Txile

Txileko Gobernuak eta oposizioak konstituzio berrirako plebiszitua adostu dute

Herritarrek 2020ko apirilean erabakiko dute konstituzio berria nahi duten, eta, hala izatekotan, nola eratuko duten hura idazteko batzordea. 22 pertsona hil dituzte azken hilabeteko protesta bortitzetan.

Karabineroak manifestariei oldartu zitzaizkien Catrillancaren hilketaren urteurreneko protestetan, atzo, Santiagon. ALBERTO VALDéS/ EFE
Andoni Imaz.
2019ko azaroaren 16a
07:11
Entzun

Txilek urrats garrantzitsua egin du Augusto Pinocheten diktadurako konstituzioa atzean uzteko, gobernuak eta oposizioak formalki adostu baitute konstituzio berri bat aukeratzeko plebiszitua egitea. Herrialdea azken hamarkadetako krisi politiko eta sozialik larrienetako batean dago egun. Greba orokorra egin zuten asteartean, eta erantzun zabala izan zuen; istilu larriak egon ziren gero. 22 pertsona hil dira protestetan, eta 2.000 baino gehiago zauritu. Azkenean, egoerari irtenbide bat emateko asmoz, Jaime Quintana Senatuko presidenteak adierazi du galdeketa egingo dutela 2020ko apirilean. Egungo konstituzioa 1980. urtekoa da, diktadura garaikoa.

Plebiszituan bi galdera egingo dituzte: lehenengoan, txiletarrek erabaki beharko dute konstituzio berri bat nahi duten —inkesten arabera, %80k nahi dute hori—; bigarrenean, konstituzio berri hori sortzeko mekanismoa hautatu beharko dute. Bi aukera daude horretarako ere: "batzar mistoa" eta "batzar konstituzionala". Hau da, konstituzioa idazteko ardura izango duen batzar hori ordezkari politikoz eta kide berriz osatuta egongo den pareko kopuruan, ala soilik lan horretarako aukeratutako kide berriek idatziko duten.

Batzar horretako kideak, egitura bata zein bestea izan, 2020ko urriko hauteskundeetan aukeratuko dituzte, eskualde eta udal hauteskundeekin batera. Konstituzioa idazten dutenean —bederatzi hilabeteko epea izango dute—, beste plebiszitu bat egingo dute hura berresteko, eta botoa derrigorrezkoa izango da han. Hutsetik idatziko dute, eta ez du 1980koa izango oinarrian; Batasun Demokrata Independentea alderdi eskuindarrak eskatzen zuen egungotik abiatzea.

Txileko Gobernuak eta oposizioak goizaldean adostu duten akordioari Bakerako eta Konstituzio berrirako ituna izena jarri diote. Haien esanetan, herrialdeko egungo "krisi sozial eta politiko larriari" eta "herritarren mobilizazioei" erantzun diete. Astearteko istiluen ondoren, Sebastian Piñera presidenteak batasunerako deia egin zuen, eta egunotako negoziazioaren ondorioa da atzo aurkeztu zuten ituna. "Historikoa da: konstituzio %100 demokratikoa aurkeztu dugu", ospatu du Quintanak.

Mobilizazio handiak

Azken hilabeteko mobilizazioak baretzeko helburua du akordioak. Urriaren 18an hasi ziren protestak, metroko txartelaren prezioa igo zutelako, laugarrenez hilabete gutxian. Orduan, salbuespen egoera ezarri zuen Piñerak, eta astebeteren buruan kendu zuen. Presidenteak bere gobernuko zortzi ministro aldatu zituen, eta "agenda sozial" bat aurkeztu zuen, giroa lasaitu nahian, baina mobilizazioek ez zuten etenik izan atzo arte. Karabineroen eta armadaren aurkako ehunka salaketa egin dituzte, giza eskubideak urratzeagatik. Herrialdeko egoera ekonomiak okerrera egin du gatazkaren ondorioz, eta Txileko pesoa balio galtzen ari da etengabe; azken hilabetean %12 txikitu da balioa, %1,6 atzo bertan.

Gainera, iaz, atzoko egunez, Txileko Poliziak Camilo Catrillanca gazte maputxea hil zuen, Araucanian egindako operazio batean, bizkarrean tiro eginda. Karabineroen buruaren dimisioa ekarri zuen horrek, eta Piñerak erreforma bat egin zuen segurtasun indarretan. Atzoko mobilizazioetan, Catrillanca gogoan izan zuten manifestariek. Cooperativa Irratiari eginiko adierazpenetan, bakea eta segurtasuna eskatu ditu Marcelo Catrillancak, hildakoaren aitak: "Jendeari kontuz eta lasaitasunez manifestatzeko eskatu nahiko nioke; protestetan hildakoren bat balego, gure semearen hilketa berriz bizitzea bezala litzateke".

Bestalde, zeresana eman du Mon Laferte abeslariak Grammy Latinoen sari banaketa ekitaldian eginiko protesta ekintzak. Artistak Txilerentzat justizia eskatu du, eta babestu egin ditu bere herrialdean protestan ari direnak. Musika alternatibo diskorik onenaren saria jaso du Las Vegasen egindako ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.