Katalunia

Nazioarteko behatzaileek diote buruzagi subiranisten kontrako epaiak giza eskubideak urratu dituela

Clara Ponsati Generalitateko kontseilari ohia Eskozian entregatu da; berriz aktibatu dute bera atxilotzeko euroagindua.

Clara Ponsati eta bere abokatua, Aamer Anwar, Edinburgoko komisariara iristen, gaur goizean. ALAN SIMPSON / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 14a
13:56
Entzun

«Epaia kontzeptu tekniko-juridikoekin aztertzeko edozein saiakera alferrikakoa da; ziurrenik, Katalunian duten gatazkari eman beharreko konponbide politikoa ordezkatzeko asmoa duelako». Horrela amaitzen da International Trial Watch plataformak gaur goizen Madrilen aurkeztu duen txostena, zuzenbidean adituak diren hainbat eragilek sinatua. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiaren balorazio juridiko bat egin dute bertan, eta bederatzi eta hamahiru urte bitarteko zigorrek legea urratzen dutela ebatzi.

Banan-banan azaldu dituzte Espainiako Auzitegi Gorenak epai horretan hautsi dituen printzipioak eta eskubideak: legezkotasun penalaren printzipioa; askatasunerako eskubidea; adierazpen askatasuna; askatasun ideologikoa; bilkura baketsurako eskubidea; ordezkari diren kargu publikoen jarduera askatasuna; eta bidezko epaiketa bat izateko eskubidea.

Ponsati entregatu egin da

Gaur goizeko 12ak aldera, Edinburgon entregatu da Clara Ponsati, Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohia. Erresuma Batuak bera atxilotu eta herriratzeko euroagindua tramitatzea onartu duelako egin du; urriaren 1eko gertakariak direla eta, sedizio delitua leporatzen diote.

Aamer Anwar Ponsatiren abokatuak kontseilari ohia entregatu baino lehen azaldu duenez, Espainiak "estradizio prozesua gehiegikeriaz" erabiltzen du, eta gogorarazi du Eskozian ez dagoela sedizio deliturik. Sare sozialen bidez, defentsaren kostuak ordaintzeko crowdfounding kanpaina bat hasi du Ponsatik, eta eguerdirako bilduak zituen ia 50.000 euro.

Bestetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari ebazpena indargabetzeko eskatu diote Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak eta Dolors Bassa Kataluniako Lanbide kontseilari ohiak. Oraingoz, eurak dira epaia Europako Giza Eskubideen Auzitegira iristeko eman beharreko pauso guztiak egiten ari diren kondenatu bakarrak.

International Trial Watchen txosten osoa hemen irakur daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.