Hezkuntza

Kristau Eskolak kezka agertu du, "sinatutakoa bete" egin behar duelako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoetan lortutako akordioa "primerakoa" dela adierazi dute ELA, CCOO eta Steilas sindikatuek.

Hilabeteko greba abiatu zuten sindikatuek joan den astean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 13a
16:14
Entzun

Akordioa sinatu berri dute, baina betetzeko gai izango ote diren zalantzan jarri du gaur Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoek asteburuan ELA, Steilas eta CCOO sindikatuekin sinatutako itunak sentsazio “gazi-gozoa” utzi dio, eta kezka: “Gustura gaude, neurri batean, gatazkari amaiera eman diogulako, baina kezkatuta gaude, sinatutakoa bete behar dugulako orain. Uste dugu gai izango garela. Baina ez da hobetu zentroen egiturazko finantzaketa”. Ikuspegi guztiz desberdina eman dute sindikatuek: “Primerako akordioa” lortu izana txalotu dute.

Ia hamar urtez luzatu da eskola erlijiosoetako lan gatazka. Azken bi urteetan 27 greba egun antolatu eta gero, hilabeterako greba deialdia egina zuten ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek —UGTk ez zuen bat egin urrats horrekin—, eta lehen bi lanuzteak egin zituzten joan den astean. Ordurako, baina, martxan zegoen Lan Harremanetarako Kontseiluaren bitartekaritza: patronalak eta sindikatuek ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu zuen bileretan, eta hortik etorri zen akordioa, larunbat goizaldean. Gaur goizean, prentsaren aurrean mintzatu dira ikastetxeen eta langileen ordezkariak. Kristau Eskola, IZEA, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeak patronalak agertu dira lehenik, eta ELA, CCOO eta Steilas sindikatuak ondoren —LABek ez du akordioa sinatu—. Denak agertu dira pozik lan gatazka amaitu delako, baina diagnostikoan ez dira bat etorri. Patronalen iritziz, ez zaio heldu itunpeko sarearen finantzaketaren auziari; sindikatuen ustez, ordea, akordioa “erreferentziazkoa” izango da hainbat sektorerentzat.

Itunaren garrantzia nabarmendu du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak: “Ez bakarrik primerako edukiak dituelako eta gure aldarrikapen nagusiei erantzun serio eta egokia eman zaielako, baizik eta berretsi delako sektore honek ere negoziazio kolektiborako eskubide erreala duela”. Langileak beste lanpostu batean jartzeko egon da gatazkarik handiena: jaiotza tasaren jaitsierak ekar dezake ikasgela batzuk ixtea eta lanpostu batzuk desagertzea, eta langile horientzako enplegua galdegin dute sindikatuek. Erretiro partzial aurreratuen bidez gauzatuko dute: adin batetik aurrerako langileek eskubidea izango dute erretiroa aurreratzeko eta lanaldia %75 murrizteko, eta haien ordez arituko dira lanposturik gabe geratutako langileak, lanaldi osoan eta behin betiko postuetan.

Soldatak igotzea ere lortu dute: "Galdutako erosahalmenaren ia erdia" berreskuratuko dute langileek, KPIaren gaineko lau puntuko igoerarekin; gainera, DBHko lehen zikloko irakasleen baldintzak bigarren ziklokoenekin parekatuko dituzte. Era berean, akordioan lan zamak arintzeko neurriak ere erdietsi dituzte, eta esparru "prekarizatu eta feminizatuenetako" beharginen baldintzak ere hobetu dituzte.

Jaurlaritzaren inplikazioa

Azken hilabeteetako korapiloetako bat ez da askatu, halere: nork ordainduko ditu neurri horiek? Zubizarretak azaldu du Eusko Jaurlaritza “inplikatu” egin dela langileei beste lanpostu batzuk emateko, “erretiro aurreratuen kostuak bere gain hartzeko, baita irizpideak ezartzeko eta lanpostu aldaketak kontrolatzeko ere”. Ormazabalentzat, ez da nahikoa: “Gizarte ekimeneko zentroei nahikoa baliabide ematen ez dieten neurrian, ezin gara pozik egon Jaurlaritzaren inplikazioarekin”.

Kristau Eskolako zuzendariak zehaztu du akordioan ageri diren hainbat puntu ez dituela gobernuak finantzatuko, eta horrek “esfortzua” eskatuko diela zentroei, “aurreko urteetan bezala”. Ikastetxeetako kuotak igotzea baztertu du, eta iradoki du Jaurlaritzak ordezkapenetarako eta orientatzaileentzako ematen dien diruaren parte bat erabiliko duela, adibidez, soldatak igotzeko. “Akordio bat lortu dugu, baina ez dugu konpondu itunpeko sarearen finantzaketaren auzia”.

Arazo ekonomiko horiek ikusita, Zubizarretak adierazi du ikastetxeek badituztela baliabideak: “Beti esan izan dugu zentroek dioten baino aukera handiagoak dituztela”. Ildo horretan, patronalaren eta Hezkuntza Sailaren jarrera kritikatu du; "arduragabe" jokatzea egotzi die: "Planteamendu horiek lehenago egin zitzaketen, baina behartu gaituzte iritsi nahi ez genuen puntu batera iristera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.