Athletic

'Financial Times'-ek Athleticen filosofiari buruzko erreportaje zabala argitaratu du

Murad Ahmed kazetariak Iñaki Willilams jokalariarekin, Gaizka Garitano entrenatzailearekin, Aitor Elizegi presidentearekin, Rafa Alkorta Kirol zuzendariarekin eta Jose Angel Iribar eta Eli Ibarra jokalari ohiekin hitz egin du, taldearen berezitasunei buruz.

Iñaki Williams Athleticeko aurrelaria, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko azaroaren 15a
13:24
Entzun

"Bere burua tokiko jokalariak fitxatzera mugatzen duen Europako goi mailako futbol talde bakarra da", idatzi du Ahmedek, Financial Times egunkari britainiarrean. Kazetaria Bilbon izan da, Athleticen talde filosofia bertatik bertara ezagutzeko. Erresuma Batuko irakurleei azaldu die Euskal Herrian jaiotakoek edota hazitakoek joka dezaketela Athleticen, eta "mende bat baino gehiagoz" indarrean egon den arau horri eustea erronka handia dela gaur egun nagusi den futbol ereduan. "Kirol modernoa formula irabazle bat aurkitzeko zientziarekin eta estatistikekin obsesionatuta dagoen honetan, Athletic bakarri ageri da, bestelako erantzun bat ematen. Fedeak gidatzen du logikak baino gehiago".

Ahmedek argitu du Athleticen filosofiak ez duela zerikusirik arrazakeriarekin, "taldearen identitatea mantentzeko diseinatuta" dagoela baizik. Horren adierazle aipatu du Iñaki Williams aurrelariaren kasua, duela bost urte Athleticeko lehen jokalari beltza bihurtu zena. "121 urteko erakunde baten alde modernoa, berak sinbolizatzen du mundua aldatu dela, eta taldearen oinarriak ez direla aldatuko".

Williamsek berak Financial Timesen erreportajean azaldu du berarentzat Athleticen jokatzea zer den. "Gu Euskal Herrikoak gara. Eskualde txiki bat da, baina onenen kontra ari gara lehiatzen eta pentsatzen dut harro egoteko modukoa dela".

Beste talde batean diru gehiago irabazteko aukera izango luke Williamsek, kazetariaren esanetan. Aipatu du Liverpool, Manchester United eta Real Madrilek interesa agertu dutela harekiko, baina Williamsek bederatzi urterako kontratua sinatu duela Athleticekin. "Ohore bat da Europan horren ondo ari diren talde handiekin lotu izana. Horrek esan nahi du zerbait ondo egiten ari naizela, baina ni egon nahi dudan tokian nago". Ahmedek ziurtatu du Athleticentzat "funtsezkoa" dela Williamsen gisako jokalariak taldean jarraitzea.

Taldeek geroz eta diru gehiago dute fitxaketetarako, eta horrek zaildu egiten dio Athletici jokalariei eustea. Hala ere, Ahmeden esanetan, Athletic sinistuta dago bere filosofiak "abantaila" ematen diola gainontzeko taldeen aurrean. Ideia horrekin bat dator Williams bera. "Behetik gora, dena ongi egiten ari gara eta beste taldeek ezin dute hori erosi".

Taldearekiko atxikimenduaren garrantzia nabarmendu du Rafa Alkorta Kirol zuzendariak. "Gure metodologia beste edozein talderen berbera da gutxi gorabehera. Teknikoki edo estrategikoki ez dugu ezer magikoa asmatu. Hori baino gehiago da. Taldea maitatu behar duzu. %100ean sinistu behar duzu". Alkortaren ustez, tokiko identitatearen indarra da beste faktore garrantzitsu bat. "Jokalarien mentalitateak eta bihotzak neurketa asko irabazten dituzte urtero".

Ahmeden iritziz, taldearekiko loturaren "mezuak eragina du". Williamsen kasuaz gain, Iker Munianena jarri du adibide. Azaldu du hamarkada bat baino gehiago daramala taldean, hainbat eskaintza jaso dituen arren. Aurreko urtean, salmenta klausularik gabeko kontratua sinatu zuela kontatu du, eta gauza bera egin zutela beste hainbat jokalarik ere: Raul Garciak, Ibai Gomezek, Oskar de Markosek eta Mikel Balentziagak. Gogorarazi du Joseba Etxeberria jokalari ohia are urrunago joan zela, eta bere azken urteko soldata Athletic Fundazioari eman ziola, taldean 15 urtez jokatu eta gero.

"Nire ibilbidearen amaieran Iribar bezala izan nahi dut", adierazi dio Williamsek Financial Timesi. "Uste dut hemen gauden guztiok zerbaiten parte sentitzen garela. Sentitzen dugu horrek zentzu garrantzitsu bat ematen digula eta inork ez dio beste inori goitik behera begiratzen. Hau famili bat da. Iruditzen zait jarraitzaileak ere ohartzen direla hau familia bat dela, anai-arrebak bezala borrokatzen dugulako".

Egunkari britainiarraren erreportajean, tarte bat egin diote Iribarrek eta Kortabarriak ikurriña Atotxako zelaira atera zuten uneari, Athleticen emakumezko futbol taldeari buruz mintzatu dira Eli Ibarra jokalari ohiarekin eta Gaizka Garitano entrenatzailearen hitzak bildu dituzte Lezaman.

Kazetariak ondorio gisa adierazi duenez, "euskal herritarren taldea, euskal herritarrekin eta euskal herritarrentzako mantra erakargarria da. Jokalariak konbentzitzen ditu futbola joko bat baino zerbait gehiago dela. Williamsen nahiak talde aberatsagoen eskaintzak baztertzera bideratzen ditu. Horren ordez, arrakasta bilatzen du bere gurasoak hartu zituen eskualdean, bere talentua garatu duen taldearentzako eta senide gisa ikusten dituen taldekideentzako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.