Komunikazioa

Goienak eta ‘Urumeako Kronika’-k irabazi dituzte Tokikom sariak

Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goiena telebistaren ‘Debagoiena eraldatzen’ saioak jaso du.

Tokikom sariko irabazleak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 15a
17:59
Entzun

Gipuzkoako Goiena taldea eta Urumeako Kronika egunkaria izan dira garaile nagusiak Tokikom sarietan. Azalik onenaren saria Goienaren Puntua aldizkariarentzat izan da; Antropozenoa izeneko azalagatik eman diote saria —epaimahaiak azalaren diseinu «minimalista» eta «arriskatua» nabarmendu du, oso osagai sinple gutxirekin mezu «hunkigarria» ematen duena—. Edukirik onenaren saria Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren —nahiz eta Donostiako Udalarena izan, Goizuetako lurretan dago— hustuketa ardatz hartuta, egunkariak erreportaje «eredugarria» landu duela esan du epaimahaiak, «lehen eskuko informazio ugari eta kazetaritza molde ezberdinak uztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz». Urumeako Kronika-k Gipuzkoako Hernaniko eta Astigarragako eta Nafarroako Aranoko eta Goizuetako albisteak ematen ditu egunero —doan banatzen dute—.

Ikus-entzunezkorik onenaren saria, berriz, Goienatelebistak jaso du, Debagoiena eraldatzen bideo sortagatik. Bideo horietan, gizartean dauden hainbat arazori eta aldaketari egin die aurre Goienak, tokiko perspektibatik abiatuta. Epaimahaiaren arabera, errealizazio aldetik apustu «berritzaileak» eta «ausartak» egin ditu Debagoieneko telebistak.

Aipamen bereziak
Kazetaritza sariak laugarren urtez eman dituzte. Basauriko (Bizkaia) Ibaigane kultur etxean egin dute ekitaldia, eta epaimahaia hauek osatu dute: Tania Arriaga Azkarate, Edorta Arana Arrieta eta Amaia Pavon Arrizabalaga. Aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmendu dute, eta esan dute maila hobetzen ari dela urtez urte.

Hiru sari nagusiez gain, epaimahaiak bi aipamen berezi egin ditu: batetik, Hiruka aldizkariaren (Uribe Kosta, Bizkaia) Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina? argazki erreportajeari. «Argazki erreportaje eder horretan oso argi geratzen da irudiak soilik erabilita posible dela istorio osoak osatzea», adierazi du epaimahaiak. Eta, bestetik, Anboto astekariaren (Durangaldea, Bizkaia) Martxoak 31 azala. «Irudi soil batek mezu indartsu eta hunkigarria ematen du. Irati Egurenek egindako irudiak indar handia du, eta aldizkariaren erabaki egokia da irudia azalean jartzea».

Sariak banatzeko ekitaldia albiste faltsuen eta zurrumurruen inguruan hausnartzeko baliatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.