizia autoak desbideratzen ari dira mugara iritsi aurretik

Polizia autoak desbideratzen ari dira mugara iritsi aurretik, Irundik Baionarako norantzan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

18:26

Autoak motel doaz Biriatura bidean.

Autoak argiak piztuta eta motel doaz A-8 errepidean, Baionarako norantzan, Tsunami Demokratikoaren deiarekin bat eginez. Autobidera sartzeko ere ilarak daude Oiartzunen.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

18:19

A-7 errepidea eten dute berriz ere Katalunian

Tsunami Demokratikoak A-7 errepidea ixteko deia egin du berriz ere, oraingoan Girona zeharkatzen duen puntuan, "Euskal Herriko adiskideekin bat eginez". Hainbat kotxe daude bi norabideak ixten. Arratsaldean manifestazio bat egin dute hiri hartan, goizean poliziek izaniko jarrera salatzeko.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:56

Autoak Garberatik irteten ari dira, Behobiako mugara bidean

Barraskilo operazioa abian da. Garbera merkatal gunetik irteten ari dira 17:30ak aldera han bildu diren autoak. Besteak beste, ikurriñak eta esteladak erakutsita hasi dute Biriauturako bidea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:51

CDRak politikari independentistekin haserre agertu dira

CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak haserre agertu dira Kataluniako Parlamentuak autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpenaren onarpena buletin ofizialean ez argitaratzea erabaki ostean. 30 eguneko "errepresioaren" ostean, "desobendientzia ekintza txiki bat" egiteko gai ez izatea leporatu diete politikariei.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:46

Garberan jendetza elkartzen ari da Behobiarantz ateratzeko

Gero eta jende gehiago dago Garberako aparkalekuan, Behobiarantz irteteko prest.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:39

Hamar kilometroko auto ilarak daude mugan

Hogei minutu falta dira Tsunami Demokratikoaren deialdirako eta jada hamar kilometroko auto pilaketak daude A-8 errepidean, Baionarako norantzan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:35

Garberan dozenaka auto ari dira biltzen

Garberako aparkalekuan gero eta auto gehiago daude, Biriaturako bidea hasteko prest.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:21

Garbera merkatal gunean autoak elkartzen ari dira

Arratsaldeko 17:30etarako deituta dago Gipuzkoako deialdia, Garbera merkatal guneko aparkalekuan. Jendea bertaratzen ari da jada. Bertatik abiatuko dute mugarako bidea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:18

Jendea hasi da Behobiako mugara gerturatzen

Jendea hasi da Behobiako mugara gerturatzen, Tsunami Demokratikoak eginiko deialdiari erantzunez. Bederatzi kilometroko auto pilaketak daude, Trafiko Zuzendaritzaren arabera.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:03

#EuskalTsunamia traola erabiltzeko deia egin dute

Twitterren #EuskalTsunamia, #TsunamiDemokratikoa eta #OcupemBehobia traolak erabili eta jarraitzeko deia egin dute.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

17:02

Durangon eta Donostian polizia kontrolak daudela abisatu du Euskal Tsunamiak

Euskal Tsunamiak adierazi du polizia kontrolak daudela Durangoko ordainlekuan eta Donostiako ospitaleetako biribilgunean.

16:59

Kataluniako Parlamentuak ez du gaur onartutako ebazpena buletinean argitaratuko

Kataluniako Parlamentuak ez du buletin ofizialean argitaratuko autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpenaren onarpena, Espainiako Konstituzio Auzi hura bertan behera utzi ostean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:48

Euskal Tsunamiak mugako ordainsarietan ordaintzeko txanpon txikiak eramateko eskatu du, "banan bana emateko".

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

16:23

Poliziak goizean izaniko jarrera salatzeko manifestazioa egingo dute Gironan

Tsunami Demokratikoak Gironan manifestatzeko deia egin du, goizean Frantziako Poliziak eginiko kargak salatzeko asmoz. Arratsaldeko 17:00etan egingo dute mobilizazioa.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

16:15

Bederatzi kilometroko auto ilarak daude Biriatun

Ohiko kamioi kopuru handiaren eta Nafarroan gertatutako auto istripu baten ondorioz, bederatzi kilometroko auto ilarak daude Behobiako mugan, Baionarako norantzan. 18:00etatik aurrera Tsunami Demokratikoak errepidea moztu nahi duen eremu berean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:57

Bartzelona geldiarazteko deia egin dute CDR-ek

CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek gaur arratsaldean Bartzelonako bide nagusienetako batzuk ixteko deia egin dute. Besteak beste, Diagonal kalea eta Kale Nagusia itxi nahi dituzte. Adierazi dute desobedientzia dela "bide bakarra".

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:39

Jonquerako manifestariak harrapatzen saiatu da kamioi bat

Kamioi bat N-II errepidea mozten ari ziren manifestariak harrapatzen saiatu da, Jonqueran. Manifestariek aurre egin diote, eta poliziek manifestariak kolpatuz erantzun dute. Ez dago zauriturik, eta kamioi gidaria atxilotu du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

15:14

200 herritar inguru bildu dira Frantziako kontsulatuaren aurrean

200 lagun inguru elkartu dira Frantziak Bartzelonan duen kontsulatuaren aurrean, "Frantziako estatuaren errepresioaren aurka". Jendarmeek eginiko 18 atxiloketak salatu dituzte, "Ez Espainia, ez Frantzia; Herrialde Katalanak" eta "Tsunamia hemen da" oihu artean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:46

Mobilizazioetarako deia egin dute CDR-ek

Katalunian, Tsunami Demokratikoak antolatutako protestez haratago, arratsalderako hainbat elkarretaratze deitu dituzte CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek. Besteak beste, Tarragonan eta Sabadellen.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:27

Kataluniako Parlamentuak mossoen eta Espainiako polizien elkarlana mugatzearen alde egin du

Kataluniako Parlamentuak CUPek eta Catalunya en Comuk aurkeztutako ebazpen bat onartu du, mossoek Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin batera egin beharreko operazioei mugak ezartzeko. Polizien arteko elkarlana gauzatzeko beharrezkotzat jo dute Espainiako poliziek gomazko balak ez erabiltzea. Katalunian debekatuta daude horiek. CUPek eta Comukoek, ordea, ez dute lortu Miquel Buchen kargugabetzea. Kasu horretan, JxC eta ERC aurka agertu dira. Mossoen eta talde faxisten arteko harremanak ikertzeko ere eskatu du parlamentuak. PPk bakarrik bozkatu du aurka.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:14

Hainbat deialdi egin dituzte Euskal Herri osoan, Behobiarako mugara joateko

Euskal Tsunamiak Euskal Herriko hainbat puntutan elkartzeko deia egin du Behobiako mugarako bidea batera egiteko. Honakoak dira egin dituzte deialdietako batzuk:

-Oiartzunen 18:00etan; ordainsaria igaro ostean.

-Garbera merkatal gunean 17:30etan.

-Deustun 16:20etan; Erriberan, aurraun taldeko pabilioian.

-Bilbon 16:30etan; Miribillako aparkalekuan (Bilbao Arenaren goiko aldean).

-Ondarroan 16:00etan; Zaldupetik.

-Urruñatik 18:00etan; Leclerc-eko aparkalekuan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:13

Hainbat deialdi egin dituzte Euskal Herri osoan, Behobiako mugara joateko

Euskal Tsunamiak Euskal Herriko hainbat puntutan elkartzeko deia egin du Behobiako mugarako bidea batera egiteko. Honakoak dira egin dituzte deialdietako batzuk:

-Oiartzunen 18:00etan; ordainsaria igaro ostean.

-Garbera merkatal gunean 17:30etan.

-Deustun 16:20etan; Erriberan, aurraun taldeko pabilioian.

-Bilbon 16:30etan; Miribillako aparkalekuan (Bilbao Arenaren goiko aldean).

-Ondarroan 16:00etan; Zaldupetik.

-Urruñatik 18:00etan; Leclerc-eko aparkalekuan.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

14:01

Arratsaldean deialdi gehiago egongo direla esan du Tsunami Demokratikoak

Arratsalderako ekintza gehiago deituko dituela adierazi du Tsunami Demokratikoa plataformak. Bazkaltzeko deskantsatu, eta Gironako eskualdeetara joateko deia egin du.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:57

ERCk bere ponentzia politikoa aurkeztu du, erreferendumerako hiru biderekin

ERCk bere ponentzia politikoa aurkeztu du, abenduaren 21ean bozkatuko dena alderdiaren Kontseilu Nagusian. Gatazkaren konponbiderako bide egokiena autodeterminazio erreferenduma dela azaldu du. Hiru aukera planteatu ditu horretarako; guztietan lehena, "estatuarekin negoziatutako bidea".

Bigarren aukera "erreferendum bat behartzearen" aukera da, mobilizazioak eta "desobedientzia zibil ez biolentoa" Kataluniako erakundeen ekintzekin uztartuta. Era horretan kotsentsu zabalak eta nazioartearen babesa lortzeko asmoarekin. Azkena, berriz, aldebakartasunaren bidea da. "Ezin dugu inoiz baztertu berriz egiteko aukera, ahal bada nazioartearen babesarekin, estatuarekin akordioa egon edo ez".

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:45

Torrak CDR-ekin duen ustezko harremanaz azalpenak eman behar dituen bozkatuko du Parlamentuak

Kataluniako Parlamentuak gaur arratsaldean bozkatuko du Kataluniako presidente Quim Torrak azalpenak eman behar dituen edo ez, atxilotuta dauden CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako kideekin duen ustezko harremanaren inguruan. PPk egin du proposamena, eta Ciudadanosen eta PSCren babesa izan du. Alderdi independentistak aurka agertu dira, baina horien diputatu batzuk ez zeuden euren eserlekuetan. Beraz, baietza gailendu da, eta arratsaldean izango da bozketa. Halere, JxCren, ERCren eta CUPen aurkako botoek atzera botako lukete aukera hori.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:35

Kataluniako Gobernuak ez du "inoiz" gaurkoa bezalako mobilizaziorik gaitzetsiko

Kataluniako Gobernuak ez du "inoiz" Tsunami Demokratikoak gaur eginikoa bezalako protestarik gaitzetsiko. Hala adierazi du Presidentziako kontseilari Meritxel Budok: "Manifestazio eskubidea bermatu behar dugu, eta bateragarri egin gainontzeko eskubideekin. Inoiz ez dugu gaitzetsiko, kontrakoa; manifestazioak bakezaleak eta demokratikoak izatea bermatu behar dugu".

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:17

Bizi!-k bat egin du Tsunami Demokratikoaren deiarekin

Bizi! ekologiaren eta justizia sozialaren aldeko mugimenduak bat egin du Tsunami Demokratikoaren deialdarekin, eta muga ixtera deitu du, "Espainiar ekonomia blokeatzeko".

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

13:10

Gipuzkoako Aldundiak "errespetuz" jaso du Behobiako mugaren itxiera

Gipuzkoako Aldundiak adierazi du "errespetuz" jaso duela Tsunai Demokratikoak Behobiako muga ixteko eginiko deialdia. Eider Mendoza bozeramaileak azaldu du "erreibindikazioa legitimoa" dela. Gehitu du aldundiak ekintzaren ostean egingo dituela beharrezko balorazioak.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:56

'Barraskilo operaziorako', Garberan hitzordua

Tsunami Demokratikoak Behobian trafikoa eteteko iragarri duen mobilizaziorako, hitzordua proposatu dute sare sozialen bidez. Gipuzkoatik Lapurdiko muga aldera joango diren gidariei Donostiako Garbera merkataritza guneko gasolindegian batzeko deialdia egin diete, 17:30ean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:40

Pugdemontek Junquerasen aurkako "bidegabekeria" salatu du

Kataluniako presidente kargugabetu Carles Puigdemontek EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren txostena izan du hizpide. Twitterren adierazi du Junquerasek Europako Parlamentuan eserita egon beharko lukeela, Cominek eta Puigdemontek berak bezala. "Horrek adierazten du zein bidegabekeria larriren biktima den Junqueras. Bere eskubideak eta hari botoa eman ziotenenak urratu dituzte".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:36

Kataluniako Kiroletako idazkari nagusia atxilotu du Guardia Zibilak

Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu Katalunian, tartean Generalitateko Kiroletako idazkari nagusi Gerard Figueras eta Bartzelonako zinegotzi ohi Maite Fandos. Ustez Kiroletako Idazkaritza Nagusitik CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdiaren —egun PDeCAT— inguruko erakundeetara dirua bideratzeagatik atxilotu dituzte, Voloh operazioaren barruan. Hainbat miaketa ere egin dituzte.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

12:06

Aitzinak bat egin du Behobiako muga eteteko deialdiarekin

Behobiako muga eteteko Tsunami Demokratikoaren deialdiarekin bat egin du Aitzina gazte antolakundeak, eta Pausura (Urruña) gerturatzeko eskatu du. Bestalde, Jonqueran atxilotutakoen "berehalako askatasuna" exijitu dute.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:56

Frantziako kontsulatuaren aurrean biltzeko deia egin dute CDRek

CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek Frantziako kontsulatuaren aurrean elkartzeko deia egin dute, Bartzelonan, gaurko 13:00etan. "Ez Frantzia, ez Espainia: Herrialde Katalanak" leloarekin.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:50

Tsunamiaren "duintasuna" goraipatu du Rullek

Tsunami Demokratikoaren ekintzak eskertu ditu Josep Rull kontseilari kargugabetuak: "Eskerrik asko hainbeste duintasunengatik". Rull hamar urte eta erdiko espetxe zigorra betetzen ari da, buruzagi independentisten aurkako epaiketan sedizioagatik zigortua izan ostean.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:24

Hemeretzi atxilotu Jonqueran

Hainbat hedabideren arabera, gutxienez hemeretzi lagun atxilotu ditu Poliziak Jonqueran, manifestariak errepidetik botatzen ari zirenean. hemezortzi Frantziako Polizak atxilotu ditu, zirkulazioa mozteagatik. Bestea mossoek atxilotu dute, "autoritate agenteen aurkako atentatuagatik". Hainbat zauritu ere badaude, borren kolpeen eta piper gasaren erabileraren ondorioz.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:17

Jonquera utzarazi du Poliziak

Poliziak hustu du ia Jonqueran atzo hasitako protesta. 70 lagun inguru geratzen dira iparralderako noranzkoan. AP-7 autobidea mozteko beste puntu batean daude orain manifestariak, N-II errepidean. Guardia Zibila eta Espainiako Polizia bertara gerturatu dira.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

11:01

Konstituzionala ebazpenaren onarpena ikertzen ari da

Espainiako Konstituzio Auzitegia aztertzen ari da ebazpena haren debekua adierazi aurretik onartu duten edo ez. Auzitegiak gaur goizean utzi ditu bertan behara Kataluniako Parlamentuko mahaiak urriaren 29an eta azaroaren 5ean onartutako erabakiak. Lehena, autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpenaren tramitazioaren onarpena —gaur bozkatu eta onartu dena—; eta bigarrena, onarpen ari jarritako errekurtsoen aurkako erabakiarena.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:57

AP-7 autobidea mozteko beste puntu batera deitu du Tsunami Demokratikoak

Jonqueran, Ipar eta Hego Katalunia banatzen dituen mugan, AP-7 autobidea mozteko beste puntu batera deitu du Tsunami Demokratikoa plataformak, Frantziako eta Kataluniako poliziek manifestariak kanporatzeko esku hartu duela eta. Sare sozialen bidez zabaldu du errepidea mozteko deialdia non egin duten.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:53

Autodeterminazio eskubidearen inguruko ebazpena onartu du Parlamentuak

CUPek aurkeztutako ebazpena onartu du Kataluniako Parlamentuak, ERCren eta JxCren babesarekin. Ciudadanosek, PSCk eta PPk uko egin diote bozkatzeari. Alderdi independentistek eztabaida aurreratu dute, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebazpena debekatu aurretik bozkatu nahian. Izan ere, Konstituzionala gaur goizean bildu da ebazpena aztertzeko.

Informazio gehiago.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:44

EBko abokatu nagusia Junqueras eurodiputatu izatearen alde agertu da

Espetxean den ERCko buru Oriol Junquerasek eurodiputatu akta eskuratzearen alde agertu da Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusia, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:38

Jonquerako manifestariak kanporatu nahian ari da Polizia

Bigarren protesta eguna dute Jonqueran. Tsunami Demokratikoak deitutako manifestariek autobidea itxita mantentzen dute. Frantziako Poliziak eta mossoak haiek kanporatzeko operazioa hasi dute.

Informazio gehiago.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

10:31

Autodeterminazio eskubidea eztabaidagai parlamentuan

Kataluniako Parlamentuak CUPek aurkeztutako ebazpena eztabaidatzen ari da; autodeterminazio eskubidearen ingurukoa. Espainiako Konstituzio Auztegiak tramitera ez onartzeko eskatu zion Parlamentuko mahaiari, zigorrekin mehatxu eginez. Parlamentuko presidente Roger Torrentek, ordea, bide eman dio eztabaidari. Konstituzionalak gaur erabaki dezake ebazpenaren eztabaida bertan behera uztea.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna