Erakusketa

Gaudiren alderik ezkutuena argitara eman du Aitor Ortiz argazkilariak

Antoni Gaudi arkitektoaren formei buruzko ikuspegirik "intimoena" aurkeztu du Aitor Ortiz argazkilariak. 120 argazkiz osatu du erakusketa, eta 2020ko otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Aitor Ortiz argazkilariak Gaudiren formei buruzko erakusketa bat osatu du. JUAN HERRERO / EFE
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 14a
17:54
Entzun

Familia Santua, Mila Etxea eta Guell Parkea. Antoni Gaudi arkitektoak (Reus, Herrialde Katalanak, 1850-Bartzelona, 1926) diseinaturiko eraikinetako hiru besterik ez dira. Urte ugari igaro dira diseinatu eta eraiki zirenetik; urte horiek pasatu izanagatik, baina, begirada eta argazkilari askoren jomuga izaten jarraitzen dute. Kasurako, Aitor Ortiz (Bilbo, 1971) argazkilariaren Inpresio intimoak erakusketaren mamia dira arkitektoak egin zituen lan horiek guztiak. Gaudiren lanei eginiko 120 argazkiz osatu du erakusketa, eta, argazkilariaren esanetan, erakusketak aurretiaz arkitektoaren obrari buruz eman gabeko ikuspegi bat biltzen du.

Konbentzimendu handirik gabeko proposamen bat izan zen proiektuaren abiapuntua. 2013. urtean, Frantziako editore baten eskari bat jaso zuen: Gaudiren eraikinei argazkiak atera eta beste lan batzuekin batera bilduma bat osatzeko. Hasiera batean, argazkilariak pentsatu zuen proposamena bere ibilbide profesionaletik aldentzen zela; izan ere, arkitekturaren argazkilaritza landu izan du, baina Gaudiren arkitektura ohituta zegoen bidetik urruntzen zela pentsatu zuen. Hala, eta aurretiaz espero gabe, Gaudiren diseinuei eta eraikinei buruzko lan hura onartu zuen; argazkilariaren esanetan, "Gaudiren obrarekiko sentsazio eta pertzepzio ez-orokortua" zuen, eta eraikuntzarik gabeko begirada garbi horri eusteko asmoz onetsi zuen proposamena.

Planteamendu horretatik abiatutako proiektu bat erronka pertsonal bihurtu zitzaion Ortizi: proposamena bertan behera gelditu zen, Ortizekin loturatik ez duten arrazoiak medio. Hala eta guztiz ere, Gaudiren ondareari buruzko lan bat egiteko asmoarekin jarraitu zuen. Gaur aurkeztu du, Donostiako Tabakalera zentroan, eta arratsaldean egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan. Erakusketa bi soila dituen areto batean dago ikusgai, eta Gaudiren ibilbide profesionalean zehar eginiko bidaia bat proposatzen du: identifikagarria, baina ezohiko begirada batetik eraikia.

Begiradarik intimoena

Argazkietan identifikatzen da Gaudiren nortasuna, baina batzuetan kosta egiten da jakitea zer eraikini dagokion pieza bakoitza. Ortizen helburuetako bat izan da hori: ez da izan bere asmoa argazkia ikusi orduko eraikina identifikatzea, baina ezta ezkutatzea ere. Argazkilariaren aburuz,  "hain da handia eta zabala Gaudiren obrarekiko egin den irudikapen eta errepresentazio guztia, berezitasuna eta zehaztasuna galdu baitu". Horregatik, arkitektoaren jardunean "sakondu" nahi izan du: ezkutukoak argira emanez, xehetasun txikienei fokua jartzen. "Gaudi anitz daude Gaudiren barnean", azpimarratu du.

Gaudiren obra berraurkitzea. Horixe da Ortizen xedea: "Arkitektoaren gaineko irudi eraikitik aldentzea". Horretarako, zuzeneko begiradaren inportantzia nabarmendu du argazkilariak, argazki horiek guztiak begirada propio eta pertsonaletik ikusteko. Zuri-beltzez aurkeztu ditu guztiak, ohi baino tamaina txikiago batean, eta aluminio gainean inprimatuta. Soiltasuna da nagusi erakusketa aretoan, Ortizen objektiboak harrapatutako xehetasun eta forma guztiak, argiarekin eta itzalarekin jolasean, bakar-bakarrik, alboan inolako azalpen eta informazio seinaleztapenik gabe: argazki bakoitza zein eraikini dagokion jakin gabe.

"Bitxia da historiako arkitekto fotografiatuena izanik haren obraren gaineko interpretazioak proportzionalki ugariak ez izatea", aitortu du argazkilariak. Bat dator Javier Gonzalez de Durana komisarioa ere. Azken horren hitzetan, Ortizen lengoaia profesionala alde batera utzi gabe egin du lan artistak. Gainera, "modu berri eta ezezagun" batean lan egin duela nabarmendu du komisarioak, "arkitektoaren gaineko topikoetan jausi gabe". Baina topikoetatik ihes eginda ere, Gaudiren esentzia biltzen duen erakusketa dela azaldu du: "Bai argazkilaria eta bai arkitektoa igar daitezke lan honetan".

Erakusketaren harira, izen berbera duen liburu bat ere egin dute: hilaren 21ean aurkeztuko dute. Bestelako jarduera anitz ere antolatu dituzte, horien artean; bisita gidatuak, tailerrak eta hitzaldiak. Erakusketa hiru hilabetez egongo da ikusgai, Gaudiren gaineko begiradarik intimoena ardatz.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.