Lau beka jarriko dituzte hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Berdintzen programa jarri du martxan

jarraia173807.jpg
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 15a
12:47
Entzun

Hizkuntza eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak sustatzeko, Berdintzen programa jarri du abian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Ikertzaileek hamabi hilabeteko epea izango dute lanak osatzeko, baina oraindik ez dute zehaztu ikerketa gauzatzeko epe muga. Proiektuak 60.000 euroko aurrekontua izango du. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi duenez, generoak hizkuntza portaeran eragina duela esaten dute datuek, eta aldagai «esanguratsua» da.

Lau beka jarriko dira martxan, eta bertan, euskarari eta generoari lotutako gai ezberdinak jorratuko dira. Hauek izango dira, zehazki, landuko diren gaiak eta ikerketak: hizkuntza gutxituaren biziberritzeko prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edota metodologiko demolinguistikoa; generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritzeko prozesuei buruzko ikerketa aplikatua; generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edota diskurtso azterketak eremu ezberdinetan: hezkuntzan, lan munduan, aisialdian...; eta, azkenik, hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten rolari buruzko ikerketa lanak.

Dobaranek azaldu duenez, euskararen bueltako ikerketen alorrean genero ikuspegia txertatzea da proiektu horren helburua: «Genero Berdintasunaren Planaren baitan, gogoeta eta ikerketa sustatu nahi ditugu. Gure asmoa da pausoak ematea ikerketan sakontzeko». Horrez gain, emakumezkoen papera euskara biziberritzeko prozesuan «oso garrantzitsua» izan dela ziurtatu du, eta hori ere ikertu nahi dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.