Migrazioak

Lesbos utzi, eta itsasora doa berriz 'Aita Mari'

Noraezean itsasontziren bat aurkitzen badute "artatu" egingo dutela esan dute: "Nazioarteko legeek diote ez dela inor abandonatu behar itsasoan"

arantxa iraola
2019ko azaroaren 12a
09:53
Entzun

Urriaren 20an utzi zuen Pasaiako portua (Gipuzkoa) Aita Mari itsasontziak. Zortzi tona arropa eta oinetakorekin joan zen, Lesbosera (Grezia), han dauden migratzaileen premiak asetzera. Xede horrekin atera ziren, baina gogora ekarrita beren helburu nagusia jendea erreskatatzea dela, eta horretarako prestatuta dagoela ontzia: itsasoan erreskateak egiteko. Horretarako baimenik ez die inoiz eman, ordea, Espainiako Gobernuak. Gaur jakinarazi dute Lesbos uhartea uztera doazela, Malta inguruko erreskate gunera heltzea dutela asmoa, eta "noraezean" dagoen ontziren bat aurkitzen badute laguntza emango diotela.

Inguru horretan elkartasun operazioetan ari diren beste itsasontziei "laguntza emateko", eta itsasoan noraezean dauden itsasontziei "arta emateko": bi jarduera horietarako prest daudela gogorarazi dute itsasontzia kudeatzen duen Itsas Laguntza Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko buruzagiek; eta lege babesa dutela, gainera, horretarako: "Izan ere, nazioarteko legeek diote ez dela inor abandonatu behar itsasoan". Lehendik ere sarri defendatu dute hori bera, eta gogor kritikatu izan dute Espainiako Gobernuak erreskateak egiteko baimenik ez ematea.

Mediterraneoan migratzaile asko aski egoera zailean daudela ohartarazi dute. Haientzako prestatuta badaude hainbat gune, baina egoera tamalgarrian daudela esan dute: "Bizitzeko oinarrizko baldintzak ere ez dira betetzen horietan". Gogorarazi dute migratzaile gehienek "babes" beharrean hartu dutela Europarako bidea, eta Europako Batasunak "atzituta" dauzkala gune horietan, benetan haien premiak aintzat hartuko lituzkeen erantzun bat egituratu gabe.

Atunontzi bat zen Aita Mari, baina birmoldatu egin du Itsas Laguntza Humanitarioa elkarteak, propio erreskateak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.