Euskal eskola publikoaren jaia

Euskal Eskola Publikoaren jaia Bastidan egingo dute, ekainaren 7an

Hazitik gora! leloa izango du Euskal Eskola Publikoaren 29. jaiak, eta Bastidan (Araba) ospatuko da.

bastidako ikaseak, aurtengo lemarekin. EHIGE
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 13a
13:54
Entzun

Gaur aurkeztu dute Euskal Eskola Publikoaren 29. jaia. Bastidako herri ikastetxeak izango du hura antolatzeko ardura, eta Hazitik gora! leloa aukeratu dute. "Horren bidez, Arabako Errioxako ikastetxe publikoei balioa eman nahi izan diegu, bizitzen ari diren eraldaketa prozesuak aitortuz eta gizarteratuz", adierazi dute. Nabarmendu dutenez, Arabako Errioxako ikastetxe publikoak beharrezkoak dira herritar guztiei "kalitatezko irakaskuntza euskalduna" eskaintzeko. Haien tamaina txikia ere "abantaila bat" dela diote, ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzen direlako. 1994tik, urtero antolatzen da Euskal Eskola Publikoaren jaia, eta haren helburua da aldarrikatzea "eskola publikoak hezkuntza sistemaren ardatz" izan behar duela.

Aurkezpen ekitaldia logoa erakusteko ere baliatu dute. Ernamuintzen ari den hazi bat irudikatzen du, hainbat kolorerekin, eta Miguel Angel Herrerak egin du.

Aurtengo jaia ez da mugatuko ekainaren 7ra. Aurretik ere, beste hainbat ekintza antolatuko dituzte. Ikasturte hasieran, esaterako, Carlos Magro hezkuntzan adituaren jarduera hezitzaile bat egin zuten, eta, abenduaren 13an, euskal liburuen eta kulturaren azoka egingo dute, Oionen (Araba).

Sei ikastetxe eta 1.170 ikasle

Bastidako herri ikastetxeaz gain, beste bost eskola publiko daude Arabako Errioxan: bana Eltziegon, Lantziegon eta Oionen, eta bi Guardian. Guztira, 1.170 ikasle izango dituzte ikasturte honetan. Ikastetxe guztietako guraso eta irakasleen ordezkariak parte hartzen ari dira Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren antolaketan; izan ere, helburuetako bat da eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.