Mila demoniozko negoziazio saio bat

 

Mikel P. Ansa -

2019ko azaroak 14

Espainiako Kongresuak inoiz ez ditu hainbeste alderdi eduki batera: hamasei. PSOEren eta Unidas Podemosen (UP) arteko gobernu koalizioak, aurrera egingo baldin badu, alde anitzetako negoziazioak beharko ditu, eta elkarren artean kontrajarriak eta, are, erasokorrak diren jarrerak kontziliatu beharko ditu.

Joan den igandeko emaitzak ikusita, gehiengo absolutu bat osatuko luketen koalizioak baztertzeko garaia da. Ez dago 176 diputatu baino gehiago lortuko lituzkeen koalizio posiblerik, alde batera utzita PSOEren eta PPren arteko aukera. Hortaz, hamasei alderdiren artean jokaleku ahalik eta egokiena bilatzeko lanean hasi dira Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen taldeak.

Historiaren paradoxak: 155 diputatu lotzen ditu PSOEren eta UPren arteko aliantzak. Asteartean bertan hasi ziren PSOEkoak alderdi batzuekin hizketan. EAJko ordezkariekin hitz egin dute, eta Mas Pais-Compromisekoekin ere (MP-C) izan dituzte harremanak. Biak agertu dira prest «arduraz» jokatzeko etagobernu koalizioa babesteko. Horrek 164 diputatu ematen du: sei EAJrenak, eta hiru MPrenak.

Hortaz, gehiengo sinplearekin bigarren itzulian Sanchez presidente inbestitu nahiko balute, 23 abstentzio beharko lituzkete. Edo inbestidura saioan koalizioaren aldeko botoa emango duten ordezkari gehiago bilatu. Non? Partido Regionalista de Cantabriak (PRC) diputatu bat du, Teruel Existek (TE) beste bat, eta Bloque Nacionalista Galegok (BNG) beste bat. Hirurak agertu dira Sanchez-Iglesias akordioa babesteko prest, euren lurraldeetako «agendak» errespetatzen badira. Coalicion Canaria ere (CC) hizketarako prest agertu da aldi honetan.

Bide batez esateko, ematen du jeltzaleen eredua arrakastatsu bihurtzen ari dela Espainian barrena: CCk «agenda kanariarra» aipatu du, BNGk «agenda galiziarra», eta PRCk, TEk eta Compromisek oso antzeko hitzak erabili dituzte. Kongresuan gehiengoak osatzeko zailtasunak aukera bat bihurtzen ari dira zeinek bere lurralderako eskabide zehatzak negozia ditzan —tristea dena, berez, erakusten baitu zenbateraino den zentralizatua Espainiako sistema: horrelako tratulari trikimailuak erabili behar dira Madrili inbertsioak ateratzeko edo eskumenak eman ditzan—.

Zernahi gisaz, alderdi txiki horien guztien aldeko botoak jasoko balitu ere (EAJ, MP-C, PRC, TE, BNG eta CC), Sanchez-Iglesias akordioa 169 diputatura ailegatuko litzateke. Horrek esan nahiko luke inbestidura saioko bigarren txandan hamahiru abstentzio beharko lituzkeela gehiengo sinplearekin irabazteko —aldeko botoak, kontrakoak baino bat gehiago gutxienez—.

Non daude falta zaizkien hamahiru boto horiek?

Bada, bide azkarrena ERC litzateke, hamahiru diputatu baititu justu. Espainiako hedabide batzuen arabera, Jaume Asens izendatu dute UPkoek Esquerrakoekin harremanak hasteko —lehenago ere Kataluniako alderdi subiranistekin zubi lanak egin izan ditu—. Kontua da ERCk prezioa jarri diola  gobernua osatzeari: Espainiako eta Kataluniako instituzioak aurrez aurre eseraraziko dituen negoziazio mahai bat eta horren jarraipena egingo duen errelatore bat nahi ditu. Hurrengo egunetan ikusiko da Sanchez-Iglesias bikoteak negoziatzeko zer borondate duen. Edo ERCk pultsua noraino eraman nahi duen.

Orain, ohar bat: CC edo beste edozein alderdi txikiren aldeko botoa ziurtatzea lortuko ez balu, PSOE-UP gobernu koalizioak ez luke aski izango ERCren abstentzioa ere. Formula hau hartu behar da gogoan: egiten ari garen batuketa horretan galdutako aldeko boto bakoitzeko, bi abstentzio gehiago beharko lituzke. Alegia, 169 diputatuko batuketa horretatik BNG kanpo geldituko balitz —adibidez—, orduan hamabost diputaturen abstentzioa beharko luke PSOE-UP akordioak, eta ez hamahirurena; BNGk eta CCk aldeko botoa emango ez balute, 167 lirateke, eta, beraz, hamazazpi abstentzio beharko lituzkete; eta abar.

Zeintzuk diren beste aukerak? Bada beste aukerarik? PP abstenitzea litzateke, berez, errazena Sanchezentzat; popularren abstentzioarekin, ziurtatua leukake gehiengo sinplez inbestitzea. Baina PPren kezka orain beste bat da: Vox gain-gainean dauka, eta ezkerreko gobernu «erradikal» bati onespena ematea garesti atera dakioke. Popularrek tentu handiz neurtuko dituzte beren urratsak hemendik aurrera; ikusteko dago zer norabide hartuko duten —zentrorako bide bat hasi nahi zutela esana zuten, baina Ciudadanosekin batera erori da eskuin-zentroko eremu hori—, eta ordu honetan haien abstentzioak ez du ematen lortzeko modukoa, beren botoak eskuin muturrerago ez alde egiteko beldurrez ibiliko baitira.

Beste aukerarik? Ciudadanosen (Cs) eta Navarra Sumaren (NS) abstentzioak lortzen saiatu liteke PSOE-UP koalizioa. Egoera politikoa desblokeatzeko argudioarekin, eta beste hauteskunde batzuetara aurkeztu behar izateko nekea saihesteko —Ciudadanosi ez zaio diru eta umore askorik geldituko beste kanpaina bati aurre egiteko momentu honetan—, gerta liteke. Baina bi horien abstentzioak batuta ere, hamabi diputatu ematen dituzte —hamar Cs-ek, bi NSk—, eta, beraz, beste norbaiten abstentzioa ere beharko lukete Sanchezek eta Iglesiasek gutxienez hamahiru abstentzioetara iristeko —gehiago behar ez badituzte—.

Aukera horrek badu beste aldagai bat. NSk gobernu koalizioaren aldeko botoa emango balu —udaberrian bere botoak eskaini zizkion Sanchezi, Nafarroako gobernuaren truke; orain zailagoa ematen du, baina jokaleku nahasi honetan ezin da (ia) ezer baztertu—, orduan batuketa 171 diputatura iritsiko litzateke, eta bederatzi diputaturen abstentzioa bakarrik beharko lukete Sanchezek eta Iglesiasek: alegia, Ciudadanosena.

Bestela, ez dira aukera asko gelditzen: Junts Per Catalunya eta CUP —zortzi eta bi diputatu, hurrenez hurren—, orain arte Sanchez inbestitzearen guztiz kontra agertu izan direnak, eta EH Bildu. Baina EH Bildu ez da abstentzioan geldituko Ciudadanosekin eta Navarra Sumarekin, absurdoa litzateke; koalizioak, gainera, ERCrekin modu koordinatuan joan nahiko du seguru asko, eta Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten alderdiekin jokabide bat adostu nahiko du. Ordu honetan, behintzat, pentsaezina da, adibidez, EH Bilduk Sanchez-Iglesiasi aldeko botoa ematea edo abstenitzea, ERC ez baldin bada akordioan sartzen.

ERC konbentzitu gabe —edo PPren abstentzioa zerutik erortzen ez bada; edo NS eta Cs ondo lotu ezean—, beraz, aukera makurrak edo oso zailak dauzka Sanchez-Iglesias gobernu koalizioak. Mila demoniozko negoziazio saio bati ekin dio Espainiak. Baina eskuin muturraren mehatxuak, batetik, eta hirugarren aldiz hauteskundeetara joateko beldurrak, bestetik, negoziazioak eta ulermenak bizkortzen lagun dezakete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna