Ingurumena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek Lurra bezalako 2,65 planeta behar dituzte baliabide naturalen eskaria asetzeko

Eusko Jaurlaritzak aztarna ekologikoaren inguruko txosten bat osatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle bakoitzak 4,32 hektarea globaleko eremua du kontsumo propiorako beharrizanak asetzeko. Jaurlaritzak proposamen batzuk egin ditu egoera gainditzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen aztarna ekologikoan laborantzak du eragin handiena. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko azaroaren 14a
19:51
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen aztarna ekologikoaren gaineko txosten bat ondu du Eusko Jaurlaritzak. Jakinarazi duenez, bertako biztanleen kontsumoa handiagoa da Lurreko ekosistemek birsortzeko duten ahalmena baino. Ondorioz, Lurra ebzalako 2,65 planeta beharko lirateke egungo baliabide naturalen eskaria ase ahal izateko. Izan ere, Lurreko biztanle bakoitzak 1,62 hektarea globaleko eremua du kontsumo propiorako beharrizanak asetzeko; Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, ordea, 4,32 hektarea globalekoa da kopurua.

Aztarna ekologikoa parametro bat da, adierazten duena ea gizakien kontsumoa bateragarria den Lurrak baliabideak sortzeko duen ahalmen ekologikoarekin. Funtsean, kalkulatzen du zenbatekoa den gizakiek naturan duten eragin zuzena. Horretarako erabiltzen den indizea, berriz, hektarea globaleko eremua da.

Iñaki Arriola Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailburuak azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energiaren kontsumoak sortzen du aztarna ekologiko handiena: hain zuzen ere, erdia baino gehiago. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, laborantzak %17 osatzen du, arrantzak %14, basoek %10, larreek %6 eta azpiegiturek %1. Ingurumen sailburuak, ordea, nabarmendu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak Europako batezbestekoa baino «apalagoak» direla. «Hala ere, Euskadik, inguruko beste herrialdeek bezalaxe, ez du kontsumo eredu jasangarririk», gaineratu du.

Hobetzeko proposamenak

Arriolaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aztarna ekologikoa %7 jaitsi da 2001. urteaz geroztik. Hala ere, gehitu du Europako Batasuneko aztarna ekologikoak «izugarri» egin duela gora. Egoera hori gogoan, zenbait proposamen egin ditu aztarna hori murriztu ahal izateko; besteak beste, gaineratu du «azkartu» egin behar dela karbono gutxiko ekonomiaren prozesua, eta ekoizpen zein kontsumo sistema «eraginkorragoak» ezarri. «Horretarako, birsortzaileak diren zikloak egin daitezke; horrek bide emango luke lehengaien eta energiaren kopurua murrizteko, eta ekoizpen prozesuetan hondakin gutxiago sortzeko», berretsi du sailburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.